Biriatuko (Lapurdi) biztanleek berriz bozkatzen ahalko dute. Herriko etxeko bozetan, martxoaren 15ean, Odile Cornu hamazazpi botoren aldearekin nagusitu zitzaion Mixel Hiriarti. Baina bozak nola zenbatu ziren salatu zuen Hiriartek, eta hauteskundeen emaitza baliogabetzeko helegitea pausatu. Paueko Auzitegi Administratiboak (Okzitania) ekainaren 19an jakinarazi zuen Biriatuko bozak baliogabetu zituela, eta irailaren 27an egingo dituzte berriro. Ondorioz, kargutik kendu zuen martxotik ekainera plantan emaniko herriko kontseilu osoa. Anartean, Pirinio Atlantikoetako Prefeturak igorritako hiru kidek segurtatzen dute herriaren antolaketa nagusia, iraileko hauteskundeak aitzin.
Cornuk azaldu du publiko askorekin eta «presio handipean» egin zela martxoko boto kontaketa, eta, ondorioz, deliberatu zuela gutunen eta izenpeduren kontaketa ateak hetsirik egitea. Harekin, hautetsi ohi batzuk eta oposizioko hautagaitzako bi zerrendakide ziren. Azkenean, 665 gutun eta 667 izenpedura zenbatu zituzten. Horrek bozen baliogabetzea eragin du, eta Cornuk ez dio kontra egin erabakiari. Are gehiago, hauteskundeetarako prestatzen hasi da, berriz ere Hiriarten aurka lehiatzeko. Hiriart jadanik auzapez izan zen 1989tik 2020 arte. Baina 2020an auzapez berria hautatu zuten biriatuarrek: Solange Demarcq Egiguren. Haren segida hartu du Cornuk, 2020tik aurten arte auzapezaren hirugarren axuanta egon zelako.
Orain bi zerrendak elkarren aurka lehiatuko dira Biriatuko Herriko Etxea eskuratzeko. Nolanahi ere, beste zerrenda batek bere burua aurkeztu nahi balu, irailaren 10era arte hautagaitza aurkeztu lezake suprefeturara. Orduan, bi zerrenda baino gehiago aurkezten badira eta bigarren itzulia egin behar bada, urriaren 4an izango da.