Artetik bizitzea eta artea biziaraztea: hori permititzen die artistei Frantziako Estatuak, artisten intermitentziaren erregimenaren bidez. Artistei, eta baita teknikariei ere, izan dantzari, antzezle, musikari, argi teknikari, soinu teknikari... Pasioa izateaz gain, lanbide ere bilakatzen ahal da haien diziplina, urtean 507 lan oren egitearen truk.
Baldintzak konplikatuak badira ere, funtsean, erregimena lortzeko, artista batek hamabi hilabetez 507 ordu sartu behar ditu, hots 43 bat kontratu, guti gorabehera. Hala, soldatadun bilakatu eta beste edozein langilek bezalako eskubideak lortzen dituzte. Errate baterako, erretreta lortzeko dretxoa dute horri esker, eta kontraturik gabeko garaietan langabeziaren segurantza kutxatik konpentsatzeko aukera ematen die.
90 urteko bidea du artisten intermitentzia erregimenak. 1936an, Frantziako Estatuak beste nehon existitzen ez den estatus hori sortu zuen, garai hartan anitz garatzen ari baitzen zinemaren industria eta teknikariak atzeman ezinez ari baitziren. Horrela, teknikariei lan egonkorra eta babesa bermatzeko sortu zuten, lan baldintza duinagoak ukan zitzaten, teknikariak erakartzeko asmoz. Lehen denbora batean, zinemako teknikariek baizik ez zuten estatusa erreusitu ahal izan; baina berantago, 1969tik landa, artista sorta zabalago bati ireki zitzaion babesa.
Balditzapean
Musikari eta kantari bat, dantzari bat eta argi teknikari bat. Hirurak sortzaileak dira, sorkuntzak bizi ditu, eta sorkuntzatik bizi dira. Amaia Hiriart kantaria eta biolontxelo jotzailea da, Habia taldean besteak beste. Pasioa lana bilakatu zitzaion, orain dela hiru urte. Lagunarte konpainian eta Centre Culturel des Rencontres elkarteetan langile da, baita Soinubila musika eskolan irakasle ere. Musika arloan lana emendatzen ari zitzaiola, aukera gisa planteatu zuen intermitentzia erregimena eskatzea. 507 lanordu.
Hiru urte soilik, baina jada ikusi ahal izan du zer dakarren estatus horrek, eta zer babes eskaintzen duen. «507 oren 43 kontratu dira guti gorabehera. Anitz izan daiteke, eta zaila izan daiteke data horiek guziak atzematea. Baina hori ahalbidetzen du intermitentziak, hutsune hori konpentsatzen dizu 507 orenak ez badituzu betetzen. Edo hilabete batez ez baduzu kontraturik, halere lansari bat bermatzen dizu. Ahalbidetzen dizu egoera aski egonkorrean bizitzea, eta lansari bat biltzea hilabetero, eta hori goxo da».
Zibel Dameztoi Bilaka dantza konpainiako dantzari profesionala da, 2019tik. Esplikatu du intermitentziak sortzeko babesa ekartzen diola berari. Hain zuzen, azaldu du Frantzia Europako herrialde bakarra dela sorkuntzarako prozesu kasik osoa ekonomikoki babesten duena: «Artista zarelarik, oren anitz-anitz egin behar dituzu pagatuak ez direnak, bereziki sorkuntza prozesuan, edo errepiketan, adibidez; alta, lanaren parte dira. Intermitentziak, justuki, ahalbidetzen du emanaldietatik kanpo egin orduak pagatzea. Kontratu bat lortzen dugularik, erregimenak kontsideratzen du hamabi orduko lana dela; beraz, barne hartzen ditu prestakuntza orduak».
«Egia da batzuetan zaila dela ulertaraztea gure lana egiazki lana dela, eta horri esker bizi garela. Usu gauzak negoziatu behar ditugu, eta ez da beti goxo»
AMAIA HIRIARTÂ Habiako musikari eta kantaria
Kontratuak atzematea ez da beti erraz: artistek diotenez, kontratuaren parte zailenetarik bat da. «Bakoitzak ahal duen eta nahi duen bezala kudeatzen du». Dameztoik azaldu du Bilaka kolektiboaren barnean denez aski «babestua» dela eta ez dutela zailtasun handirik kontratuak lortzeko: «Guk, Bilakakoek, ez dugu arazo berezirik kaxetak lortzeko, tailerrak eta emanaldi anitz emateko parada baitugu; ez da artista gehienen kasua, eta alde horretatik biziki pribilegiatuak sentitzen gara. Eta, gainera, badugu taldearen babesa: ez gara bakarka ari datak bilatzen. Nire inguruko artista gehienek zinez zailtasunak dituzte».
Lehen urtean zaila izan bazitzaion ere, orain erregimena lortu duela, nahi duen modura antolatzen da Hiriart. «Ez dut agenda erregularrik, pausatzeko momentu batzuk gordetzen ditut, eta hara. Hori ere erregimenaren alde positibo bat izan daiteke: aski libre izan gaitezke gure bizia nahi dugun bezala antolatzeko. Betiere datak errazki atzematen ditugunontzat». Horrez gain, data bat eskuratzeko beste oztopo bat aipatu du: artista lanbidearen zilegitasuna. «Usu gertatzen zaigu kontratu bat beltzean proposatzea. Baina horrek ez digu balio gure lanorduak justifikatzeko. Egia da batzuetan zaila dela ulertaraztea gure lana egiazki lana dela, eta horri esker bizi garela. Usu gauzak negoziatu behar ditugu, eta ez da beti goxo».
