Ekhi Erremundegi Beloki.
Puntua

Baxoa: 2 - 2 + 1,5

2026ko maiatzaren 26a
16:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezuste bat baino gehiago eragin ditu Edouard Geffray Frantziako Hezkuntza ministroaren iragarpenak azken egunetan. Lehenik, Peio Dufau eta Paul Molac diputatuen komunikazioak iradoki zuen hizkuntza gutxituen murgiltze irakaskuntza arautzeko proposamen bat aurkeztuko zuela; ondoren zehaztu zuten azterketen gaiari bakarrik heldu ziola. Eta iragarpenak berak zapore gazi-gozoa utzi dio bati baino gehiagori; uler daitezke zalantzak.

Ezbairik gabe, aitzinamendu bat da: euskarak lekua izanen du baxoan, eta balio ofiziala emanen diote. Administratiboki zer izaera emanen dioten argitu ez badute ere, elebitasunaren aitortza da. 

Baina zergatik itxaron 2028ra? Eta zergatik espezialitateko ikasgai bat bakarrik baimendu? Leheneko ikasleek Matematikako baxoko azterketa pasa beharko dute aurtendik aitzina; euskaraz egiteko eskatu dute Seaskako ikasleek; ministroaren iragarpenak ez dio erantzun ikasleen eskaerari. 

Eta batuketak egiten badakite ikasleek: 2019ko erreforma aurretik bi ikasgai egin zitezkeen euskaraz baxoan: Historia-Geografia eta Matematika. 2019ko erreformak biak kendu zituen. Orain Geffray ministroak iragarri du espezialitate bat eta ahozkoaren zati bat egiten ahalko direla euskaraz. Kalkulua erraza da: 2-2+1,5=1,5. 2019ko erreforma aitzin baino gutxiago egiten ahalko da euskaraz baxoan. 

Aitortza ofizialak badu garrantzia. Are garrantzitsuagoa izanen da haren bilakaera sustatzea. 2028. urtera itxaron gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA