Elkarretaratzea Baionako herriko etxe aitzinean, maitzaren 1an izandako atxilotu eta zaurituen alde / GUILLAUME FAUVEAU

Errepresio politikoa salatzeko protesta kolektiboa eginen dute maiatzaren 16an

Ipar Euskal Herriko hainbat talde militantek eta eragile sozialek mobilizaziora deitu dute maiatzaren 16rako. Salatuko dute azken bi urteetan bederatzi auzi eta 31 auzipetu izan direla, baita errepresio moralak, ekonomikoak eta sozialak ere.

Errepresioaren kontrako prentsaurrekoa, Baionako auzitegiaren aitzinean, apirilaren 4an. GUILLAUME FAUVEAU
Errepresioaren kontrako prentsaurrekoa, Baionako auzitegiaren aitzinean, apirilaren 4an. GUILLAUME FAUVEAU
BAIONA
2026ko maiatzaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ipar Euskal Herriko mugimendu politiko eta sozial ugaritako militanteek maiatzaren 16an Baionan eginen duten manifestazioan parte hartzera deitu dute. Hauxe izanen da leloa: Injustiziarik gabeko gizarte baten alde lan egiten segitzeko, gure arteko elkartasuna sustatzeko eta errepresioari elkarrekin buru egiteko. Apirilaren 4an, Baionako auzitegiaren aitzinean hirurogei bat lagun elkartu ziren jada, errepresio politikoaren salatzeko eta manifestazio horren funtsa azaltzeko. Bertan izan ziren, besteak beste, Jardun, U14, Ostia sarea, J’Accuse, Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialista, Lagundu eta Blokatu kolektiboetako militanteak.

Azken bi urteetako jazarpen politikoaz egiten duten analisia aurkeztu zuten orduan. 2024. eta 2025. urteen bilan latza egin zuten: tarte horretan Ipar Euskal Herriko 31 militante auzipetu dituzte, bederatzi auzitan. Epaiketetan denetara 12.580 euroren isunak ordaintzera kondenatu dituztela adierazi dute, eta horri gehitzen zaizkio beste 10.000 euroren gibelapenezko isunak eta 11.560 euroren kalte ordainak.

«Errepresioa jasan duten kolektiboetakoak eta autonomoki eragiten duten batzuk ere elkartu ginen zapalkuntza horren inguruan hausnartzeko. Talde handi eta plurala osatu zen, eta interesgarria izan da elkarrekin manifestazioa pentsatzea»

PATXI LASKARAI Errepresioaren aurkako mugimenduko kidea

«Errepresioa jasan duten kolektiboetakoak eta autonomoki eragiten duten norbanako batzuk ere elkartu ginen zapalkuntza horren inguruan hausnartzeko. Talde handi eta plurala osatu zen, eta interesgarria izan da elkarrekin manifestazioa pentsatzea», azaldu du Patxi Laskarai militanteak, errepresioaren aurkako mugimendua nola eratu zuten galdetuta. Taldearen erranekin bat egin du, hemengo kasua testuinguru globalago batean kokatuz, egoera ez baitzaio, haren ustez, Ipar Euskal Herriari mugatzen. Izan ere, taldeak dio «agerikoa» dela «kapitalismoak hondamendi sozial, kultural eta ekologikoa dakarrela, eta ororen buru oligarkiaren interesak soilik defenditzeko erregimen zapaltzaile hori bortizten ari dela arlo guztietan».

Frantziako Estatuak plantan emandako errepresioa dinamika orokorrago batean kokatzeko beharra sentitzen dute, uste baitute «Europan estatuak autoritarismo prozesu batean murgilduak» direla. Hainbat adibide aipatu dituzte, Euskal Herrian eta munduan balio dutenak: austeritate ekonomikoa, gerla, ekosistemen suntsiketa masiboa, euskararen, Euskal Herriaren eta oro har nazio eta herri zapalkuntza...

Errepresio politikoaren inguruko hausnarketez gain, taldeetako kideek amnistia galdegiten dutela azpimarratu dute. Horiek horrela, «urte luzez errepresioa pairatzen segitzen duten preso, iheslari eta deportatuak» gogoan atxikitzeko eta gaur egun militantziagatik «jazarriak diren eta izanen diren» militanteen eskubide politikoen bermatzeko aldarrikapena aitzinera eraman nahi izan dute.

Errepresio forma anitz

Apirileko agerraldian, antolatzaile taldeak erran zuen errepresio politikoa «ez dela epaiketa eta kondenekin hasten». Beste errepresio forma anitz badirela oroitarazi dute, hala nola «Poliziaren kontrola: segipenak, kamera bidezko kontrola, telefono komunikazioen zelatatzea, DNA eta hatz aztarnen eskuratzeko presioa... Poliziaren bortizkeria mobilizazioetan, intimidazioak, edota hitzezko bortizkeria». Preseski, Baionako Auzitegiaren aitzinean agertu ziren, sinbolikoki, aparatu judizialaren boterea kritikatzeko. «Era anitzetako injustiziak erreproduzitzen dituen ordena sozial zapaltzailearen defentsa egitea» leporatu zioten Frantziako Poliziari.

Laskaraik argi utzi du errepresioa fisikoa izan daitekeela, gainera. Azken adibide gisa, maiatzaren 1ean Jardun koordinakundeak antolatutako ekinaldiaren harira Frantziako Poliziak erabilitako bortizkeria fisikoa salatu du. Izan ere, polizia batek buruan kolpatu militante bat larrialdietara eraman behar izan zuten, eta beste asko negar gasarekin haizatu zituzten. Urte hasieran, bestalde, U14 kolektiboko lau militante bortizki atxilotuak izan ziren, eta haien etxeak, miatuak.

Laskaraik oroitarazi du zigortutako militanteek beste kondena batzuk ere izan dituztela: presondegi kondenak gibelapenarekin, lanordu behartuak, herritartasun ikastaldiak, herritar eskubideen baliogabetzea, lurralde debekuak eta manifestatzeko debekuak

Aurretik azaldu duen bezala errepresioa ekonomikoa baldin bada ere, Laskaraik azaldu du Frantziako Estatuak «mugitzen» den militante oro «isilaraztea eta beldurtzea» duela helburua, «hainbat metodoren bidez». Horretarako, oroitarazi du zigortutako militanteek beste kondena batzuk ere izan dituztela: presondegi kondenak gibelapenarekin, lanordu behartuak, herritartasun ikastaldiak, herritar eskubideen baliogabetzea, lurralde debekuak eta manifestatzeko debekuak. Horri arrapostua emateko, Laskaraik argi du: «Modu bakarra borrokan kolektiboki segitzea da, indar harreman horretan parean izango gaituztela sentitu dezaten».

Maiatzaren 16ko manifestazioa aitzin, sostengu bertso bazkaria eginen dute arratsaldeko oren batean, Baionako Epaiska elkartean, Elixabet Etxandirekin eta Ramuntxo Kristirekin. Ondotik, manifestazioa tren geltokitik abiatuko da, arratsaldeko bostetan. Anartean, antolatu duten ekinaldiari atxikimendua adierazteko, Cryptpad izeneko plataformaren bidez izenpeen biltzen hasi dira. Edozein elkartek, mugimenduk, kolektibok, musika taldek, gaztetxek izenpetu dezake, baita norbanakoek ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA