Elkarrizketa

Mikel Markez: «Helduok jakin behar dugu zer egiten duten gazteek; bestela, zer herri klase da hau?»

Mikel Markez abeslariak tradiziotzat dauka kantuen hitzak idatzi eta horiei ahotsa eta doinua jartzea. Alaba Estik ere musikaren bidea hartu du, eta sarritan kantatzen dute elkarrekin. Ongi ulertzen dute elkar oholtzan, aski baitute begirada batekin.

(ID_13719077) (/EZEZAGUNA) (;)
Mikel Markez abeslaria, herenegun, Pasaian. IMANOL SAIZ
Pasaia
2024ko martxoaren 22a
05:00
Entzun

Orain lau urte argitaratu zuen azken diskoa Mikel Markez abeslariak (Errenteria, 1971). Gehiegi aurreratzerik ez badu ere, badauka lan bat esku artean. 30 bat urte daramatza musika munduan, eta, dioenez, asko aldatu da musika bizitzeko modua ordutik hona. Euskaraz kantatzen duten talde asko sortzen ari dira egun, eta horrexek pozten du Markez.

2020an kaleratu zenuen azken diskoa, Esti Markez alabarekin. Baduzu proiektu pertsonalik esku artean?

Ari naiz, bai. Oraintxe bertan, guk esaten dugun bezala, lokomotorrari ikatza botatzen ari natzaio. Hortxe nabil. Ez dut gehiegi aurreratuko; esango dut bertsolaritzaren inguruko lan bat izango dela, doinu berriekin eta nire sorkuntzatik egindakoa, baina ez dut gehiegi aurreratu nahi. Gauza hauek misterioa eta indarra galtzen omen dute aurreratuz gero. Baina horixe, uste dut hamar hilabete barru prest izango dudala. Ez dut Durangoko Azokarako egingo, ez dut presaka ibili nahi, eta beranduxeago kaleratu nahi dut. Hemendik urtebete ingurura izango dela esan dezaket, uda baino lehen. Horretan gabiltza buru-belarri. Ordura arte emanaldiren bat edo beste egingo dut alabarekin, izango ditugu agerraldi publikoak. Baina proiektu berri batekin eta herriz herri, 2025ean hasiko naiz berriro.

Zer esanahi du zuretzat Esti alabak zeure bide berbera hartu izanak?

Plazer bat, zalantzarik gabe. Pentsa: ni gaztea nintzela, 16-17 urterekin, ikusten nituen kantariak eta esaten nuen neurekiko: «Zeinen gauza ederra den herriz herri zure bizipenak edo zure gizartearen interpretazioari buruz kantatzen ibiltzea, zein modu polita den munduan egoteko». Orduan, nik hautatu nuen niretzako hori, eta niretzat hautatu banuen, zer gauza politagorik alabak mundu honetan egoteko modu berbera hautatzea baino? Kantatzea, kantuentzako hitzak idaztea… Alabak ere hortik jo du. Gure tradizioa, guk jaso duguna, tradizio bat da, zeinetan hitzak, esaten dugun horrek, baduen garrantzia handia. Eta alaba horretan ikustea ederra da. Harro nago.

Zer moduz moldatzen zarete oholtzan elkarrekin?

Erraza da alabarekin aritzea. Egia esan, pronostiko guztien kontra, primeran moldatzen gara. Ez da erraza harreman klase hori, ni aita naiz eta beti izango naiz aita. Eta hura beti izango da alaba. Badaude muga batzuk, eta denok ditugu gure egoak eta gure gauzatxoak. Baina egia da guretzat, behintzat, eta hark ere hala sentitzen duela uste dut, erraza izan dela. Bizitza guztia daramagu elkarrekin kantatzen, txikitatik aritu gara elkarrekin kantuan: etxean, bidaietan… Beti aritu gara kantuan ordu luzez, elkarrekin. Denetik egin eta probatu dugu. Oso entrenatuta gentozen, entsegu asko izan baititugu aspalditik. Garai batean esaten zen, adibidez, Ondarroako Argoitia anai-arrebak [Andoni eta Irune] afinatuta jaio zirela. Hortik ere pixka bat egongo da gurean; bat-batean ateratzen dira gauzak. Kantuan gaudela, badakigu noiz moztu behar dugun arnasa, adibidez; begirada batekin nahikoa izaten da gehienetan.

