Biarnoko xede industrialak euskal ekologistak mobilizatu ditu

Bioerregaiak ekoizteko proiektu bat sustatu du Frantziako Gobernuak. Ipar Euskal Herriko oihanak ere ustiatuko dituzte kerosenoa egiteko. Ekologistak xedearen kontra antolatzen ari dira.

Pago enbor meta
E-CHO proiektuak zuhaitzekin kerosenoa ekoiztea xede du, besteak beste. BERRIA
Joanes Etxebarria.
2023ko abenduaren 8a
05:05
Entzun

Gisa horretako xedeak abiatu aitzin legez egin behar den eztabaida publikoa iragan urriaren 17an hasi zen, eta 2024ko urtarrilaren 17an bukatuko da: xedearen ildo nagusia karbono kantitate apaleko molekulak sortzea da, energia iturri gisa; metanola eta kerosenoa, bereziki, bai eta hidrogenoa ere. Energia «berdea», eramaileen arabera. E-CHO proiektua 2027. urtean abiatzekoa litzateke, Biarnoko Lacq (Okzitania) gune industrialean; eramaileak lirateke Elyse Energy eta RTE Frantziako elektrizitatearen garraio kudeatzailea. Sustatzaile nagusia Frantziako Gobernua da, eta miliar bat euroko inbertsioa iragarri du. Biarnon plantatzekoa bada ere, Ipar Euskal Herriko hainbat talde ekologista xedearen kontra altxatu dira jadanik, besteak beste, beren lurretako oihanak ere hunkiak liratekeelako. CADE, Bizi, Lurzaindia, Aiherra Bizirik edo Su Aski oposizio taldean dira, talde gehiagorekin batean.

Ekologistak oraino ere proiektuaren kontrako txostena lantzen ari dira, eztabaida publikoan aurkezteko, baina datu batzuk eman dizkiote Hitza-ri; bereziki, oihanei lotuak. E-CHOren xedeak hiru lantegi sortuko lituzke; horietarik bat, BioTJet, oihanetan hartu zuhaitzekin eta biomasarekin kerosenoa ekoiztuko lukeena, hegazkinen erregai gisa baliatua izateko gero. «Hainbeste egur behar dute, hemen ere eremu horretan gaude. Akitania Berria eta Okzitania aipatzen dituzte haien dokumentuetan, Hendaiatik Meditarreno bazterreraino. Hunkiko duten perimetroa erakusten du», erran du CADE elkarteko Victor Pachonek; hark zentralizatzen ditu biltzen ari diren datuak. 

Florian gogoan

BioTJet lantegia, konkretuki, 2027an irekitzea pentsatu dute xedearen eramaileek, baina hastapenetik lituzkeen egur eta biomasa beharrak zehaztu dituzte jadanik: industrialen arabera, ekoizpenaren lehen bost urteetan 114.000 hektarea oihan moztuko dira, eta ondoko urteetan, 1.040 hektarea urte bakoitzeko. Pachonek ez du dudarik 2019ko proiektu batekin parekotasuna egin daitekeela, Lannemezanen (Okzitania) Florian multinazionalak segeria industriala egin nahi zuenekoa: «Lannemezango proiektuak porrot egin zuenez, karta berri hau atera dute, keroseno berdez eta usaiako aitzakiez jantzirik. Antzekotasuna bada». Florianen xedeak Pirinioetako pagadiak mehatxatzen zituelako altxatu zen kontrako fronte bat, eta segeria ez zen egin azkenean.

VICTOR PACHON
Victor Pachon CADE elkarteko kidea.

Oihanaren kudeaketa aldetik, Florian multinazionalaren «ber logika da, oraingoan ere», Pachonen ustez. Oihana berrituko dutela sinetsirik ere, «landatuko denaren emaitza ez da ikusiko hamarkadetan», CADEko ordezkariak dioenez. Urte batean 77.500 hektarea mozten dira jadanik Akitania Berriko eta Okzitaniako oihanetan.

E-CHO proiektuan, BioTJetez gain, beste bi fabrika sortzeko asmoa dute ber gunean: HyLacq hidrogenoa egiteko eta e-MLacq metanola ekoizteko. «Karbono neutraltasuna helburu» dute erregai berdeen ekoizpen horrekin, proiektuaren aurkezpenean irakur daitekeenez. Oposizioko kideentzat zentzugabekeria da, Pachonek gehitu duenez: «Frantziako Gobernuak du sustatzen proiektu berri hau, oihana industrializatzeko nahiarekin. Gobernua gose da arazo guztiei erantzunak dituzten aterabide zientifikoekin: hidrogenoa ugari, karbonorik gabeko nuklearretik datorren energia elektrikoa hidrogenoa ekoizteko... Ikusmolde absurdoa da. Helburua da sinetsaraztea mirakuluzko aterabidea atzeman dela, lehen bezala kontsumituz».

1.040

Hektarea urtean. BioTJet industriak, lehen bost urteetan, Akitania Berriko eta Okzitaniako oihanetan 114.000 hektarea moztuko lituzke. Ondotik, 1.040 hektarea urte bakoitzeko.

Oraino datu ikerketan eta kalkuluetan ari dira talde ekologistak, berantago proiektuaren kontrako txosten oso bat aurkezteko; uraren gaia ez dute oraino barnatu, adibidez, eta xedearen eramaileek iragarri dute urtean zortzi milioi metro kubiko ur hartuko dituztela Lacqeko ibaian. Ikertuko dute, besteak beste, prozesu industrialean erabili ondotik berriz ibaira isuriko duten ura zein baldintzatan itzuliko den ingurumenera.

Legeak behartzen duen kontsulta publikoan fede guti du Pachonek. Haren erranetan, bilkura bat izan zen «publikoari eta kazetariei debekatua, irekia behar zuelarik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIA babestuz, harro herri! Martxoaren 14tik 24ra, ekarpenak saria du.