Donostiako hondartzetako sorosleek salatu dute materiala falta zaiela eta instalazioetan higiene falta dagoela. Esaterako, Mikel Ianzi Zurriolako sorosleen arduradunak esan du «samingarria» dela euren lanari garrantzirik ez ematea. Ianzi 2010etik dabil sorospen zerbitzuan lanean.
Ikusi gehiago
Donostiako sorosleak urteetan ari dira lan baldintzen alde borrokan. Ianzik kontatu du 2017an hasi zirela antolatzen lan kontratuak hobetze aldera: «Sorosle batek 1.000 euro baino gutxiago irabazten zituen, ez zegoen aldizkako finko izateko aukera, eta subrogaziorik ere ez genuen. Gainera, hondartza bakoitzean arduradun bakarra zegoen». 2018ko abuztuan greba egin zuten aldarri horiei jarraikiz, eta salatu zuten materialak hobekuntzak behar zituela.
2019an, BPXSport enpresak hartu zuen Donostiako hondartzak kudeatzeko eskumena, eta hasiera-hasieratik harremana desegokia izan zela kontatu du Zurriolako sorosleen arduradunak: «Ekarritako ontziek ez zuten beharrezkoa den titulua, eta geldirik izan genituen. Halere, ondo zeudela zioten, baina itsas kapitaintzak arrazoia guri eman zigun».

Akordio bat sinatuta bukatu zuten 2018an abiatutako greba, nahiz eta «ez ziren bermatu» eskatutako baldintzak, Ianzik dioenez. Izan ere, sorosleak esan du herrialdeko udalek lan kontratuen hobekuntzak onartu zituztela, baina ez Donostiakoak. Ondorioz, pandemia garaian kaleratzeak izan ziren hiriburuko hondartzetako taldean: «Enpresarekin izandako liskarrengatik lau langile kaleratu gintuzten. Auzitara jo, eta epaiketak irabazi egin genituen». Ianzik azaldu duenez, geroztik, aldizkako finkoeta subrogazioa «bete beharreko baldintzak» dira. Iaz lan hitzarmen berri bat lortu zuten.
Sorosleek hainbat aldarri
Aurten Donostiako hondartzen kudeaketaz NEO Instalaciones Deportivas SM enpresa arduratuko da. Aldaketak ondorio batzuk ekarri dituela aitortu du Ianzik: «Ekainaren 1ean oraindik lan egutegirik gabe geunden, eta ez genuen ontzirik [bi uretako motor eta quad bat falta dira]. Hondartzen koordinatzaileak esan zigun zerbitzua ohiko moduan emateko, baina ez nuen horren ardura hartu nahi izan, ez baitzegoen nahikoa baldintza». Hortaz, Ianzik Zurriolan bandera gorria jarriz hasi zuen udako denboraldia. Gainera, salatu dute megafoniak ez zuela funtzionatzen, baita botika kutxa eta instalazioak iazko urritik desinfektatu gabe zeudela ere. Horregatik, Zurriola hondartzaren erdialdean jarri ziren sorosle guztiak, eta abisua pasatu zioten koordinatzaileari.
«Hondartzen koordinatzaileak esan zigun zerbitzua ohiko moduan emateko, baina ez nuen horren ardura hartu nahi izan, ez baitzegoen nahikoa baldintza»
MIKEL IANZIDonostiako Zurriola hondartzako sorosleen arduraduna
Ekainaren 1ean, Mikel Ianzik sorosleen izenean idatzi bat bidali zion hondartzen kudeaketaz arduratzen den enpresako koordinatzaileari, «egoera azaltzeko» eta «udaleko norbaiten kontaktua» eskatzeko. Ez du erantzunik jaso. «Zerbitzu profesional bat eskaini nahi dugu, baina zaila da eskura ditugun baldintzekin. Jokoan dago jendearen segurtasuna; lehenengoak gara norbaitek laguntza behar badu hura artatzen, eta lehenengoak pertsona horrek beharko dituen ondorengo zerbitzuak kudeatzen», esan du Zurriolako arduradunak. «Garrantzia eman behar zaio sorosleen lanari».