«Berdin zait zein estilotan ateratzen den gazte bat musika egitera; inporta zaidan gauza bakarra da euskaraz egin dezala»

Zu ere oso gazte murgildu zinen musikan, 15 urterekin hasi zinen konposatzen. Nola sartu zinen kantautoreen munduan?

Orereta ikastolako ikasle izan nintzen. Musika ziklo bat egin zuten bertan, eta zorte ikaragarria izan genuen, Antton Valverde, Amaia Zubiria, Txomin Artola edo Xabier Lete bezalako musikariak etorri zirelako gurera jotzera. Orduan irudikatzen dut lehendabiziko lilura hori. Guregandik bost metrora genituela ikusten genituen; haien jarrerak, haien tematikak... Ikaragarria izan zen. 14-15 urte nituen orduan, guk ere pil-pilean genituen hormonak, gure lehen existentzialismo krisiak bizi izan genituen, lehen maitemintzeak… Orduan ikusi nuen musikari haiek interesatzen zitzaizkidan gauzei buruz aritzen zirela. Lilura bat kokatzen dut garai horretan. Haurra nintzela, amonaren etxean, single txikiak entzuten genituen; Ez Dok Amairurenak, besteak beste. Banuen aurretik halakoak entzuteko joera bat, baina ikastolako saio haietan piztu zitzaidan, bereziki.

Euskal rock erradikala puri-purian zegoen garai batean erabaki zenuen kantautore izatea. Zergatik?

1988an eman nuen lehen kontzertua, baina esango nuke 1990eko hamarkadako kantaria naizela. Hamarkada hartan rock erradikalaren ondorengo garai bat bezala etorri zen. Aurreko hamarkadan dena zen destroy: krisi ekonomikoa, heroina… Egoera hartan sortu ziren talde asko, gazteengan ez zegoelako itxaropen handirik. Baina gure belaunaldiak pixka bat buelta eman zion horri, eta ordurako ez zen hain destroy. Aurretik punkiek arnegatzen ziren kantautoreen lanez, baina guk ez genuen etsi, berriz heldu genion horri. Kuriosoa zen, gainera, primeran gogoratzen dut hori. Nire ondoren oholtza batean askotan jotzen zuten, esaterako, Sorotan Belek edo Su Ta Garrek. Eta publikoa bera zen kontzertuetan: gustatzen zitzaizkien Su Ta Gar eta Mikel Markez.

Nola gogoratzen duzu garai hura?

Hamarkada oso kuriosoa izan zen. Estetikoki oso-oso desberdinak ziren proiektuak konbinatzen genituen. Nire estilotik oso urrun zeudenekin partekatu izan dut oholtza, eta zientoka kilometro egin ditut garai hartako talde askorekin. Emanaldi asko egin nituen, nolabait, nire estilotik kanpo zegoen jendearekin. Talde haietatik ere edan nuen asko. Eskorbutoren diskoak buruz dakizkit, Iron Maidenen guztiak entzun ditut, eta baita Su Ta Garrenak ere. Esan nahi dudana da oso irekia zela gure belaunaldia. Silvio Rodriguez entzuten genuen, eta baita Motörhead ere. Musika klasikoa ere entzuten genuen; gaztetan askotan joaten ginen orkestra sinfonikoa ikustera. Abaniko musikal izugarria zen gurea.

(ID_17109559435385) (/EZEZAGUNA)
Mikel Markez abeslaria gazterik hasi zen kantuan. Askotariko taldeen abestiak aditzen zituen, eta askotarikoak ziren hark kantatzen zituenak ere. Toki askotan kantatu du; oholtzetan eta oholtzetatik kanpo. Irudian, Markez, 17 urterekin, Parisko metroan kantari. HITZA
30 urte luzeko ibilbidea duzu musikan. Zer eman dizu musikak ibilbide luze honetan?

Pertsonalki, esango nuke urgentzia galdu dudala. Lehen, nahi nuen dena berehala egin; ematen zuen mundua bukatzen zela. Normala da, gaztea zarenean pentsatzen baituzu dena egin behar duzula istantean. Orain, ordea, lasaiago nago alde horretatik, lasai hartzen ditut gauzak, arnasa luzeagoarekin hartzen ditut proiektuak, eta meditazio handiago batekin.

Hasi zinenetik gaurdaino, musika egiteko eta kontsumitzeko moduak asko aldatu dira?

