Bi hilabete dira kasik Uber Gipuzkoan ibilgailu gidaridunen (IG) garraio zerbitzua ematen hasi zela, Bizkaiko Foru Aldundiaren baimenarekin. Halere, baimen horrek berak dio hiriburua abiapuntu edo helmuga duten ibilbideak egiteko zerbitzuak soilik eman ditzakeela, eta ez herri barrukoak. Aldundiak hauteman du Uber zerbitzua ematen ari dela Donostia barruan, bai eta Gipuzkoako beste hamar udalerritan ere, hala nola Errenterian, Hernanin, Astigarragan, Oiartzunen, Hondarribian, Irunen, Usurbilen, Lasarte-Orian, Lezon eta Pasaian. Donostiako Udalak ere identifikatu ditu arau hauste horiek, baina esan du Uberri Gipuzkoan aritzeko baimena eman zion erakundeari dagokiola halakoak zigortzea, alegia, Bizkaiko Aldundiari.
Azahara Dominguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako foru diputatua Batzar Nagusietan izan zen atzo, berak hala eskatuta, eta esan zuen zigorrak ez dituela zertan Bizkaiko Aldundiak ezarri, udalak ere baduela horretarako ahalmena. «Udaltzainek ere ibilgailu horien jarduera kontrolatu eta zigortu dezakete ez dagozkien zerbitzuak ematen badituzte». Are, esan zuen bere departamentua arduratuko zela udaltzainak prestatzeaz. «Lagun diezaiekegu segurtasun juridiko osoz jarduten zerbitzu irregularrak detektatzen badituzte».