Konplimenduak baizik ez dituzte batak bestearentzat. Kamila Zubeldiaren ahotsa laudatu du Aguxtin Alkhatek: «Betidanik miretsi izan dut»; Alkhaten «kantu zoragarriak» aipatu ditu Zubeldiak: «Arras poetikoak dira; ni anitz hunkitzen naute». Azken urteetan elkarrekin zuzeneko kontzertu bat baino gehiago eman ondotik, Orhoit Hilcia diskoa aurkeztu berri dute Elkar argitaletxearekin. Hamar kantuko bilduman askotariko estiloak nahasi dituzte, pop, folk, rock eta blues soinuak gurutzatuz. Larzabalen lehen kontzertu bat eman ondotik, Heletan eta Aiherran arituko dira asteburu honetan.
Inhala folk taldeko partaide izan zen Alkhat, eta bakarkako bidea egin zuen ondotik. Zubeldia Unama eta Saioa taldeetan aritua zen. Elkarrekin usu kantatu badute ere, batera ekoizten duten lehen lana da. «Bakoitzak bere lekua du diskoan. Kantu batzuetan elkarrekin abesten dute, eta beste batzuetan batak besteari laguntzen dio», esplikatu du Andre Kamio Jitu Elkar argitaletxeko musika arloko arduradunak. Proiektuaren berri ukan zuenean, «berehala» egin zien konfiantza: «Aspalditik dut harremana Aguxtinekin, betidanik izan da musikari oso interesgarria niretzat. Eta Kamilaren ahotsa justu berak egindako aurreko lanean deskubritu nuen. Ikusi nuenean ari zirela zuzeneko batzuk egiten, oso argi ikusi nuen segida eman behar geniola, eta proposatu nien zerbait grabatzea. Oso erraza izan da bidea».
Alkhatek eta Zubeldiak biek eskertu dute Elkar argitaletxeak emandako aukera. «Estimagarria da eman diguten sostengua eta denbora, estudioan lan baldintza bikainetan lan egin ahal izateko aukera izan baitugu», zehaztu du Alkhatek. 2025eko abenduan abiatu zuten estudioko lana, aurreprodukzioan. Lehen maketa grabatu zuten, ondoren entzun eta aztertzeko; urtarrilean itzuli ziren berriz estudiora. Victor Sanchezen gidaritzapean ekoitzi dute diskoa. «Oso harro nago, uste dut oso lan polita egin dutela», borobildu du Kamiok.
Bi gitarra eta ahotsekin emanen dituzte kontzertuak, eta hala grabatu zuten diskoa hiru egunez. Ondoren, hainbat musikariren ekarpena gehitu zioten, kantuei bestelako «anplitude» bat emateko: Pierre Sangla baterian eta perkusioan, Julien Labat gitarran, Mathieu Haranburu gitarra apalean, Unai Zubeldia buzukian, Amaia Hiriart txeloan eta Xabi Etxeberri arrabitan. Bi bertsioak defendatu ditu Alkhatek. «Kantu bat hitz, ahots eta gitarrarekin ibiltzen delarik, musikariekin ibiltzen da. Baina kontrarioa ere posible da azkenean», esplikatu du. «Kantuak zuzenean airatzen dira, lurruntzen dira, eta hor, grabaketarako orduan, badira kantu batzuk geldituko direnak urteetan zehar. Eta, beraz, merezi du pixka bat lantzea, eta zerbait bukatuagoa edo egitea. Azkenean hori zen pixka bat helburua». Hala, berezia izanen da urriaren 11n emanen duten kontzertua, musikari talde osoarekin emanen baitute.
Zaharrak eta berriak
Diskoari izena emateaz gain, lehen kantuaren izena ere bada Orhoit Hilcia. Ortzaizeko etxe zahar batean du jatorria: han ageri da erranaldia, etxeko paretan, marraztutako ordulari baten azpian izkiriaturik. «Denbora pasatzen da, eta bizitza behar da gozatu, ematen dizkigun momentu guziekin», iradoki du Alkhatek. Eta hala osatu dute diskoaren kantutegia ere: denborak utzitako kantuak eta momentuak sortutakoak nahasiz. «Gustatzen zait kantu zaharrak nireganatzea. Badugu sekulako hondarea». Aipatu dituzte besteak beste An eala bhan, Lehen Mundu Gerlan irlandar batek idatzitako kantua, gaelikotik «gure saltsara» itzulia; edo Esperantzan egon ginen, Ernest Alkhat bertsolariak 1984an idatzia —Aguxtinen aita zenak—, haren semeak orain musikaz ondu duena. «Iraganeko kantuei bizia emateaz gain, herri honi sorkuntza berriak eskaintzea dute xede, hitz landuen eta melodia xarmanten arteko elkarrizketa baten bidez, euskal kulturari eta nortasunari egindako omenaldi batean», laburbildu du Kamiok. Alkhat: «Kantu bakoitzak badu berea; entzutekoa da».
KONTZERTUAK
- Irailaren 26a. Heleta.
- Urriaren 11. Aiherra.
- Azaroaren 8a. Lurrama (Miarritze).
- Azaroaren 22a. Itsasu.