Zaldunbordako auzian auditoria independente bat eskatu du Hondarribiko Udalak

Merkataritza gunea egin nahi zutenek ia 14 milioi euroko kalte ordaina eskatu diote oraingo alkatetzari, aurrekoak egindako «akatsengatik».

Abotsanitzeko kideak, Zaldunbordako eremuan egindako prentsaurreko batean, 2020an. Orduan oposizioan zegoen Abotsanitz. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Abotsanitzeko kideak, Zaldunbordako eremuan egindako prentsaurreko batean, 2020an. Orduan oposizioan zegoen Abotsanitz. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko urtarrilaren 23a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kontraerasora jo du Hondarribiko Udalak, bere buruaren eta «herritar guztien» defentsa egiteko. «Auditoria fiskal eta komertzial independente bat» eskatu du Zaldunbordako proiektuaren sustatzaileen salaketa aztertzeko. Haiek merkataritza gune handi bat egin nahi zuten Jaizkibel mendiaren mangalean, baina, azkenean, egitasmoak ez zuen aurrera egin. Hori dela eta, 13,7 milioi euroko demanda bat aurkeztu zuten oraingo udalaren aurka epaitegietan. Bada, orain, alkatetzak auditoria bat eskatzeko urratsa egin du, salaketa horri aurre egiteko.

2020an EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen hiri antolamenduko plan orokorra (HAPO) eta, horrekin batera, Zaldunbordako egitasmoa. Atzean zeuden enpresen esanetan, galerak izan dituzte horregatik, aurretik eremu hura egokitzeko egin zituzten lan eta inbertsioengatik. Orduko udalak egindako «akatsengatik» —egitasmoa behin-behinean eten behar izan zuen—kalte ordaina jasotzea dagokiela uste dute.

Proiektua bultzatu zenean EAJ zegoen udalean. Iazko azaroan jakin zen egitasmoa bultzatu zuten enpresek auzitara jo dutela kalte ordain eske. Gaur egun Abotsanitz dago agintean, EH Bildurekin batera. Demandaren berri jaso zutenean, Igor Enparan oraingo alkateak ohartarazi zuen epaitegiek hori onartzea kolpe handia izango litzatekeela udalaren finantzetarako. Sustatzaileei leporatu zien «herritarren kontura aberastu» nahi izatea, eta aurreko alkatetzaren «arduragabekeria» salatu zuen.

«Interes gatazkak» argitzeko

«Defentsa judizialari» begira, udalak adierazi du auditoria bat egitea «beharrezkoa» dela, «diru publikoa babesteko eta herritarrei bermeak emateko».

Azterketa horren bidez demanda aurkeztu duten enpresek argudiatutako «kontzeptu ekonomikoen errealitatea eta trazabilitatea» egiaztatu nahi ditu udalak, eta argitu proiektu horren atzean aurreko alkatetzekin loturiko «interes gatazkarik» bat ote dagoen.

Udalak ez du zehaztu zer enpresak egingo duen auditoria, baina «prozedura» abian dela jakinarazi du. Hala ere, adierazi du ez duela ezer aurreratuko azterketa amaitu arte, «babes judiziala eta alde guztien eskubideak errespetatzeko». Ondoren «gardentasun osoz» jokatuko duela hitzeman du, eta txostenaren ondorioak herritarrei jakinaraziko dizkiela.

Zaldunbordako merkataritza gunearen proiektuak hautsak harrotu zituen eskualdean. Talde ekologistak eta saltoki txiki asko hasieratik azaldu ziren kontra. Eta udalean ordezkaritza zuten taldeen artean soilik EAJk babestu zuen. Eusko Legebiltzarrak ere eskatu zion udalari proiektua bertan behera uzteko, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere esan zuen proiektua ez zuela gustuko. Irungo Udalak ere aho batez kritikatu zuen.

Proiektu erraldoia zen. Urtean bost milioi bisitari izatea espero zuten. 100.000 metro koadrori eragiten zien —«hamabi futbol zelai adina»—; horietatik, 29.000 metro koadro hartuko zituen merkataritza guneak, eta ehun denda baino gehiago, dozenaka ostatu eta gasolina zerbitzugune handi bat izan behar zituen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.