Argi eta soinu teknikariek ere intermitentzia erregimena hautatu ahal dute. Ieltxu Ostolazaren kasua da hori. Artisten antzekoa bada ere, baldintzak pixka bat ezberdinak dituzte teknikariek. 507 ordu bete behar dituzte, baina ordu errealak kontuan hartzen dira —artisten kontratuak, berriz, hamabi ordukoak dira—. Musikarien sasoia uda da gehienetan: herriko bestak, festibalak… «Garai biziena uda da. Nire lanaren %80 bost hilabetez betetzen dut», erran du. «Aurten sentitu dut lan anitz egin dudala, kasik gehiegi. Gehiegi izan naiz etxetik kanpo, eta moralki ez da beti erraza. Akigarria da».Â
Zehaztu du berak dituen lan baldintzak ez direla beste anitzenak: «Eta oraino, ene kasua ez da okerrena; kontzertu egun batean, musika taldearekin batean arribatzen naiz lekura, eta ondotik ez naiz biziki luzatzen. Batzuek, bereziki harrera teknikariek, hau da, materiala, argiak eta soinua instalatzen dituztenek, goizean 10:00etan izan behar dute dena prestatzeko, eta azken kontzertua bukatu arte itxoin behar dute dena biltzeko. 10:00etan arribatzen dira, eta biharamuneko 07:00etan bukatzen dute. Eta oraindik badute bidea egiteko, nekea bizkarrean…».
Desorekak
«Intermitentzia erregimenak oraino gehiago indartzen eta agerian ematen ditu desberdintasun sozioekonomikoak, eta, bereziki, generoen arteko desberdintasunak». Hala aipatu ditu Dameztoik artisten arteko tratu desberdintasunak. Esplikatu du jada zaila dela kontratuak lortzea eta 507 oren horiek betetzea, baina emazte izateak traba bat gehitzen diola prozesuari. «Aski da begiak irekitzea eta ikustea eszena gainean diren gehienak gizonak direla, izan musikari, dantzari, antzezle, baina eszena gibelean diren gehienak ere gizonak dira. Emazte biziki guti ikusten da, zailagoa baita emazte batentzat kontratuak lortzea. Borroka bat da».
«Intermitentzia erregimenak oraino gehiago indartzen eta agerian ematen ditu desberdintasun sozioekonomikoak, eta, bereziki, generoen arteko desberdintasunak»
ZIBEL DAMEZTOIÂ Bilakako dantzaria
Horrekin bat egiten du Ostolazak, ber gauza ikusten baitu bere lan esparruan: «Emaztea izateak arrakala sortzen du. Lanbide aski zaila da teknikariarena, eta emazte gisa hor da gehien pairatzen. Neskak gutiago deituak dira, eta ez dira gizonak bezain errespetatuak». Dantzariaren arabera, genero desberdintasunari amatasuna gehitzen zaio, eta beste oztopo bat izan daiteke. «Biziki zaila da haurdun izatea eta intermitentzia ukaitea». Hain zuzen, amatasun geldialdia lortzeko, 507 orduak egin ordez hamabi hilabetez, bi aukera dituzte: edo 150 ordu egin behar dituzte hiru hilabeteko tartean, edo, bestenaz, 600 oren sartu behar dituzte hamabi hilabetez, hots, kasik ehun ordu gehiago.
Etorkizuna kolokan
Urteroko kezka dute denek: beren intermitentzia erregimena berrizten ahalko dutenetz. Eta horri gehitzen zaizkio Frantziako Estatuak hartzen dituen erabakiak. «Hiru urtez, intermitentzia dudanetik, ez da baldintza aldaketarik edo arazorik izan estatusari begira. Baina beldurra ukan dugu, eta usu gertatzen da. Beti entzuten dira lege proposamenak, diru laguntzen eteteak... Momentuz, aldaketa errealak baino gehiago, kezkak dira», erran du Hiriartek. 2027an iraganen dira Frantziako lehendakaritzako bozak, eta, anartean ere, eskuin muturra indarra hartzen ari da Frantziako Estatuan. Horren aitzinean, hirurak kezkatuak dira, beren lanbidea zalantzan ezarria izanen baita.Â
«Funtsean, gure lanbidea urtero zalantzan ezarria da. Diru eteteak ez dira biharkoak: egun ere ikusten dira konpainiak gelditzen zailtasun ekonomikoengatik. Baina egia da etorkizunak bereziki estresatzen nauela. Sekula baino gehiago pentsatzen ari naiz lana kanbiatzea, baina ez gogoagatik, beldurragatik baizik», kezkaturik mintzatu da Dameztoi.
Azken urteetako kultura munduko egoera aldaketak bizi izan ditu Ostolazak. Antzerkigintzan ari zelarik, berrogei bat izaten ziren emanaldi bat prestatzeko; egun, ordea, askoz gutiago direla esplikatu du. «Ez dute soilik eskuin muturrekoek aipatzen kultura deuseztatzea: egungo gobernuak ere aipatu izan du. Mehatxua ez da bakarrik eskuin muturretik heldu. Egoera, oro har, kezkagarria da».