Ofiziala da. Arratsaldeko bostak aitzin erregistratu dute herriko bozetako bigarren itzulian Baionako ezkerra batuko duen zerrenda hiriko suprefeturan. Ziurtagiria eskuetan zutela agertu dira aliantza aurkezteko deitua zuten agerraldira. Igandetik elkarrizketan aritu ondotik, astearte goiz honetarako lortu dute akordioa Jean Claude Iriarten eta Henri Etxetoren zerrendek. 'Elkarrekin Baionarentzat' izena hartuko du zerrenda berriak, eta Iriart izanen da zerrendaburua. «Entzun dugu baionarrek eman diguten mezua: aldaketaren aldeko bozka orri bakarra izanen da igandean», adierazi du.
Lehen itzulian Jean Rene Etxegarai gailendu zen Lapurdiko hiriburuan, bozen %42,11 bilduta. Gibeletik lehena Iriart (EH Bai) izan zen, ezkerraren batasunaren zerrendaren gidaria (%21,99), eta hirugarren, Etxeto PS Frantziako Alderdi Sozialistako kidea, PCFkoekin batera egindako zerrendaren buru (%21,37). Eskuin muturrak bozen %10,7 lortu zituen, eta Sandra Pereira intsumisoak, %4 eskas.
«2014an eta 2020an, ezkerraren zatiketak ekarri zuen eskuinaren garaipena; igandetik, erantzukizunez jokatzea erabaki dugu. Bateratze mezua helarazi digute baionarrek; aldaketa espero dute, eta aldaketa izanen da»
HENRI ETXETO Elkarrekin Baionarentzat
Igandetik lo gutxi egin dute Iriarten eta Etxetoren taldeetako kideek, baina ilusioa nabaria zen neke aurpegien gainetik. «2014an eta 2020an, ezkerraren zatiketak ekarri zuen eskuinaren garaipena; igandetik, erantzukizunez jokatzea erabaki dugu», erran du Etxetok. «Bateratze mezua helarazi digute baionarrek; aldaketa espero dute, eta aldaketa izanen da». Gaur-gaurkoz, Frantzia Intsumisoak ez du ezkerreko batasunaren aldeko bozka eskaerarik egin, baina «eskuina eta eskuin muturra garaitzera» deitu du prentsari bidalitako agiri batean.
Parekidetasunaren printzipioa atxikiz osatu dute ezkerreko bi zerrenden arteko elkartzea. Iriarten ondotik, zerrenda bakoitzeko bina kide txandakatu dituzte. Haatik, ez dute zehaztu irabaziz gero nola banatuko dituzten karguak: «Oraingoz ez da hori inportanteena». Kazetariek galdetuta, EH Baiko kideak ez du ukatu bi hautagaitzen artean desadostasunak egon daitezkeela, baina lehen itzulirako antolatu zuten ezkerreko batasuna jarri du eredutzat: «Helburua ez da diferentziak ezabatzea. Bakoitzaren errespetuan eraiki dugu batasuna». Baina nabarmendu du bi programak irakurrita adostasunak dituztela politika sozialetan, irakaskuntzan, etxebizitzan eta auzoetako politikan.
«Gure programan aski zehazki esplikatzen genuen euskararen aldeko plan zabal bat sortzea; Etxetoren aldetik ez ziren xehetasunetan sartzen. Baina mintzatu garelarik, ez da problemarik izan. Xeheki esplikatu ditugun proposamenekin bat egiten zuten, eta ez dugu negoziatzerik izan»
JEAN CLAUDE IRIART Elkarrekin Baionarentzat
Hizkuntza politika ere izan du hizpide Iriartek. «Gure programan aski zehazki esplikatzen genuen euskararen aldeko plan zabal bat sortzea; Etxetoren aldetik ez ziren xehetasunetan sartzen. Baina mintzatu garelarik, ez da problemarik izan. Xeheki esplikatu ditugun proposamenekin bat egiten zuten, eta ez dugu negoziatzerik izan». Elkargoari buruz ere, lortutako akordioa izanen dute iparrorratz. «Badira zailtasunak eta kritikak gobernantzari buruz. Hautetsiek hurbiltasun handiagoa eskatzen dute erabakietan; aitzinkontuaren gidaritza ere berrikusi beharko litzateke. Funtsean, herrian egiten ditugun kritiken antzekoak egiten dizkiogu Etxegarairi elkargoan», adierazi du Etxetok. Irabaziko balute, Baionako auzapezak eta axuantek ez dute elkargoko exekutiboan kargurik hartuko.
Ezinezko batasuna
Azken urteetan, behin baino gehiagotan izan da hizpide Baionako ezkerreko indarren batasuna, baina ez dute sekula kausitu. Azken bi hauteskundeetan hiru bloketan aurkeztu dira lehen itzulian, eta bigarrenerako ez dute elkartzerik lortu.
2014ko herriko bozetan, zerrenda ezkertiar eta abertzaleak aurkeztea izan zen EH Bairen apustua. Baionan, etiketa abertzalea baztertu, eta Baiona 2014 proiektua sortu zuten ezkerreko abertzaleek bultzatuta, abertzaleak ez ziren ezkertiar batzuengana zabalduz desmartxa. Bigarren itzulirako, Ezkerreko Frontearekin batu zen Iriart buru zuen zerrenda, Etxetoren aitzinean alternatiba proposatuta. Urte hartan, 26 boto falta izan zitzaizkion PSko hautagaiari Etxegarai gailentzeko.
2020an, ekologistekin elkartu ziren ezkerreko abertzaleak, eta BBE Baiona Berde eta Elkarkidea zerrenda osatu zuten. Mathieu Berge sozialistak Bihar Baiona zerrenda herritarra osatu zuen beste figura batzuekin, eta Etxeto ere lehian sartu zen. Bigarren itzulirako denak batzeko prest ziren, baina EH Baik uko egin zion Etxeto buru zuen aliantzari. BBE lehiatik erretiratu zen, eta Bihar Baiona eta Etxeto batu ziren.
Lehen itzulitik ezkerreko batasuna proposatzea izan da aurtengo estrategia ezkerreko abertzaleentzat, NFP Fronte Popular Berriaren logikan, eta arrakastatsua izan da. Ezkerreko lehen indarra izan baita Iriart buru zuen hautagaitza. Bigarren itzulirako konfigurazio berri honetan, intsumisoen babesa ere lor lezake.