Prefeturak galdeginik, gobernuak emanik: uztailaren 6az geroztik, PINM [Frantziako] nazio interes handiko proiektu bat bilakatu da E-CHO, itsas garraio eta hegazkinen petrolio erregaiak «karbono isurketa apaleko bioerregaiez ordezkatzea» helburu duen proiektua. Izendapen horrek «ingurumen protokoloak eta protokolo juridikoak ere arinduko ditu amiñi bat», Oihana Guzien Ontasuna kolektiboko bozeramaile Maika Etxekoparren arabera.
Elyse Energy Lyongo enpresak Biarnoko Lacq herriko industrialdean instalatu nahi luke E-CHO proiektua. Hiru lantegi izanen lirateke: Hy Lacq hidrogenoa ekoizteko fabrika Mourenxen (Okzitania), eM-Lacq biometanola ekoizteko fabrika, eta Bio Tjet biokerosenoa ekoizteko fabrika Pardiesen (Okzitania). Eta, trantsizio ekologikoa sustatuko lukeen proiektu gisa defendatzen badute ere, hainbat kolektibotako kideek proiektuaren faltsukeria salatu dute iragan hilabeteetan. Joan den urteko otsailean, hain zuzen, proiektuaren aurkezpen publikoa egin zuen Elyse Energy enpresa bultzatzaileak: ehun bat militante bildu ziren orduan proiektuaren «neurrigabekeria nuklearra eta zentzugabekeria» salatzera: E-CHOk «urteroko Frantziako hegazkinen keroseno kontsumoaren %1,3 ekoiztea besterik ez [luke] ahalbidetuko», nola-eta inguruetako oihanen ekosistemak suntsituz.
E-CHO proiektuaren izendapen erakargarriak gordetzen duen proiektua, hots, ez omen da hain ekologikoa. «Hori guztia, zer-eta berez arazo ekologikoa osatzen duten gailu batzuk funtzionarazteko: hegazkinak», azpimarratu zuen militante batek garai hartan.
Ikusi gehiago
Denera, sei departamendutako ekosistemei eraginen die proiektuak, zeren, Biarnoko Lacq herriko industrialdean instalatuko badituzte ere, E-CHOren lantegiak laurehun kilometroko perimetroan ari izanen baitira lurrak ustiatzen, hala nola Euskal Herriko oihanetan.
«Gehienak» kontra
«Europak erran du energia eta erregai ekoizpenak arra lokalizatu eta berdatu behar direla; orduan, norabide handiak eman dituzte: behar dugula guk ere gure iturria atzeman. Eta oihanetako egurra berriztagarritzat jotzen da», esplikatu du Etxekoparrek. Haren ustez, egoera horren ondorioz eman zaio bidea E-CHOren gisako «ertzokeria» bati. Gaia orokorkiago hartu du, gero: «Ez da araudirik batere, aldiz, airezko trafikoaren murrizteko; eta hegazkinek balukete pegatina hori uzkian, berde hegaldatzen direla. Alimaleko gezurra da».
Horregatik, segur ere, «komunikazio gerla» bidean da. Macronen gobernuak proiektua PINM gisa sailkatzea erabaki eta zenbait astetara, Pirinio Atlantikoetako prefetak dekretuaren izenpetzea publiko egin zuen, proiektuari nolabaiteko inportantzia mediatikoa emateko. Etxekoparrek baieztatu duenez, gainera, «[Jean Marie Girier] prefetak presioa egin zuen agorrilean postutik joan baino lehen E-CHOren ezartzeak hunkirik diren hamalau herriek delibero bat eman dezaten».
Prefeturak adierazpen horiek baiezta zitzan ahalegindu da BERRIA, baina, egungo egunean, ez du jaso Frantziako Estatuko zerbitzuen arraposturik.
«PINM nazio interes handiko proiektu bilakatu izanak ingurumen protokoloak eta protokolo juridikoak arinduko dizkie amiñi bat»
MAIKA ETXEKOPAR Oihana Guzien Ontasuna kolektiboko militantea
Dena den, Oihana Guzien Ontasuna kolektibokoek «aski baikor» hartzen dute prefeturaren jokamolde hori, indar harreman baten erakusle delakoan; haiek argi dute «gehiengoa proiektuaren kontra» dela. Hain zuzen ere, 384 herri edo kolektibitateren iritzi ofizialak bildu dituzte azken hilabeteetan: 296 proiektuaren kontra agertu dira, 79 alde, eta 9 abstenitu dira —2026ko irailaren 22ko datuak dira—.
Berriki, Lacq-Orthezeko (Okzitania) herri elkargoak proiekturako ingurumen baimenaren alde bozkatu zuen: 79 boz ilki ziren alde, sei kontra, eta 5 abstenitu ziren. Kontrakotasuna agertu dutenen artean, Moneineko auzapezak zera adierazi zuen: «Neurriz kanpoko proiektu bat da; zentzugabekoa gure lurraldean hedatzen ari den idorteari begira, batez ere». Mourenxeko auzapeza, berriz, bozetarik laket agertu zen, erabakigarriak ez izanik ere «pisua emanen diotelako» proiektuaren egingarritasunari.
Erraterako, boz horiek ez dute «balio juridikorik», baina, «delibero demokratikoak» dira kolektiboaren ustez, «lurraldeko populazioaren borondatea egiazki jakiteko molderik onena». Orain arteko emaitzek, beraz, joera bat trenkatu dute: bozkatzaileen %77 proiektuaren kontra agertu dira, eta %21 alde.
«[Frantziako] administrazioa eta estatua proiektuaren parte eta epaile diren heinean ezin izanen baitzaio inkesta publikoari konfiantzarik egin», Oihana Guzien Ontasuna kolektibokoek hunkirik diren herri eta elkargo guziak deitu ditu deliberoak bozkatzera.

Espezie babestuen kaltetan
Frantziako Gobernuak bi arrazoi eman ditu PINM sailkapenaren arrazoitzeko: alde batetik, proiektuaren «handitasuna, enpleguan duen inpaktua, eta trantsizio ekologikorako eta Frantziaren subiranotasunerako duen inportantzia»; bestalde, «espezie babestuen eta sare elektrikorako konexioen inguruko betebeharren prozeduren saihesteko» baimen berezia lortu behar izatea.
Zeren, hainbat ekosistema suntsituko dituen heinean, E-CHOren gisako proiektu batek espezie babestuen inguruko betebeharrak saihesteko baimena lortu behar du. Baimen horren eskuratzeko, haatik, hiru baldintza bete behar dira ezinbestez: RIIPM interes publiko handiko aginduzko arrazoi bat ukaitea, frogatzea beste motako soluziorik ez dela espezie babestuei kalte gutiago eginen liekeenik, eta, azkenik, delako espezieak kontserbatze egoera batean mantentzea.
Horregatik da informazio inportantea E-CHO nazio interes handiko proiektu bilakatu izana: horrela, Elyse Energyk indarrik gabe lortu du oraindik erdiestekoa zuen RIIPM arrazoia; bestela erranik, hiru baldintzetarik bat bete du sailkapenari esker bakarrik.
Ingurumen baimenerako dosierra aurtengo maiatzean aurkeztu zuen E-CHOk. Aitzinetik ikusten denez, zerbitzu eskudunek urte hondarrera arte aztertuko dute proiektua egin daitekeen edo ez.
Hatsarrean, ingurumen dosierra aztertuko zuten ber denboran inkesta publikoa abiarazi behar zuten, zeren sos zama hain handiak mugitzen dituzten eta lurraldea hain handizki alda lezaketen proiektuen eramateko bortxaturik baitira herritarrengana joatera. Baina hori aitzin egitekoak zituzten hiru bilkura ofizialetarik bi baizik ez dituzte bete Elyse Enegykoek: hirugarren bilkurarendako datarik ez baitute iragarri mementoko, inkesta publikoaren etapara ezin dira iragan; berritan gibelatua izan da jadanik.
Etxekoparri iruditzen zaio agian proiektua indarra galtzen ari dela emeki-emeki, «lurraldea kontra badu» gaitz bilakatzen baita beharrezkoak dituzten «bi miliar euroko inbestimenduak biltzea». Oraingoz, gutienez, «ez dituzte».