Gipuzkoako Foru Aldundiak 150 milioi euro jarriko ditu Andoaingo auto pilaketak arintzeko proiektuan

Auto ilara luzeak sortu ohi dira A-15 eta N-1 errepideek bat egiten duten gunean, Andoainen. Gipuzkoako Foru Aldundiak han pilatzen den trafikoa arintzeko proiektu bat aurkeztu berri du. Andoain Errespetatu herritar taldea ez dago planarekin konforme.

Oria ibaiaren eta N-1 errepidearen gainetik igaroko den begizta itxurako errepide baten irudia. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Oria ibaiaren eta N-1 errepidearen gainetik igaroko den begizta itxurako errepide baten irudia. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Miren Mujika Telleria.
2026ko ekainaren 17a
17:43
Entzun 00:00:00 00:00:00

A-15 eta N-1 errepideek bat egiten dute Andoainen (Gipuzkoa), Bazkardo inguruan, eta ohikoa da egunero ibilgailuen —asko kamioiak dira— ilarak izatea bi errepide horiek bat egiten duten lekuan. Ibilgailuak Astigarraga aldetik iristen dira bertara, A-15 errepidetik, eta N-1 errepidea hartu nahi izaten dute. Bi lerroko errepidea lerro bakarrekoa bihurtzen da, eta, gainera, gaur egungo lotunean bat egiten dute norabide bera hartu nahi duten beste bide batzuek. Gipuzkoako Foru Aldundiak lotune baten bidez askatu nahi du gune horretan sortzen den errepideen eta ibilgailuen korapiloa, eta aurkeztu berri du egin asmo duen proiektua. Hura eraikitzeko lanak urtea amaitu baino lehen esleitzea aurreikusten dute; 57 milioi euroko aurrekontua jarri dute. Eraikuntza lanek 18 hilabeteko epea izango dute.

Aldundiak aurkeztu duena begizta itxurako errepide bat da, bi lerrokoa: Atorrasagastiko tunelaren irteeratik hasi, 700 metroko zubibide baten bitartez Oria ibaiaren eta N-1 errepidearen gainetik igaro, eta bukaeran N-1 errepidearekin bat egingo luke. Lotune berriak bi lerroei eutsiko lieke, eta ibilgailuek zuzenean jarraituko lukete A-15etik N-1era. 

«Errepide horrek irtenbidea emango dio Gipuzkoako korapilo nagusietako bati; Bazkardoko eguneroko auto ilarak konpontzeko modua emango du»

IRUNE BERASALUZE Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea

Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, egunero 70.000 ibilgailu igarotzen dira tarte horretatik. A-15 errepidearen Astigarraga eta Andoain arteko zatian 37.000 ibilgailu ibiltzen dira batez beste egunero. Egitasmo berriaren bidez, trafikoa arindu nahi dute, eta 18.500 ibilgailu inguru kendu Astigarragatik hegoalderantz doan bidetik. Irune Berasaluze foru bozeramaileak dio proiektuaren helburua Bazkardoko eta inguruko auzoetako herritarren bizi kalitatea hobetzea dela. «Errepide horrek irtenbidea emango dio Gipuzkoako korapilo nagusietako bati, bai eta Bazkardoko eguneroko auto ilarak konpontzeko modua eman ere. Horrek ingurumen kalitatea hobetzea ere ekarriko du».

Nolanahi ere, begizta itxurako errepidea foru erakundeak planteatu duen proiektu bat baino ez da. Horrez gainera, Mimendi auzo paretik igarotzen den errepidearen zati bat —240 metro inguru— estali nahi dute, errepideak etxebizitzetan sortzen duen zarata arintzeko asmoz. Foru erakundeak hedabideei igorritako irudietan parke bat, atsedenerako zenbait gune eta bidegorri bat ageri dira estalkiaren azalean, baina Andoaingo Udalarekin batera zehaztu beharko dute han zer eraiki. Aldundiak dio «irekita» dagoela Andoaingo Udalaren proposamenak aditzeko. 

(ID_17816986577345) (/EZEZAGUNA)
Mimendi auzo paretik igarotzen den errepidean egin nahi duten estalkia. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

N-1 errepidearekiko paraleloa izango den bide bat ere eraiki nahi dute, Sapa enpresaren parean. Aldundiaren ustez, bide horrek Andoaingo barne mugimenduak erraztuko ditu, ibilgailuak errepide nagusitik bidaliko baititu. Begizta itxurako errepidearen ondoan egongo den biribilgune batetik sartu ahal izango da bide horretara. Biribilgune berri horrek hiru adar izango ditu: ibilgailuak errepide nagusitik bidaliko dituen bidea Andoaingo erdigunerako sarbide —N-1 errepidearen azpitik— eta N-1 errepiderako sarrera bat, Tolosarako bidean. Errepidearen beste aldean, Txistokin, beste irteera bat egiteko asmoa dute, Donostiarako norabidean.

Iruñera joateko N-1 errepidetik ateratzen diren ibilgailuen eta Sorabillatik N-1 errepidera sartzen direnen arteko korapiloa arintzeko, berriz, A-15erako «bide independente bat» egitea planteatu du foru aldundiak. Hortaz, Sorabillatik datozen ibilgailuak N-1 errepidearen eta A-15eko bide independentea izango denaren artean agertuko dira, eta han erabaki beharko dute zein norabide hartu.

«Iragarkietatik proiektuetara»

Andoaingo Udal Gobernu Taldearen irudiko, errepide berriaren proiektuak «zirkulazioaren arazoari erantzuten dio, baina esku hartze partziala» da, eta ez die erantzuten udalerriko arazoei. Hortaz, aldundiari eskatu diote Andoaingo herritarrak kontuan har ditzala. «Andoaingo Udalak modu aktiboan lan egin du urte hauetan guztietan, parte hartzeko guneak bultzatuz, herritarrak entzunez eta bere jarrera dagokien erakundeei helaraziz. Udalak sustatutako sozializazio prozesu zabal batean ia 3.000 andoaindarrek parte hartu zuten, eta emaitza argia izan zen: parte hartzaileen %93,7 begizta itxurako bidearen aurka agertu ziren, eta udalerriko arazoa modu orokorragoan lantzen zuten alternatiben alde egin zuten.

«Andoainek benetako konponbideak behar ditu. Bada garaia iragarkiak utzi eta proiektuei ekiteko, eta promesak utzi eta konpromisoei heltzeko»

ANDOAINGO UDAL GOBERNU TALDEA

Emaitza hori kontuan hartuta, Udalbatzak 2025eko urriaren 30ean Andoain Errespetatu herritar plataformak egindako mozioa onartu zuen, Bazkardoko lotunearen irtenbidea berriz aztertzea eta Andoaingo herritarrek adierazitako gehiengoaren borondatea kontuan hartzea eskatzen zuena. «Udalak leialtasunez jokatu du herritarren aurrean; herritarrek adierazitako borondatea defendatu du, eta aldundiarekin elkarrizketa guneak ireki ditu». 

Udal Gobernuak dio Andoainek «benetako konponbideak, konpromiso zehatzak eta N-1aren etorkizunari buruzko ziurtasunak» behar dituela. «Bada garaia iragarkiak utzi eta proiektuei ekiteko, eta promesak utzi eta konpromisoei heltzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE