Atzar hadi

Ladix Arrosagarai
2026ko martxoaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elkarte anitzen kezka da: segida falta, inplikazio eskasa. Arrazoiak ezagunak: mundua aldatu dela (bizi maila, teknologia...) eta jendartea ere gu-tasunetik ni-tasunera iragan (militantzia eta engaiamendu gutiago eta indibidualismo, kontsumo gehiago). Txiki eta Otaegiri buruzko dokumentalean entzuna: «Askatasuna genuen amets, orain askotasuna duzue helburu».

Mundua aldatu da, bai, baina hainbeste aldatu da Euskal Herriaren egoera mugaren alde honetan? Orduko arazoek ez ote dute berdin irauten? Gure eskubide nazionalak onartuak dira? Hauen obratzeko instituziorik lortu dugu? Zazpiak bat egitera hurbildu gara? Gure hizkuntzak lortu du ofizialtasuna eta haren berreskuratzeko neurri eta baliabideak? Gure kulturak eta gure sortzaileek beharrezko babesa erdietsi dute? Justizia sozialean aitzinatu gara? Gure lurra, gure bazterrak, gure itsasaldea espekulazioaren aztaparretatik askatu ditugu eta turismoa mugatu? Kanpotik datozen dirudun, goi mailako edo klase ertaineko jendeen etorrera etengabea mugatu dugu? Lege arrotzak ez ote du lehen bezala agintzen Euskal Herrian? Militantziaren beharra ez da lehen bezain gorria?

Hona gogoeta elikatzeko Daniel Landarten hitzak, duela 50 bat urte Errobik musikatuak.

Nora goaz?

Gure toki eder guztiak / dituzte abilki bildu;
beren egintzen obratzeko / denak paso, denak haizu.
Lege arrotz madarikatu, / bihurtuez baliatu,
gure herria deramate / heriotzari buruz!

Mementoan ahul gira / bainan ez da luzarako
gure itsutasunetik baigira / laster jalgi
ko.

Itsasbazterra hartu dute / bai eta etxe zaharrak
artzain borda edo etxolak, / arbasoek utzi lurrak.
Eta orain nahi digute / mendia ere ebatsi,
nola deabru beharko dugu / hemendik aintzina bizi?

(errepika)
Gure herrian lantegiak dira / zinez beharrezko
zorigaitzez jaun txapeldunek / turismoa nahiago...
Turismoaren izenean / gure hobeki galtzeko!
Hola segituz luza gabe / ez zauku deus geldituko...

Atzar hadi!
atzar hadi!
ene euskaldun haurride.

Atzar hadi!
atzar hadi!
Euskal Herriaren alde... (bis)

Orduz geroztik ezagutu aitzinamendu guziak lan eta borroka kolektiboz baizik ez dira erdietsi edo eraiki, parekoek ez digute deus oparitu, trabak baizik. Eta lorpen hauskorrak dira, zalu gerta daiteke gibelera egitea. Abertzale mugimendua garatu eta zabaldu da, ehunka gazte abertzaletu: militantzia potentzial ikaragarria dugu, baina aktibatu gabea. Beraz, nahi badugu bihar gure herrian libre eta euskaldun bizi, kantuak dioen bezala: atzar hadi (eta abertzale pasibo izatetik aktibo izatera pasatu)!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA