Bihar eginen dute Palestinaren aldeko eguna, Makean, Ibaitik itsasora Palestina libre lelopean, Iparraldea Palestinarekin taldeak antolaturik. Orotarat, bost hitzaldi eta bost kontzertu antolatu dituzte. Aurten, bereziki, Frantziako Estatuak genozidioarekin duen konplizitatea eta Palestinaren aldeko elkartasunaren errepresioa izanen dira aipagai nagusiak. Gunea 10:00etan irekiko dute.Â
Bigarren aldia da Palestinaren aldeko eguna antolatzen dutela Makean. Iaz izan zen lehen aldia, eta Jenofa Berhokoirigoin antolatzailearen arabera, «erabat positiboa» izan zen. Egun horretan zituzten xede guztiak bete zituztela uste du antolatzaileak, besteak beste, Palestinan gertatzen den errealitatea, sionismoaren kolonialismoa eta garbiketa etnikoa aipatuz, lekukotasun zuzenen bidez. «Gai horiek guztiak argi eta garbi utziak izan ziren iazko egunean. Ukan genituen lekukotasunak biziki interesgarriak eta hunkigarriak izan ziren. Ez gintuzten emoziorik gabe utzi».
Horrez gain, orokorrean egunak errezibitu zuen babesa azpimarratu nahi izan du: «Jende anitz hurbildu zen, entzule anitz izan ziren; anitz bide desberdinetatik ere ukan genituen elkartasun keinuak. Makeako Herriko Etxearekin ere bide erraza ukan genuen. Elkartasun hori biziki baikorki baloratu genuen».
Iazko ber formatua atxiki dute biharko egunarentzat: hitzaldiak egunean zehar, kontzertuak, bazkaria, tailerrak, haurren xokoa eta merkatua. «Helburu nagusia dugu hango egoera ulertzea, eta giltzak ematea esku artean. Nahi dugu gure hausnarketa aberastu egoera lehen lerroan bizitzen duten pertsona horiekin. Hori bermatzen dugu aurten ere». Aurten, nahi izan dute bereziki «erresistentzian» zentratu, hau da, egunerokoan bertan bizi direnek nola egiten duten aitzina segitzeko. «Erresistentzia motak aipatuko ditugu, Palestina horretan berezia delako. Kolpez kolpe aitzina doan herria da, badute sekulako herri erresistentzia. Sekulako gaitasuna dute aitzinatzeko eta borrokatzeko, kosta ahala kosta. Nahi dugu indar horren berri ukan», esplikatu du Berhokoirigoinek.
Kolonialismoa, boikota, laborariak, lur lapurretak, lur zatiketak, erailketak eta errepresioa izanen dira hitzaldien gaiak. Horrez gain, Frantziako Estatuan eta Ipar Euskal Herrian Frantziako Estatuak gauzatzen duen errepresioa ere aipatuko dute. «Palestinaren alde eramaten den borroka oro isilarazi nahi dute. Hemen kasik sistematikoa da isilarazte logika hori; adibidez, joan den astean, Omar Alsoumi militantea atxilotu zuten. Palestinar banderak debekatu, isunak mobilizatzen direnei, atxiloketak, poliziaren jazarpenak, segipenak, kontrolak... Aski argi gelditzen da ez dutela nahi Palestinaren aldeko elkartasunik, ez dutela horren aldeko ahotsik entzun nahi». Errepresioari ihardesteko, abokatu batek hitzaldi bat emanen du militanteak beren eskubideei buruz formatzeko.
Egitarau politikoki «mamitsua»
Bihar, 10:00etan irekiko dute gunea. Lehen hitzaldi nagusia 10:30ean izanen da: Palestinar herriaren erresistentzien oihartzunak. Israelen proiektu kolonial eta genozidioari aurre egiteko borrokak: Salah Hamouri abokatu franko-palestinarra eta giza eskubideen aldeko ekintzailea, Sarah Katz UJFP Frantziako Bakerako Batasun Juduko kidea, eta Mays Qaisi Pauen (Okzitania) bizi den errefuxiatu palestinarra izanen dira hizlariak. 15:30ean, Laborari palestinarrak, Israelen jomuga. Sarah Katzek eta Jean-Marie Dansette Le Philistin proiektuaren sortzaileak hitz eginen dute. Ber orduan, beste hitzaldi bat izanen da: Frantzian eta Ipar Euskal Herrian, Palestinarekiko elkartasunaren kontrako errepresioari aurre egin; Urgence Palestine kolektiboko kide batek eta Frantziako Abokatuen Sindikatuko kide batek emanen dute hitzaldia, herritarren eskubideez informatzeko.
17:30ean, Sionisten kolonialismoak baditu milaka aurpegi izeneko mintzaldia eginen dute. Salah Hamouri Urgence Palestine taldeko kidea eta Jonathan Ruff Zahn Tsedek taldeko kidea izanen dira hizlari. Eta ber momentuan, Boikota: lekuko konplizeak jomugan, Israel kolpatzeko. Euskal Herriko zenbait kanpaina eta garaipen hitzaldia izanen da, BDZ Euskal Herria taldeko kideekin.
12:30ean, lehen kontzertua izanen da: kontzertua emanen dute Euskal Herriko Ibantutak eta Siriako Bachar Zainek. 20:00etatik goiti kontzertuak izanen dira, prezio librean: Mikel Urdangarin, Gailu, Skalpel, On, eta AKts.
Bestalde, egun osoan merkatua izanen da, baita haurrendako txokoa ere, hainbat tailer eta aktibitaterekin.