Gaur egun oso erraza da zerbait sortzea eta kaleratzea, baina, agian, lehen baino zailagoa da zeure burua ezagutaraztea. Lehen, zentsura zegoen, eta Franco bizi zenean abesti batengatik kartzelara eramaten zintuzten. Baina orain zentsurak beste mota batekoak dira. Ez bazara hemendik pasatzen, edo ez baduzu hau egiten, zaila duzu. Algoritmo famatu hori, jaungoikoa bezalakoa dena gaur egun. Algoritmo horrek ez zaitu kontuan hartzen, eta zaila duzu mundu honetan txoko bat egitea.

«Nire estilotik oso urrun zeudenekin partekatu izan dut oholtza, eta talde pila batekin zientoka kilometro egin ditut»

Ez da gauza anonimo bat, algoritmoa gorbatadun gizon zisheterosexual dirudun bat izango da, ofizina batean. Horren menpe gaude gehiago. Eta gero, lehen zure askatasun apurra zen disko-denda batera joatea eta han baldatan zeuden diskoak arakatu eta hautatzea. Eta gaur egun zure askatasun aukera bakarra da algoritmotik ateratzea, eta inongo aurreiritzirik gabe saiatzea bilatzen zure bidea. Bestela, ez duzu askatasunik izango, bakarrik entzungo duzu haiek nahi dutena, ikusiko duzu haiek nahi dutena, jango duzu haiek nahi dutena… Zain baldin bazaude, bilatzeko jarrerarik gabe, ez zara sekula aske izango.

Gero eta estilo gehiago lantzen dira euskaraz; gazteek, bereziki. Nola ikusten duzu egungo panorama musikala?

1990eko hamarkadatik hona munduan egiten diren ia estilo guztiak landu dira euskaraz, eta hori ospatzekoa da. Norbait berria agertzen denean musikan, eta, adibidez, trapa euskaraz egiten duelako kexatzen denean jendea, honakoa pentsatzen dut nik: «Batetik, hori esaten duena zahartzen ari da [barrez], eta, bestetik, ez du ulertzen, gure hizkuntzak aurrera egingo badu, izango da garai berrietara moldatzen delako, beste modurik ez dago». Azkenean niri berdin-berdin zait zein estilotan ateratzen den gure herriko gazte bat musika egitera; niri inporta zaidan gauza bakarra da euskaraz egin dezala. Hori da bidea.

Zentzu horretan, askok esaten dute gaur egungo gazteek ez dakitela nor den Mikel Laboa, baina nire adineko zenbat jendek daki zein den Eire edo Bengo? Has gaitezen nire adineko jendeari galdezka eta ikusiko genuke nola dagoen panorama. Gazteek ez dituzte erreferentzia helduak, baina guk helduok ere ez dugu gazteen erreferentziarik. Lehen bagenituen. Nire garaian, orain dela 30 urte, adibidez, denek zekiten nor zen La Polla Records edo Hertzainak. 60 urtekoek, 50 urtekoek zein 20 urtekoek. Orain ez da gauza berbera gertatzen. Guk ere, helduok, jakin behar dugu zer egiten duten gazteek; bestela, zer herri klase da hau?

Beraz, modu batera ala bestera, harrobia dago.

Noski. Ez dakit datuak zeintzuk diren, baina Durangoko Azokako urteroko eskaintza ikusiz gero, ikus daiteke urtebetean berrehun proposamen berri atera direla, euskara hutsean, edo euskarak garrantzi handia duela lan horietan. Horrek adierazten du herri txiki baina osasuntsu bat garela.

MOTZEAN

Kantautore bat? Euskaraz, Xabier Lete, eta gaztelaniaz, Silvio Rodriguez.

Talde bat? Exkixu, haren garai hartan eduki genuen xamurtasunagatik.

Abesti bat? Ken Zazpiren Itsasoa gara. Abesti inspiratu bat dela iruditzen zait. Gauza asko laburbiltzen ditu. Negar egin dugu, baina negar horiei esker itsasoa gara.

Disko bat? Mike Oldfielden Tubular Bells

Zeuk emandako kontzertu bat? Milioi bat daude, baina Ibarrako gaztetxean 1990eko hamarkadaren bukaeran egindako bat. Gauza magikoa izan zen. Hasieran, giroa ez zegoen alde, eta ederra izan zen azkenean.

Agertoki bat? Eibarko Koliseoa. Publikoa gainean dago, eta ez du behar ia-ia anplifikaziorik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.