Gipuzkoako Foru Aldundiak atzera egin du bere asmoetan, eta Hondarribia eta Donostia lotuko dituen autobus zerbitzua moldatuko du. Bizilagunen erreguei erantzuten dio neurri horrek, baita Bidasoako EH Bilduren eskakizunari ere. Urriaren 1ean sartuko da linea indarrean, gaur iragarri dituzten aldaketak barne.
Hain justu, Lurraldebuseko BI02 linean iragarri ditu aldaketak Gipuzkoako Foru Aldundiak —E21 izena izan du linea horrek orain arte—. Hondarribitik Donostiara zuzeneko autobusa eskaintzen du linea horrek, autobide bidez, eta ikasle eta langile ugarik erabiltzen dute. Orain arte, 07:15etan ateratzen zen lehen autobusa Hondarribitik, eta 20:00etan azkena. 45 minututik behin ateratzen ziren. Aldaketak etorriko dira orain.
Ostegunetik aurrera, orduro aterako dira autobus horiek, baina lehenago hasiko dira. Lehen autobusa 05:30ean aterako da, bigarrena 6:30ean, eta hurrengo zerbitzua 07:15etan izango da —bi autobus jarriko dituzte ordu horretan—. Ondoren, 08:15etan beste autobus bat egongo da, 08:45etan beste bat, eta beste bat 09:15etan, «lanagatik eta ikasketengatik Donostiara joaten diren pertsonak garaiz irits daitezen». 10:30etik 21:30era autobusen maiztasuna ordubetekoa izango da berriro, eta azken autobusa 22:40etan izango da.
Beste noranzkoan, bost autobus egongo dira Donostiatik Hondarribira zuzenean joateko: 13:10etan, 14:10etan, 15:10etan, 16:10etan eta 22:10etan. «Egin asmo berria iragarri zenetik, iradokizun eta ekarpen ugari jaso ditugu, eta arin ari gara lanean erabiltzaileen beharrei erantzuteko, Lurraldebuseko gainerako lineekin egin dugun bezala», adierazi du Azahara Dominguez Mugikortasun foru diputatuak.
Bestalde, Igor Enparan Hondarribiko alkateak esan du Hondarribiko Udalarentzat «funtsezkoa» dela zerbitzu berria bizilagunen beharretara egokitzea, eta eskerrak eman dizkio diputatuari, «ordutegietan egokitzapenak egiteko eta aurrerantzean ere zerbitzua hobetzen jarraitzeko erakutsi duen konpromisoagatik».