Zaldibiako Udalbatzak herriko eskola garraioa bermatu dezala eskatu dio Eusko Jaurlaritzari

Hezkuntza Sailak eskola garraioko zerbitzua kenduko die datorren ikasturtetik aurrera Ordiziako Oianguren ikastetxeko DBHko 3. eta 4. mailan egongo diren Zaldibiako ikasleei, herritik ikastetxera lau kilometro baino gutxiago daudelako.

Ordiziako Oianguren ikastetxea. BERRIA
Ordiziako Oianguren ikastetxea. BERRIA
Miren Mujika Telleria.
2026ko uztailaren 7a
10:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zaldibiako hainbat gazte Ordiziako Oianguren ikastetxera joaten dira Lehen Hezkuntza amaitutakoan, herrian ez baitute DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zentrorik. Orain arte autobusez egin dute herritik instituturako bidea, baina zuzendaritzak irailetik aurrera DBHko 3. eta 4. mailan izango diren ikasleen familiei zera jakinarazi die, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez diela eskola garraioko zerbitzurik eskainiko datorren ikasturtetik aurrera. Herrigunetik ikastetxera lau kilometro baino gutxiago daudelako hartu dute erabakia. Zaldibiako Udalbatzaren eta guraso elkartearen haserrea piztu du neurri horrek.

Udalbatzaren irudiko, Hezkuntza Sailak ez du kontuan hartu erabaki horrek zer-nolako eragina izango duen Zaldibiako gazteen eta familien egunerokoan, aukera berdintasunean, hezkuntzarako eskubidean, jasangarritasunean eta landa eremuen garapenean. «Neurri hori mantenduko balitz, irailetik aurrera egunero institutura joan-etorria egiteko bide zail, kaltegarri eta arriskutsua izango dute Zaldibiako berrogeitik gora ikaslek. Familien auto pribatuen menpe ibili beharko dute, inoiz gerta liteke garraio publikoan ez kabitzea edo autoentzat egindako errepidean oinez edo bizikletaz ibili behar izatea. Argi eta garbi, irtenbide desegoki eta kaltegarriak dira guztiak».

Horrenbestez, Udalbatzak zera eskatu dio Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari: erabakia berraztertu dezala, elkarrizketarako bide bat ireki dezala inplikatutako gazteen familiekin, «bidezkoagoa, seguruagoa eta koherenteagoa izango den konponbide bat» bilatzeko. «Beharko balitz, Zaldibiako Udala prest dago bitartekaritza lanak egiteko edo konponbide baten alde lan egiteko. Izan ere, aldebakarreko erabaki ulertezin eta zerbitzu publikoen murrizketa hori ikusirik, Zaldibiako ikasleek eta haien familiek Jaurlaritzaren erabakiarekiko desadostasuna agertu dute. Uste dugu Hezkuntza Sailaren betebeharra dela haurrei eskola garraioa jartzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA