Aitor Zabaleta

Bagara eta baginen!

2026ko ekainaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Nik ez dut patois hitz egiten», erantzun zidan, frantsesez, euskaraz egin nion bezero batek Oialume Zar sagardotegian. «Barkatu, baina patois-ez ari zara, gaizki hitz egindako latin batetik sortu den patois-ean hain juxtu; Europako hizkuntza zaharrenean ari natzaizu ni», erantzun nion. Ez zuen halakorik espero. Ez zuela asmo txarrez esan eta ohituraz erabili zuela gehitu zuen.  
 
Ohitura horiek ideia batailaren garaipenak dira, frantses nazionalismoaren garaipenak, alegia. Abertzaleek ere erosi duten Au niveau national gisako formulen modura. Max Brisson senatari miarriztarrak abertzaleak ideien bataila irabazten ari direla erran dio Ekhi Erremundegi kazetariari BERRIAn eman dion elkarrizketan. «Ideien bataila irabazteak garaipenak ekartzen ditu hauteskundeetan», gehitu du aurrerago.  

Azken udal hauteskundeek, eta bereziki, lehendakaritza Iriartek irabazi izanak, lurrikara eragin dute. Baina benetako guda ez da hauteskundeetan jokatu, benetako borroka orain hasiko da. Orain arte «arriskurik» ikusten ez zioten kuadrilla ero hori alternatiba bilakatzen ari baita, eta benetako talka ekarriko du honek. Esanguratsua da Jean Rene Etxegaraik eta haren tropak lehen aldiz Batera-ren bileran ez parte hartu izana. Abertzaletasuna epelkeriarik gabe eta inteligentziaz jokatzeko prestatu beharko da. Ideien bataila horrek datorren hamarkadako lorpenak edo porrotak erabakiko baititu. Izango garen edo ez garen ebatziko baitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE