Autobidea blokeatu dute Baionan, eta istiluak izan dira suprefeturan

Milaka herritarrek bat egin dute bizitzaren garestitzearen kontrako eta justizia sozialaren aldeko mobilizazioetan. Frantziako Polizia gogor oldartu zaie manifestariei; gutxienez bi atxilotu eta hainbat zauritu izan dira.

Manifestariak, errepidea mozten A63 autobidean, gaur arratsaldean. PATXI BELTZAIZ
Manifestariak, errepidea mozten A63 autobidean, gaur arratsaldean. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko urriaren 17a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Milaka herritar elkartu dira Baionan, bizitzaren garestitzearen kontra eta justizia sozialaren alde antolatu duten mobilizazioan. Protesta egin dute hiriko etorbide nagusietan barna, eta A63 autobidea blokeatu dute tarte batez. Gero, istiluak izan dira suprefetura aitzinean. Harriak bota dizkieten herritarrei oldartu zaie Frantziako Polizia, negar gasa, pilotak eta soinu granadak erabiliz. Gutxienez bi pertsona atxilotu dituzte, eta hainbat zauritu ere izan dira. Gauean istiluek segitzen zuten.

Sare sozialen bitartez zabaldu zen urriaren 17an karrikara ateratzeko mezua. Erregaien prezioaren gorakadak piztu zuen metxa, eta lizeoetako ikasleen azken asteetako mobilizazioekin hedatu da sua. Atera dira Jaka Horiak, sindikalistak, eta mugimendu politikoetako militanteak, ikasleak, eta askotariko herritarrak. Antolatzaile argirik ez zuen protestak, baina Baionan azken urteetan izandako mobilizazio zabalenetakoa izan da. 

Istiluak Baionako suprefetura aitzinean. BERRIA
Istiluak Baionako suprefetura aitzinean. BERRIA

Hitzordu bat baino gehiago iragarriak ziren gaurko Lapurdin: goizean, Bokaleko portua eta Mugerreko Pleita gunea blokeatzeko, eta Miarritzeko eta Biriatuko ordainlekuetara joateko; baina ez dute arrakasta handirik izan. Arratsaldean, hiru hitzordu zeuden Baionan: tren geltokian, herriko etxean eta suprefeturan. Azkenean, manifestazio bakarrean bildu dira hiru lerroak, eta modu desordenatuan jo dute aitzina.

Askotariko aldarrikapenak ikusi eta entzun ahal izan dira manifestarien artean. Poliziaren eta faxismoaren kontrako oihuak entzun dira nagusiki, eta justizia sozialaren aldeko mezua zabaldu du batek baino gehiagok. Jaka horia soinean zutela, 2018an mobilizatu zirela kontatu dute Jean Paulek eta Remik. «Lau urtez saiatu ginen, eta ez genuen lortu. Orain gazteengan dugu esperantza. Ez da onargarria nola zanpatzen dituzten. Faxismoa da hori», adierazi dute. «Gaur egun gobernatzen gaituzten guziak kanporatu behar ditugu. Egoera jasanezina da».

«Nazkatuak gaude»

Benoit 13 urteko semearekin batera joan da mobilizaziora. 40 urteko gizonak erran du Jaka Horien garaian ez zuela parte hartu manifestazioetan. «Urrunetik beha egon nintzen, eta dolu dut; horregatik nago gaur hemen. Uste dut bihurgune politiko batean gaudela, ezin diogu utzi gobernuari gu gehiago zapaltzen. Eskuin muturrari botoak oparitzen ari dira». Bizitzaren garestitzeari loturikoa da aldarrikapen garrantzitsuena, haren iritziz: «Ezantza aipatzen dugu, eta horrek bultzatu du, baina orokorra da: jatekoa, etxebizitza... Krisi handi-handi batean gaude».

Akamarreko (Nafarroa Beherea) bikote bat, Katarina eta Marco, eskuan pankarta bat zutela atera dira karrikara: Nazkatuak gaude idatzi dute, anarkismoaren sinboloa erdian jarrita. 42 urteko emakumeak erran du aspaldi ez duela manifestazio batean parte hartu, baina egoerak bultzatu duela horretara. «Nazkatuak gaude, ez da lelo soil bat; uste dut ongi biltzen duela gutako bakoitzak barnean duena». Lizeoetako ikasleen protesta nabarmendu du: «Irakasleak eskatzen dituzte, eta bortizkeriaz erantzun diete. Hezkuntzarako eskubidea defendatu behar dugu, horrek bermatuko baitigu etorkizun joria izatea».

Jendetza Baionako etorbide batean, manifestazioan. PATXI BELTZAIZ
Jendetza Baionako etorbide batean, manifestazioan. PATXI BELTZAIZ

Clement, Jeanne, Lya eta Lilou taldean etorri dira; 16 urte dituzte, eta Mauleko laborantza lizeoko ikasleak dira. «Oso baldintza kaskarrak ditugu. Alta, gure gurasoek 2.000 euro ordaintzen dituzte gu hemen egoteko. Lizeoan usain txarra dugu; neguan ez dugu berogailurik; urik gabe ere egon izan gara», kontatu du Clementek. «Beraz, mobilizatzea erabaki dugu, gauzak aldatzera entseatzeko». Haiekin batera dago Lola, 16 urtekoa bera ere; Akizeko Borda lizeo publikoan dago. «Lizeo guziak fundituak dira; gurean, eraikina erortzen ari da. Eta eskualdeko kontseiluak ez du dirua desblokeatu nahi. Uholdeak ukan ditugu, berogailua ez dabil, ohe zimitzak ere badira, baina inork ez du deus egiten. Beraz, erabaki dugu Frantzian egin den deialdiari erantzutea».

Dufauren babesa

Alderdi, sindikatu eta mugimendu politiko anitzetako ordezkariek parte hartu dute Baionako mobilizazioan. EH Baiko diputatu Peio Dufauk ere babesa adierazi dio, eta erran du ikasle, suhiltzaile zein funtzionario, denak ere «nazkatuak» direla egungo egoerarekin. «Zoratzeko moduko prekaritate batera iristen ari gara, eta tramitatzen ari den aurrekontuak adierazten du denek gerrikoa are gehiago estutu beharko dutela», gehitu du Sud Ouest hedabideari egindako adierazpenetan. Hala, salatu du erabaki politikoek «desparekotasunean» sakontzen dutela.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA