Lehen trenak igaro dira jada Donostiako Topo berriko pasabidetik

Hasi dituzte lehen probak trenekin, egiaztatzeko ea ibilbide osoan behar bezala ibiltzen diren. Gabonak baino lehen espero dute zerbitzua abiaraztea. Aurreikusten dute trenen maiztasuna 7,5 minutura jaitsiko da Añorga eta Pasaia arteko tarte osoan.

Tren bat Donostiako topoaren pasabide berritik igarotzen, gaur. IREKIA
Tren bat Donostiako topoaren pasabide berritik igarotzen, gaur. IREKIA
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko irailaren 11
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hasi dira trenak Donostiako Topo berriko pasabidetik zeharkatzen. Gaur egin ditu Euskotrenek lehen probak trenekin, eta arrakastatsuak izan direla adierazi du Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailak. Sail hori izan da pasabidea topoaren beharretara egokitzeko lanez arduratu dena, zehazki sail horretako Euskal Trenbide Sarea izeneko erakundea. Jakinarazi dutenez, trenak Lugaritzetik abiatu dira, eta Amarako lurpeko geltokira iritsi, Benta Berri eta Kontxa-Erdialdea zeharkatuz. Guztira 4,2 kilometroko bidea.

Proba horien helburua izan da trenak ibilbide osoan behar bezala ibiltzen diren egiaztatzea: bai bihurguneetan, zuzenguneetan, tuneletan... Azaldu dute proba ezberdinak egin dituztela, pisu gehiagoko eta gutxiagoko trenekin. Ibilbideko edozein objekturekiko trenak distantzia nahikoa mantentzen duen ala ez jakiteko izan dira ere proba horiek.

«Euskotreneko makinistak tarte berrian trebatzen hasi aurreko funtsezko urratsa da gaurkoa», adierazi du Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak. Erantsi du «urrats bat gertuago» daudela tarte berria zerbitzuan jartzetik: «Gabonak baino lehen Gipuzkoako ekialdetik mendebalderako linea jarraitu bat izango dugu, zerbitzu gehiago eta hobeak eskaintzea ahalbidetuko duena»

Zerbitzuaren hobekuntzak nabarmenak izango direla esan du Mugikortasun Sailak. Oharrean adierazitakoaren arabera, pasabide berriak Amarako geltokiko zokogunea desagerraraziko du, hiru geltoki berri jarriko dira eta maiztasuna 7,5 minutura jaitsiko da Añorga eta Pasaia arteko tarte osoan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA