Urtarrilaren 24tik maiatzaren 9ra bitartean izango da aurtengo txotx garaia, eta Hernaniko Udalak iragarri du larunbatetan Hernanira joan asmo duten autobus pribatuek tokia erreserbatu beharko dutela bidaiariak utzi eta jasotzeko, bai eta aparkatzeko ere. Horretarako, «eremu kontrolatu bat» egokitu du udalak Ibaiondo industrialdean, hirurogei autobus pribaturi zerbitzua emateko modukoa. «Autobusek guztiz debekatua izango dute Ibaiondo industrialdean egokitutako eremutik kanpo geratzea, aparkatzea eta zirkulatzea». Erreserba egin daiteke dagoeneko, udalaren webgunean. 60 eta 100 euro bitartekoak dira erreserba egiteko tarifak.
Hernaniko Udalak hedabideei igorritako ohar batean azaldu du txotx garaia «ekitaldi jendetsu» bihurtzen hasi zela orain hamar bat urte, eta horrek eragina izan duela eremu publikoen kudeaketan eta herriko bizikidetzan. «Hernaniar askok zailtasunak izaten dituzte txotx garaian eguneroko bizimodua normal egiteko». Hortaz, erdigunean izaten den mugimendua antolatzeko eta bertakoek «espazio publikoa berreskuratzeko» asmoz ezarri dute neurria, bai eta «garapen jasangarria bultzatzeko» ere.
Udalak aplikatzear duen neurria hilaren 24an sartuko da indarrean, baina lehen hiru larunbatetan —urtarrilaren 24an, 31n eta otsailaren 7an— doakoa izango da aparkatzea, nahiz eta nahitaezkoa izan aurrez erreserba egitea.