Eusko Jaurlaritzak 22,8 milioi euro jarriko ditu Astigarragan DBHko zentro bat eraikitzeko

Astigarragako Udalak propio utzitako lur zatian eraikiko dute zentroa, Mendiaundi-Anibarren. Lanek bi urte iraungo dute.

Astigarragako DBHko zentroa izango denaren maketa. BERRIA
Astigarragako DBHko zentroa izango denaren maketa. BERRIA
Miren Mujika Telleria.
2026ko ekainaren 23a
14:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Astigarragako gazteek beste udalerri batzuetara joan behar izaten dute Lehen Hezkuntza amaitutakoan, herrian ez baitago DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zentrorik. Herriko DBH Orain plataformak hamaika aldiz hartu ditu kaleak, DBHko zentro baten eskean. Hain zuzen ere, eskaera horri erantzun berri dio Eusko Jaurlaritzak, gaur jakinarazi baitu 22,8 milioi euro jarriko dituela Astigarragak DBHko institutua eraikitzeko. Udalak propio utzitako lur zatian eraikiko dute zentroa, Mendiaundi-Anibarren. Lanek 24 hilabete iraungo dute.

«Beste urrats bat egin dugu Astigarragako etorkizuneko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutu publikoa sortzeko bidean», azaldu du Eusko Jaurlaritzak hedabideei igorritako ohar batean. «Azpiegitura berri horrek herriko egungo eta etorkizuneko hezkuntza premiei erantzuteko aukera emango du». Jaularitzak dio Astigarragak hazkunde demografiko handia izan duela azken urteotan, eta iruditzen zaio herri horrek bazuela halako zentro baten premia.

Orain hilabete, DBH Orain plataformak zentroaren lanen atzerapena salatu zuen, eta Jaurlaritzak azaldu du ikastetxea eraikiko duten lursailak «konplexutasun tekniko berezia» duela, hala duen maldagatik nola lurzoruaren ezaugarriengatik. «Horrek jarduketaren plangintza espezifikoa egitea eskatu du, bai lur mugimenduei dagokienez eta baita zimendatzeari eta proiektua kokalekura egokitzeari dagokienez ere».

Jaurlaritzak aurreratu du zentroak hamasei unitate izango dituela, bai eta berariazko gelak, gimnasioa, jangela, eremu osagarriak eta ikasleei kalitatezko hezkuntza eskaintzeko beharrezko bestelako instalazio batzuk ere. Batxilergoko sei gela eta eremu espezializatuak gehitzeko aukera ere aurreikusten dute. «Proiektuak etorkizuneko ikuspegia du, eta udalerriaren bilakaera demografiko eta hezitzailera egokitzeko gaitasuna bermatu nahi dugu hala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA