Energia berriztagarriak «herritarren eskuetan»

Iazko otsaileko gobernantza krisitik atera ondotik, Enargia eta I-ENER jatorrizko balioetara itzuli dira. Energia berriztagarria sortzeko proiektuak garatu nahi dituzte Ipar Euskal Herrian, merkatu kapitalistaren logikatik kanpo.

Eguzki panel batzuk, Aiziritzen, aurten. I-ENER
Eguzki panel batzuk, Aiziritzen, aurtengo irudi batean. I-ENER
Xalbat Alzugaray
2025eko ekainaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Energia berriztagarriek ez dute etekinik ateratzeko biderik ireki behar, herritarren eskuetan atxikitzen bada haren ekoizpen prozesua eta kontsumitzeko bidea». Iban Lizarralde Enargia kooperatibako lehendakariaren erranetan, merkatu kapitalistaren baldintzetatik kanpo pentsatu behar da energiaren gaia. Enargia sortu zeneko balio nagusiak oroitarazi ditu Lizarraldek iragan asteko larunbatean Donibane Garazin egin zuten biltzar nagusian, gobernantza krisi batetik atera berri delako kooperatiba. Iazko otsailean, Patxi Bergara zuzendari ohia kargugabetu zuen Administrazio Kontseiluko kideen gehiengoak; bertzeak bertze, haren soldata igoeraren «gehiegizko» eskaera batengatik.

Lizarraldek kontatu duenez, langile berriak sartu dira iaz geroztik, eta funtzionamendu aldaketa bat plantan eman dute gertatu gobernantza krisiari aterabidea atzemateko. Iazko urrian, Enargiaren bestaren karietara lantalde berria formatzeko eta antolatzeko lanketa egin zuten, eta, gogoeta horretan, hiru ardatz nagusi finkatu dituzte: lantaldearen antolaketari, eskubideei eta soldatei buruzko eztabaida ireki dute. Bertzetik, I-ENER eta Enargiaren arteko harremana adostu dute: biak herri ekimeneko kooperatibak direnez, ez dute bata bertzearengandik bereizi. «Batzuek pentsatzen zuten bi entitate desberdin behar zirela izan, baina azkenean logikoena izan da biek harreman handia izatea, bi proiektuak herri ekimenetik sortuak baitira». Era berean, biltzar nagusian bi kooperatiben bilana egin dute, eta Ipar Euskal Herriko energia berriztagarrien zirkuitu laburra aztertu.

Hastapeneko xedea

Krisiak lantalde berria sortzeko balio izan duenez, horren norabidea berritzeko baliatu dute, baita I-ENER eta Enargia sortu zireneko jatorrizko balioak «erdigunean» emateko ere. Hurrenez hurren 2014an eta 2018an sortu ziren bi kooperatibak, eta energia berriztagarriak garatu nahi dituzte Ipar Euskal Herrian, energia kontsumoa «merkatu kapitalistaren baldintzapean» ez dadin izan. Horren karietara, Lizarraldek salatu du «lan handia» badela, Ipar Euskal Herriak «sekulako» dependentzia duelako kanpotik datorren energiarekiko.

«Eguneroko lanean, helburua da herritarren esku diren tresnak garatzea, herritarrek parte har dezaten gure proiektuan»IBAN LIZARRALDEEnargia kooperatibako lehendakaria

Berriztagarrien alorra garatu behar bada, Enargia kooperatibako lehendakariak argi utzi du diru etekinik gabeko ekintza izan behar dela. «Eguneroko lanean, helburua da herritarren esku diren tresnak garatzea, herritarrek parte har dezaten gure proiektuan». Gainera, Lizarralderen irudiko, herritarrek, I-ENER-en edo Enargiaren proiektuetan dirua emanez edota kooperatibaren kide izanez, garrantzi handiagoa ematen diote, badakitelako proiektuaren balioa zein den.

(ID_14006144) Enargia I-ener
Enargia eta I-ENER kooperatiben iazko biltzar nagusia, Uztaritzen, ekainaren 22an. NAHIA GARAT

Proiektu berriei so

I-ENER eta Enargia proiektu ttipiak egiteko sortu baziren ere, Senperen egitasmo handi bat egiteko baimena lortu dute. Lizarralderen erranetan, hemendik aitzina I-ENER eta Enargia gai lirateke proiektu handiak garatzeko. «Nahiz eta I-ENER zinez proiektu ttipiekin hasi zen, gaur egun energia fotovoltaikoaren arloan Frantziako Estatuarekin negoziatu ondotik, Senperen proiektu bat garatzeko baimena lortu dugu». Dena den, nagusiki teilatuetan ematen dituzten eguzki panelekin osatzen dute urteko jarduera.

Proiektuak aitzina eramateko tenorean, Euskal Herrian saretua izateak laguntza «handia» ekartzen die I-ENER-i eta Enargiari. Hego Euskal Herriko Goiener kooperatibarekin egitasmo amankomunak egiten dituzte, eta, nahiz eta Hegoaldeko kasua «desberdina» izan, «biziki harreman ona» dute. Lan harreman horri esker, Europako energia berriztagarrien sareko kideak dira Goiener eta I-ENER. Ondorioz, baliteke errazagoa izatea Europako diru funtsak eskatzea eta proiektuak garatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.