Gaintxurizketako Euskotren geltokitik hamabost minututik behin pasatzen da trena; geldialdiak, baina, 30 minuturo egiten ditu, hala Hendaiako nola Donostiako noranzkoan. Hori dela eta, Lezoko Udalak Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko sailburuari gutun bidez eskatu dio trenak hamabost minutuko maiztasunarekin geldi daitezela geltoki horretan. «Bertan trena hartu edo bertara trenez iritsi nahi dutenek ez dute Euskotrenen zerbitzu osoa erabiltzeko aukerarik», esan du Mikel Arruti Lezoko alkateak. Jaso du Susana GarcĂa Txueka sailburuaren erantzuna, eta ezezkoa dio, trena ez dela hamabost minututik behin geldituko Gaintxurizketako geltokian. Arrutik azaldu du sailburuak ez duela «argudiaketa teknikorik» erabili erantzuna emateko garaian.Â
Azken hilabeteotan herriko mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko lanetan aritu da Lezoko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia lagun, hango bizilagunek eta inguruko enpresetako langileek garraio publikoa «modu seguruan» erabili ahal izan dezaten. Alkatearen irudiko, Euskotreneko trena hartzeko egungo maiztasuna «oztopo» bat da helburu hori lortzeko bidean: «Tren geltokitik dagoeneko pasatzen diren tren guztiek geldialdia egingo balute, maiztasuna hamabost minutura jaitsita, herritarrek garraio publikoa erabiltzeko aukera handiagoa izango luketa, eta hortaz, baita mugikortasun jasangarria sustatzekoa ere; hori denontzat da onuragarria»
Arrutik jakinarazi du ez diola gai horri izkin egingo, eta Mugikortasun Jasangarriaren Sailarekin «biltzen eta eztabaidatzen» jarraituko duela aurrerantzean: «Instituzio arteko elkarlanarekin egoera hobetzeko asmoa dut».Â