Izaki marjinalizatuak hainbat eremutatik heldu direla frogatu du Patxi Arsa baionar gazteak. Ekainaren 24an aterako du argitara Euskal Herriko munstroak fanzinea, proiektu anbiziotsu batekin: Euskal Herriko queerren bizipen eta lekukotasunak ezagutaraztea. Irudiz, arte obraz, fikziozko testuz eta lekukotasunez osatutako dokumentu honen ideia 2025eko udan abiatu zen, eta hasieran lagunen arteko proiektu bat zela azaldu du Patxi Arsak. «Denbora pasatu ahala, beste jende baten bila joatea pentsatu dugu, kontakizun eta ikuspuntu gehiago ukaiteko». Fanzinearen helburua argi da: euskal kulturan guti ordezkatuak diren istorio queerrei ikusgaitasuna ematea, euskal mitologiako irudiak eta sinboloak erabiliz. «Iruditzen zaigu zinez zubi bat badela egiteko munstro, queer, eta orokorrean gizartean seinalatuak direnen artean». Hortik dator Euskal Herriko munstroak izenburua. Ele bitan izanen da, euskaraz eta frantsesez.
Fanzinea queer kulturan eta borrokan leku handia duen adierazpen tresna da. Horregatik hautatu zuten proiektua formatu horretan gauzatzea; baina, Arsak aitortu duenez, emaitzak beren itxaropen guziak gainditu ditu. «Hasieran, corpus amankomun bat egiteko abiatuak ginen: lau-bost pertsona, hogei orri...». Harriduraz hartu dute sortzaileen erantzun kopurua. «Ez nuen uste hainbeste jende izanen zenik, ezta proiektua ezagutarazteko Instagramen egin dugun publikazioa birala bilakatuko zenik ere. Biziki fite, beren istorioak kontatzen zizkidatenen ekarpenez, artelan proposamenez, kontakizunez eta lekukotasunez gainditua izan naiz. Sorpresa handia izan da egun batzuetan lagunen arteko proiektu ttipi batetik gainera erortzen zaigun komunitate oso batera pasatzea».
Haren ustez, erantzun oldea queerren ohiko errepresentazio maila apaletik dator. «Ertzetako pertsonak, queer pertsonalitateak, beti diskriminatuak eta itzalean izan dira. Ez gaituzte usu aitzinean jartzen, eta publiko mainstream-ak itzalgune edo ezezagutza handia du gure existentziari dagokionez». Sorkuntza artistikoa elkar ulertzeko eta gauzak mugiarazteko manera izan daiteke.
«Aspaldiko» beharra
Euskal mitologia eta queerren bizipenak lotzeko hautua egin du Patxi Arsak, eta ildo hori segitzen duten obra anitz errezibitu dituztela erran du. Haren iritziz, biak ez dira kontrajarriak, nahiz eta euskal kultura tradizionala eta gibelatua dela pentsatzen duen jendea baden. «Bistan da, hemen ere diskriminazioa, homofobia, transfobia eta ezezagutza badira, baina entzuten duen jendea ere bada, proiektu artistikoa biziarazi nahi duen jendea, edo sinpleki gurekin den jendea, sostengatzen eta ulertzen gaituena». Fanzineak aurreiritziak deseraikitzea du helburu, queer izaeren kontra direnekin ere elkar hobeki entzuteko eta ulertzeko.
Aurresalmenten bidez fanzinea deskubritzean jendearen erreakzioa biziki positiboa izan dela nabarmendu du artista gazteak. Jakin-mina eta interesa izan dira nagusitu diren sentimenduak; sorpresa efektuaren ondorioz nehork ez dakielako zer agertuko den barnean. Aurkeztutako proposamena beren gustukoa izan da, halere. «Usu ateratzen dena da: azkenean! Jendea kontent da gai hori, hau da, Euskal Herrian queer izatearena, azkenean agertzeagatik. Berritasun sentsazio bat badela ere uste dut, orain arte anitz aipatua izan ez den gaia delako». Horrelako proiektu baten beharra «aspalditik» bazela erran du.
Orain, fanzinea biziaraztea izanen da segida. Liburu denda independenteetara eramanen dute, aurresalmenten bidez osatutako erreserbari esker —ekainaren 21era arte egin daitezke aurresalmentak—. Dena autoedizioan egina izanen da, eta fanzinearen inguruko gertakari eta topaketak antolatuak izanen dira urtean zehar. Ekainaren 24a buruan gordetzeko lehen eguna da: Baionako Kaxu galerian fanzinearen abiatze gaualdia ospatuko dute, musikarekin eta drag ikusgarriekin. «Elkar ikusteko, ospatzeko eta fanzinearen bila jiteko parada izanen da, besta giroan».