Bide erdia egina dute Iker Elizaldek eta Annie Povedak Pirinio Atlantikoetako Departamenduko hautetsi gisa betetzen ari diren karguan. Hiru urte pasatu dira Pauen (Biarno) EH Bai ordezkatzen dutenetik, eta egindako lanaz hala-holako bilana egin dute; kontseiluko gehiengoak buxetaren murrizketarekin egin dituen hautuak dudan ezarri dituzte. «Gehiengoak erabaki du inbertsioei eustea. Gure ustez, funtzionamendu gastuak dira lehentasuna, sustut gizarte ekintzari lotuak direnak, hori baita departamenduaren funtsa», argitu du Elizaldek. Deszentralizazio handiagoa ere galdegin du EH Baik.
Nolanahi ere, EH Baiko hautetsiek uste dute departamenduak Frantziako Estatuko «krisi politikoa» pairatzen duela, eta, horrezkero, «Ipar Euskal Herrian erabakitzeko konpetentzia gehiago, autonomia finantzarioa eta deszentralizazio handiagoa» aldarrikatu dituzte. «Krisia egiturazkoa da, eta aukera eman beharko luke eredu instituzionalari buruzko eztabaida irekitzeko, benetako deszentralizazio bati ekiteko», xehatu dute.
«Inbertsioak bigarren mailakoak dira; lehentasunak segurtatuta, ikusi behar litzateke posible den inbertsioak egitea, baina gehiengoak ez du logika hori hautatu»
IKER ELIZALDE Departamenduko EH Baiko hautetsia
Departamenduak kudeatzen ditu arlo sozialeko egiturak; bereziki, elbarriez, adinekoez eta haur eta nerabeez arduratzen direnak. Horietako funtzionamendu gastuak «emendatu» direla esplikatu du Elizaldek: «Autonomia atxikitzeko laguntzak emendatu dira gehienbat, populazioa zahartzen ari baita azkarki. Horri aitzin egiteko buxeta atxikitzea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu. Inbertsioak bigarren mailakoak dira; lehentasunak segurtatuta, ikusi behar litzateke posible den inbertsioak egitea, baina gehiengoak ez du logika hori hautatu», salatu du. Hautu horiek eragin zuzenak dituztela agerian ezarri dute bi hautetsiek, gogora ekarririk Baionako ospitaleko Cegidd sexu-osasun zentroa heste arriskuan dela buxeta faltagatik. «Buxetaren murrizketek beti zaurgarrienei kalte egiten diete; hautu politikoak dira», gaitzetsi du Povedak.
«Gero eta gehiago dira etxean bizi nahi duten adinekoak, egitura berezituetara joan gabe. Alde horretatik, iruditzen zaigu lagundu behar ditugula behar bezalako baliabideak emanez, eta horren alde aritu gara kontseiluan»
ANNIE POVEDADepartamenduko EH Baiko hautetsia
Poveda gizarte ekintzaz arduratzen den taldeko hautetsia da, eta esplikatu du zailtasunak izanda ere prebentzioaren inguruan lan egin dutela, zerbitzu publikoa hobetze aldera. «Gero eta gehiago dira etxean bizi nahi duten adinekoak, egitura berezituetara joan gabe. Alde horretatik, iruditzen zaigu lagundu behar ditugula behar bezalako baliabideak emanez, eta horren alde aritu gara kontseiluan», erran du. Zaurgarri direnak laguntzen dituztenei begirako neurriak hartzeko lan egin dutela azpimarratu du Povedak.
Osasun eta gizarte arloko langileen baldintzak hobetzeko neurri batzuk proposatu ditu EH Baik. Erraterako, arlo horietako langileek hainbat greba egin dituzte azken hilabeteetan, salatuz baldintza gero eta okerragoak dituztela eta departamenduak ez dituela kontuan hartzen lanari lotutako zailtasunak.
Inbertsioak bideetan
Murrizketak izanda ere, departamenduaren zereginetariko bat da bideen kudeaketa. Ipar Euskal Herrian Ziburu eta Hendaia arteko Erlaitzako bideak gastu berezi batzuk behar ditu, gero eta hauskorragoa baita leku batzuetan. Batzorde bat osatu dute hainbat eragilerekin, eta bertan parte hartzen du Elizaldek, departamenduko hautetsi gisa. Hark erran du erabaki dutela hemendik hamar urtera bideko gune arriskutsuenetan obrak egitea, momentuz osoki hesteko azpiegiturarik ez baita. «Afera da bide nagusira bideratuko litzatekeela trafikoa, baina gaur egun ez da prest Erlaitzatik pasatzen diren auto guztiak xurgatzeko», esplikatu du Elizaldek.
EH Baiko hautetsiek uste dute hamar urteko epe hori baliatu behar dela bestelako azpiegiturak garatzeko: «Tren eta autobus eskaintza hobetu behar da Hendaia eta Baiona artean, eta autobidea doakoa izatea lortu behar da ibilgailu arinentzat».