«Urteetako arduragabekeria pagatzen ari gara». Ahoan bilorik gabe mintzatu da Xebax Christy Alda mugimenduko eta Herrian Bizi plataformako kidea, etxebizitzaren krisiaren inguruan. Auzapezek esku hartzeko aukera badutela esplikatu du, eta, beraz, herriko bozetako hautagaiak akuilatu ditu: «Borondate politiko afera bat da». Etxebizitzaren krisia gai nagusitzat daukate hautagai guziek; ertz anitz ditu gaiak, eta «aterabide magikorik ez». Halere, herritarren interesak defendatzeko, Herrian Bizi plataformak hamazazpi neurri hartzeko eskatu die hautagaiei. Ipar Euskal Herriko Hitza azken urteetako lege dispositiboak biltzen ahalegindu da, azken hiru urteetan hiru neurri sartu baitira indarrean: alokairuen mugatzea, konpentsazio legea eta Echaniz-Le Meur legea.
SRU Legea
2000. urtean indarrean sartu zen SRU Legea: 3.500 herritar baino gehiago dituzten herriek gutxienez zenbat etxebizitza sozial behar dituzten finkatzen du. Egun, %25 da heina, eta hamasei herrik errespetatu beharko lukete. Gehienak, ordea, urrun dira helburu horretatik —Baiona da heina errespetatzen duen bakarra, etxebizitzen %26,5 baitira sozialak—. Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta hautagaiak BERRIAn erran du %30era iritsi nahiko lukeela, eta ondoko herriei leporatu die beren «partea» ez betetzea.
16.500 dira etxebizitza sozial baten galdea egin dutenak, erantzunik jaso gabe. Egiten diren hamabi eskaeratatik bakarrak erantzun baikorra izaten du: eskasia handia da, argiki. Beraz, herriko bozen testuinguruan zer erran handia eman du gaiak. Hautagai gehienek bat egiten dute bizitegi sozialen kopurua emendatzeko beharrarekin, eta kontsentsu aski handia da horren inguruan. Haatik, argi dute erronka zera dela: non eta nola eraiki.
Urruñan, kasurako, Sebastien Etxebarne hautagaiak egungo auzapez Filipe Aramendiri leporatu dio etxebizitzaren gaia molde «politikoegian» tratatu izana. «Bizitoki pribatuei erabat uko eginez eta dena absolutuki esparru publikotik egin nahian, agintaldiaren erdia galdu da». Aramendik, berriz, segurtatu du etxebizitza proiektuak abian dituztela herri zentrorako, tartean bizitegi sozialak egin ahal izateko.
Nolanahi ere, elkargoaren esku da hirigintzaren eskumena: hari dagokio PLUI herriarteko tokiko hirigintza planak bozkatzea. Aldako Xebax Christyren arabera, auzapezek eta Euskal Hirigune Elkargoko hautetsiek «norabide politikoak» markatzen dituzte arlo horretan, eta etxebizitza sozialak eraikitzea, hein handi batean, «borondate politiko» kontu bat da. Halere, argi du «erronka» handia dela, eta «planifikazioa eta baliabideak» galdetzen dituela. Etxebizitza sozialak eraikitzea ezin daiteke lurraren kaltetan egin, Christyren arabera: «Lurrak artifizializatu gabe egin behar lirateke, dagoeneko badena arraberrituz, lehentasunez. Gehiago behar dira, baina ez da aterabide magikorik: lan eta ingeniaritza handia behar da». Gehitu du eragile publikoei dagokiela lan hori egitea, «arauak ez ditzaten promotoreek finkatu».
Herrian Bizi plataformak, hala, herriko bozen hautagai guziei galdegin die etxebizitza sozial gehiago egin ditzaten, baina SRU legeak inposatutako heinaren kalkuluaren egiteko orduan hutsik diren etxebizitzak eta bigarren etxebizitzak ere kontuan hartuz.
Alokairuen mugatzea
Etxebizitzak alokatzeko webgune batera sartzea aski da krisiaren alderdietariko bat ulertzeko: Lapurdi kostaldean alokatzeko etxe guti azaltzen dira, eta diren apur horiek, kario. Nahiz eta alokairuak mugatzeko lege bat izan, hutsune zenbait baditu.
Izan ere, Alda kolektiboak lan bat eraman zuen alokairuen mugatzearen alde, eta, preseski, 2024ko azaroan sartu zen indarrean alokairuak mugatzeko legea, tentsiopeko eremuko 24 herritan. Konkretuki, legeak ontasunak alokatzeko prezioak finkatzen ditu, baina fite heldu da lehen muga: prezioen mugatze hori 2024ko azaroko prezioen batezbestekoaren araberakoa da —ordurako jadanik goratuak ziren azkarki prezioak—. Gauzapenari dagokionez, lau eremu bereizi dituzte, eta bakoitzari erreferentziako alokairu prezio bat ezarri diote, karguak kanpo, gela kopuruaren, eraikitze urtearen eta beste zenbait elementuren araberakoa. Prezio horretatik abiaturik, «gehienezko prezioraino» jo dezake jabe batek, %20 gora eginez gehienez ere; gorago joatea legez kanpokoa da.
Gehiago dena: ahulezia nabarmen bat badu legeak, alokairu osagarriak gehitzen ahal baitzaizkio, etxeak izan ditzakeen ezaugarri berezi batzuen arabera —ez da finkatua zehazki zein diren, baina izan daiteke, adibidez, balkoirik edo autoarendako lekurik baduen—. Aldak segurtatu du lagundu dituen herritarrek urtean 2.300 euro aurreztu dituztela batez beste alokairuen mugatzeari esker.
Christyk erran du herriko etxeek ez dutela mugatze horretan zuzeneko eskumenik, baina legea errespetarazteko eskumena elkargoak bere gain har lezakeela erran du —Parisko herriak egina duen bezala, adibidez—. «Argi ukan behar dugu lurralde mailan egiten dena elkargoan erabakitzen dela, eta herriko bozetan hautatzen ditugun hautetsiak direla», zehaztu du.

Konpentsazio araua
Krisiak faktore «anitz» ditu, Christyren ustez. Eta etxebizitza turistikoek eta bigarren etxebizitzek eragin nabarmena dute horretan. Krisiari erantzutekotan, beraz, «ertz guzietatik» heldu behar zaio. Turismorako bizitegiak mugatzeko konpentsazio araua plantan ezarri zuen elkargoak duela hiru urte. Konpentsazio arauak turismorako etxebizitzak alokairuan jartzeko baldintzak finkatzen ditu, eta tentsiopean diren 24 herriei aplikatzen zaie arau hori ere. Laburbildurik, konpentsazio arauak eskatzen du etxebizitza bat urte osoko alokairuan ezarria ukaitea turismorako alokairua egin ahal izateko. Bi helburu nagusi ditu: zenbait etxebizitza urte osoko bizitokien multzora itzul daitezen, eta Airbnb logikaren gelditzea.
Alta, jabe anitzek ez dute egitasmo hori errespetatzen, eta Aldak, iragan astelehen goizean, bi ekintza egin zituen Donibane Lohizune eta Hendaian iruzur horietako bi seinalatzeko. Iruzurren ondorioz, herriari zor zaion bigarren etxebizitzen zerga ez dute pagatzen jabeek, eta hain zuzen argumentu hori baliatu dute hainbatek arau hori «malgutzea» eskatzeko. Horien artean dira Kotte Ezenarro Hendaiako auzapez eta hautagaia, Jean Francois Irigoien Donibane Lohizunekoa eta Maider Arostegi Miarritzekoa.
Baina argi erantzun dio horri Christyk: «Konpentsazio araua malgutzen bada, ez da gehiago araurik. Arindu behar dela diote, baina neurri hori arintzea lanjerosa da: edo aplikatzen da, edo ez da aplikatzen», erran du. Are gehiago, konpentsazio arauari esker «odolustea» gelditu dela uste du.
Iruzurra badela ez du ukatu Christyk, eta justuki Aldarekin egindako hainbat ekintzatan hori salatu dutela zehaztu. Baina arauaren arazoa iruzurra bada, iruzurraren kontra egin behar dela argudiatu du, eta horretarako baliabideak eman behar zaizkiola elkargoari.
Bigarren etxebizitzak
SCOT lurralde kohesiorako eskeman jaso zuten datua: 2021ean Ipar Euskal Herria eta Landetako Seignanx eskualdea biltzen dituen eremuan 44.000 bigarren etxebizitza baziren; horietarik 43.000 bat Ipar Euskal Herriko eremuan; denetara diren bizitegien %20, batez beste. Gehienak kostaldean dira, eta herri batzuetan etxebizitzen erdia dira bigarren etxebizitzak, hala nola Getarian (%51), Donibane Lohizunen (%42) eta Ziburun (%47). Horri gehitzen zaio etxe hutsak ere andana bat badirela: 11.463 elkargoaren datuen arabera. Xebax Christyk egoera deitoratu du: «Ez da onargarria». Herriko etxeek eskumen batzuk badituzte, halere: izan ere, herriko kontseiluak bozka dezake bigarren etxebizitzari dagokion zergaren heina igotzea, gehienez ere %60raino. Hala egin zuten Urruñako eta Ziburuko auzapezek, kasurako. «Bigarren etxebizitzena ere borondate politiko afera bat da. Orain da garaia ondoko urteetako politika finkatzeko; aukera ez da galdu behar», erran du.
Horri dagokionez, Echaniz-Le Meur legea bereganatzea deliberatu zuen elkargoak. Horri esker, besteak beste, herriko etxe batzuek erabaki dezakete bizitegi proiektu berrietan bigarren etxebizitzak debekatzea. Bestalde, etxebizitza turistikoendako balio zuten zenbait abantaila kendu ditu legeak, zergei begira sustut. Jabekidetasunean kudeatzen diren eraikinetan etxebizitza turistikoak debekatzea ere errazten du, eta iruzurrei aurre egiteko zigorrak gogortzen.