Pantxix Bidart

Etabar luzea

2025eko ekainaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gure herriaz tesia egiten ari den estatubatuar gazte batek elkarrizketatu ninduen ene kantuaren praktikaz. Elkarrizketa bukatzear zihoala, azken galderak harritu ninduen: «Pentsatzen ote duzu Euskal Herria kolonizatua dela?».

Aiba! Kanpotik etorritako hau bi urtez hemen biziz halako ondorioetara iritsi da! Gutariko gehienoi galdera ez zaigu bururatu ere egin!

«Bai!!! Noski!!!», erantzun nion, duda izpirik gabe.

—«Galdera hori elkarrizketatu guziei egiten diezu ala eni bakarrik? 

—Denei, noski!

—Eta erantzuna zer da?

—Gehiengoak ez du kolonizazioarena ikusten. Zuk zertan ikusten duzu kolonizazioa?

Gaiak sortu emozioak, eta gogoeta eskasak agian, ez nion erantzun konbentzigarria eman.

Etxeratu eta pentsaketan egon naiz. Zertan ageri zait kolonizazioa? Zerrenda bat hasi dut. Luzatzea nahiko duzuenen esku. Zertan?

—Gure historiaz dugun ezjakitean;

—Kafe bat eskatu eta esker txarrez frantsesez edo espainolez erantzuten didaten tabernarien portaeran;

—Gure herriko karriken izenak bahitu dituzten arrotz izenetan;

—Baiona luze eta zabal zeharkatuz ez dudalarik arima bakarra ere ezagutzen —ez karrikan, ez saltegietan—;

—Hazparnen, euskal kulturaren presentzia eskasa ikusten dudanean ekitaldi ofizialetan;

—1945eko munduko gerla ospatzeko herriko haurrak Laboaren Martxa baten lehen notak (oso gaizki) kantatzen entzuterakoan Frantziako banderaren pean.

...

Et’abaret’abaret’abar.

Publizitate pixka bat arnasgune nahiko genukeen ostatu-liburu saltegi berriari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.