Aitor Zabaleta

'Etzakit' zer pasatzen den

2026ko urtarrilaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denboraren makina hartu izanaren sentsazioarekin 2025a bukatu eta hasi dut 2026a. Nire haurtzaroan gurasoen autoan soinu banda izan nituen Errobi eta Pantxoa eta Peio oroitzapenen kutxatik atera, eta batzuek agur birako azken kontzertua eskaini dute Donostian eta bigarrenek agur kontzertuak iragarri 2027rako, Barakaldon. Hori gutxi balitz bezala, Etzakit taldeak, 30 urteren ostean, Oialume Biltokian (Hernani) eskaini dituen hiru kontzertuek nire nerabezarora eraman naute supituki.

Batzuek eta besteek gure herriaz abestu dute, gure aberriak pairatzen duen zatiketa eta zapalkuntza usu izan dute hizpide. Argi dago urteak joan diren arren zapalkuntzak bere horretan dirauela. Agian inoiz baino indartsuago, gainera, guztiz ikusezina bilakatu baita.

Kultura oro har, baina musika bereziki, funtsezko tresna da egunerokotasunak normaltasunez janzten dituen jazarpenak azaleratzeko. Lege eta erakundeen atzean dauden zapalkuntzak salatzeko. Ez gara gutxi izan hitz eta musika horien bitartez gure nortasun politikoa eraiki dugunok. Biziki kezkatzen nau lehen euskal talde guztien ahotan zen zapalkuntza gaur egun salbuespen bilakatu izana, gure herriko ostatuetatik Euskal Herriaren, euskararen eta, azken batez, gure izate osoaren zapalketari buruzko kantak ia guztiz desagertu izanak. Iruditeria kolektiboa osatzeko funtsezko faktoreak direlako eta borroka horretan (ere) galtzen ari garelako. Ez dugu onartu nahi, baina desagertzen ari gara. Horregatik, iraganetik etorkizunera oihu egin nahi dut gaur, Etzakit eta Errobiren hitzak nire eginez: kondairaren beharrik izan ez dezagun: atzar hadi!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA