«Lazoari ez» dioten pankarta asko eta asko ikus daitezke Andoaingo balkoietan zintzilik. Izan ere, hainbat bizilagun ez daude konforme Gipuzkoako Foru Aldundiak Andoainen auto ilararik izan ez dadin proposatu duen lotunearekin. Hain zuzen ere, horregatik sortu zuten Andoain Errespetatu herri plataforma. Hango kide da Andoni Etxezarreta arkitektoa, eta, haren ustez, proiektu horrek egungo ilarak arindu ditzakeen arren, ez du arazoa konponduko.
Gaur egun nola dago errepidea Andoainen?
Begira: Andoainen dago Europako bi errepide nagusiren arteko lotura, Istanbuldik Portora eta Eskoziatik Algecirasera doazen errepideen artekoa: E-05 eta E-80 errepideak dira horiek. Horren eraginez, Andoainen, Bazkardotik Sorabilara, hiru kilometroko tartean, egunean 71.000 eta 73.000 ibilgailu inguru pilatzen dira. Horien %20 kamioiak dira.
Eta horrek zertan eragiten die Andoaingo herritarrei?
Eragin zuzen-zuzena du andoaindarren bizitzan, hala zarata aldetik dituen ondorioengatik nola kutsadura aldetik. Errepidean izaten den zarata bizilagun askok jasan behar dute eguneko 24 orduetan. Ikastolari ere eragiten dio. Pentsa: orain pare bat urte pantaila bat jarri zuten ikasgeletan, baina egun ikastolak jasaten duen zarata mailak legeak ezarritakoa gainditzen du. Ikastolaren ondoan herriko kirol eremu nagusia daukagu, eta, errepidearen ondoan dagoenez, zarataren eta kutsaduraren eraginpean dago.
2011n egin zen herriko plan orokorra, eta dokumentu horrek herri eredu bat proposatzen du. Bi esku hartze nagusitan oinarritzen da: bata da A-15 errepidea Buruntzaldera igotzea Ama Kandida kalea libre utzita, eta bestea, N-1 errepidea Belkoain aldera lekualdatzea egungo N-1 errepidearen trazaketa libre utziz.
Aipatu duzun lehen aukera egina dago, ezta?
Bai. A-15 errepidea egina dago, eta Ama Kandida kalea liberatu zuten; orain ari gara ikusten eraldaketa: Ziako erreka azaleratu da, lehenengo zoru industrial abandonatuak zirenak berreskuratu dira, eta etxebizitzak egiten ari dira. Hortaz, uste dugu gauza bera egin beharko litzatekeela beste ardatzarekin, baina horretarako beharrezkoa da trafikoa lekualdatzea.
Nola?
Guk zera planteatzen dugu, Astigarraga-Hernani-Urnieta errepidearen ereduari jarraituz, egungo auto pilaketari irtenbide bat ematea, herriko plangintza urbanistikoaren oinarria baita. Ez dugu soluzio partikular eta partzialik nahi, eta hori egin du aldundiak. Ulertzen dugu diputazioak trafiko pilaketa horri konponbidea eman nahi izatea, baina andoaindarrok uste dugu gure herriak ez duela hori behar.
Eta aldundiak planteatutakoa gauzatuz gero, zer?
Auto pilaketak arinduko ditu gehienez, baina herriari ez dio mesederik egingo. Ibilgailuek gure herrian jarraituko dute atzera eta aurrera, eta ikastolak eta kiroldegiak gaur egun jasaten dituzten ondorioak jasan beharko dituzte.
«Lazoari ez». Horixe diote Andoaingo hainbat balkoietan zintzilik dauden pankartek. Lotune hori ez bada, zer proposatzen duzue zuek?
2011tik mahai gainean dagoen saihesbidea. N-1 errepidean ilarak izaten diren bakoitzean, herriko errepideak kolapsatzen dira, eta aldundiak planteatu duen lotune horrekin ez da arazoa konponduko. Lazoak gaur egungo trazaketa betikotuko du. Ez gara esaten ari autobide berri bat egin behar dela, esaten ari gara gaur egun trafiko bolumen izugarria duen puntu bati irtenbide bat eman behar zaiola, eta ez dugu uste lazoarekin konponduko denik. Nolanahi ere, arazo hau ez da Andoaingoa soilik, Europako arazo bat da, eta ezin dugu pentsatu dimentsio horretako arazo baten konponbidea foru aldundiak bakarrik jarriko duenik.
Lotune horretaz gainera, Mimendi paretik pasatzen den errepidearen gainean 250 metroko estalki bat egiteko asmotan da foru aldundia. Zer diozue horretaz?
Bai, beste jarduera batzuk ere aurkeztu ditu, baina horien atzean ez dago inolako proiektu teknikorik. Irudiak besterik ez dira, eta estimazio ekonomiko bat, besterik ez. Gu ez gara hasiko aldundiak planteatu dituen adabaki txiki horiek baloratzen; guk konponbide orokor bat nahi dugu. Hala eta guztiz ere, 250 metroko estalki horri dagokionez, uste dugu arazoa hiru kilometrokoa dela, eta ez 250 metrokoa. Noski, estalki horrekin apaldu egin nahi dute azken hilabeteotan balkoietan pankartak jarri dituzten bizilagunen kexak, baina arazoak herri guztiari eragiten dio.