COIren txostenak gehiago urrundu du Bordele eta Akize arteko AHTaren eraikuntza

Akitania Berriko talde ekologistak proiektua baztertzeko eskatu die Frantziako Gobernuari eta Akitania Berriko agintariei.

Abiadura handiko tren bat martxan, Frantziako trenbide batean. CHRISTOPHE PETIT TESSON/EFE
Abiadura handiko tren bat martxan, Frantziako trenbide batean. CHRISTOPHE PETIT TESSON/EFE
xabier martin
2026ko apirilaren 16a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Les Echos hedabidean aurreratu zituzten COI Azpiegituren Orientazio Kontseiluak  Bordele eta Akize arteko AHT berriaren eraikuntzari buruz egindako txostenaren lerro nagusiak, eta, orain, berretsi egin da informazio hori, txostena kaleratu ondoren: Bordele eta Akize arteko AHTaren eraikuntza are urrunago legoke. Frantziako Gobernuari aholku emateko funtzioa betetzen du batzordeak, eta, haren txostenaren arabera, berrogei urteko atzerapena pilatu duen azpiegitura horren sustatzaileek benetako kostua gutxietsi dute, eta, era berean, «errealitatetik kanpo diren eraikuntza epeak» finkatu.

Horiek horrela, Akitania Berriko eskualde kontseiluko talde ekologistak AHTaren egitasmoa behin betiko baztertzea galdegin du. Ohar batean azaldu du COIren txosten berriak ekologistek aspaldian adierazitako posizioa baieztatu duela: AHT berria «garestia izateaz gain», ez da lurraldearen beharretara egokitzen.

Cirongo oihana

Izan ere, naturaguneak suntsitzeaz ere aritu da COIren txostena. Adituek uste dute tren berriak Cirongo oihanari (Gironda) kalte handiak egingo lizkiokeela. Milaka urteko pagadia dago han. Bada, ekologistek gogoratu dute, tartean Ipar Euskal Herriko CADE kolektiboa, ingurumen baimenaren kontrako helegiteak aurkeztu berri dituztela. Halaber, salatu dute Alain Rousset eskualdeko presidente sozialistaren gobernuak asmoa duela hilaren 20rako bozkarazteko Akize eta Hendaia arteko lineari buruzko ikerketak eguneratzeko ebazpena.

Parisi eskaera zuzena egin diote: «Frantziako Gobernuari eta Akitania Berriko eskualdeari eskatzen diegu COIk emandako aholkuak aintzat har ditzatela eta AHT berriak eraikitzeari uko egin diezaiotela, bide batez egungo sarea modernizatzeko egitasmo bat plantan emanez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA