Geroaren lehen notak zabalduko ditu EHZk

30. aldikotz, EHZ festibala eginen dute gaur arratsetik igande gauera arte. Siwanabak eta Xistor of Downek abiatuko dute jaialdia. Musikaz gain, ikusgarri eta hitzaldi franko izanen dira Arberatzen.

Siwanaba, artxiboko argazki batean. BERRIA
Siwanaba, artxiboko argazki batean. BERRIA
Xalbat Alzugaray
2026ko ekainaren 26a
05:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

30 urte beteko ditu aurten EHZ Euskal Herria Zuzenean festibalak. Joan den abenduko prentsaurrekoan abisua eman zuten antolatzaileek: «Ez da nostalgiarako tenorea». 30 urteko ibilbidea markatzeko, abendutik hona podcast bat eta liburu bat karrikaratu dituzte. Larrazkenean, berriz, dokumental batek borobilduko du festibalaren urtemuga. Karpak, ostatuak eta azpiegitura osoa plantan emateko lanak finitzen ari direla, Geroaren lehen notak lelopean hasiko dute aurtengo aldia Arberatze-Zilhekoan (Nafarroa Beherea), gaur arratsaldetik igande gauera artio.

Auzolanean, trukean eta autogestioan oinarriturik, 1996an Arrosan (Nafarroa Beherea) hasi eta Arberatze-Zilhekoako soroetara iritsi bitarte, «bere burua eraldatzen» jakin du EHZk, antolatzaileek kontatu dutenez. Hala, Idauze-Mendi (Zuberoa), Heleta (Nafarroa Beherea), Lekorne (Lapurdi) eta Irisarri (Nafarroa Beherea) iraganik, Arberatzen segituko du aurten. Antolatzaileen erranetan, hastapeneko balio berak ditu festibalak, eta horri esker bizirik iraun du.

Ohi bezala, beraz, festibalak hiru egun iraunen du, eta ohiko formatua izanen du. Euskal Herriko eta kanpoko musika taldeek osatu dute aurtengo programazioa. Denetariko estiloak izanen dira, eta, kontzertuak ez ezik, mintzaldiak, ikusgarriak eta tailerrak ere antolatu dituzte. Siwanaba eta Xistor of Down taldeek hasiko dute festibala gaur, eta ebiakoitzean, berriz, Bele, DAM talde palestinarra, Merina Gris, Jonkass eta RTZ ariko dira, bertzeak bertze.

(ID_14656509) (Jon Urbe/@FOKU) 2025-02-06, Donostia. Merina Grisen lan berriaren aurkezpena
Merina Gris taldeko kideak. JON URBE / FOKU

Egun horretan, plazako programazioa goizetik hasiko da. Bertan ere denetarik atzeman dezakete festibalera joandakoek. Bertso saio musikatua antolatu dute, eta bertan kantatuko dute Miren Artetxek, Ekhiñe Zapiainek eta Haira Aizpuruak. Musikan, Lora Lazkano, Maiana Agerre eta Bastien Marianne ariko dira. Gaizka Chamizoren Heroiaren mina ikusgarria eta Bilaka kolektiboaren azken dantza pieza ere goiz berean ezagutzen ahalko dituzte ikusleek.

Berritasun gisa, zirku karpa bat eman dute lehen aldikotz. Ebiakoitzetik hasirik, hainbat ekitaldi izanen dira bertan. Libertivore konpainiak irekiko du karpa, eta, egun horretan, Gilkitxaro antzerki taldearen pieza eta Maialen Lujanbioren RR ikusgarriak izanen dira. Igandean, berriz, mintzaldi batekin hasiko da bertako programazioa, eta laborantzan baliatu pestiziden eraginez ariko dira hizlari franko. Arratsaldez, Batcharte konpainiak dantza emanaldia emanen du, eta karpak ateak hetsiko ditu Martzelinaren eta Esacto’lidoren ondotik.

Eskaintza politikoa

Eztabaida xokoa ere egun horretan irekiko da, eta igandea bitarte hitzaldi franko eginen dira. Ebiakoitzean, EHZ: Auzolanaren lurretan liburua presentatuko du Aitor Servierrek. Bertzalde, Mijo Lizarzaburu lodifobiaz eta kontrol mekanismoez ariko da; eta DAM taldeko kideak, kontzertua emateaz gain, Palestinaren egoera kulturalaz solastatuko dira. Eskuin muturraren estrategia komunikatiboak aztertuko ditu Antton Rouget kazetariak, eta haur transen egoeraren berri emanen du Naizen elkarteak.

Igandean, berriz, bi hitzaldi baizik ez dira izanen eztabaida xokoan. Euskararen presentzia pantailetan hizpide izanen dute Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak eta Xumar Altzugarai Pantailak Euskaraz-eko bozeramaileak. Festibalaren egitarau osoa ehz.eus webgunean kontsulta daiteke.

Feminismoak, antikapitalismoak, ekologiak, askatasun sexualak eta kultur aniztasunak definitzen dute festibala. Ondorioz, edozein motatako erasoen kontrako protokoloak plantan ezarri dituzte EHZn. Errate baterako, eraso sexisten, transfoboen, lesbofoboen, homofoboen eta arrazisten kontrakoak. Protokolo hori martxan emanen dute soilik eraso bat gertatuz gero. Azaldu dutenez, denendako segurua den leku bat lortzeko, protokoloa prestatzeaz gain, prebentzioa ere landu behar da.

EGITARAUA

  • ORTZIRALEA
  • Plaza. 18:00. Siwanaba eta Xistor of a Down.
  • Oholtza nagusiak. 20:45. Xak, Ixabe, Ketekalles, Niko Etxart eta Hapa Hapa, Tekmao, L’Entourloop, Jean-Paul Groove, Ztah, Acidulant.
  • EBIAKOITZA
  • Plaza. 11:00. Berdinki Zirkus, bertso saio musikatua, La Chorra de Raouf, Bilaka kolektiboa, Gaizka Chamizo eta bi zaldi, Bide Bakarra, La Patina, Cordcore.
  • Zirku karpa. 12:30. Libertivore. 16:00. Gilkitxaro. 18:00. RR.
  • Oholtza nagusiak. 18:30. Jonkass, Bele, Dena, Nina Coyote, RTZ kolektiboa, DAM, Anestesia, Merina Gris, Matah, Yard, Bonnie Spacey.
  • Eztabaida xokoa. 10:00. Ikusten ez dena ikasten du AA-k. 11:00. Auzolanaren lurretan liburuaren aurkezpena eta Haur eta gazte transen egoera. 14:30. Eskuin muturraren estrategia eta gerla kulturala. 15:00. Loditasun politikoa eta kontrol mekanismoak. 17:00. Palestina, rapa eta askatasuna.
  • IGANDEA
  • Plaza. 10:00. Ziganteak eta gaiteroak, Les Cuisinieres, Aireak esan dezan, ekitaldi nagusia, Kospeistar Orkestra, Txingili’k, Pastors Of Muppets, Marabiyak, Olaya Sound System.
  • Zirku karpa. 10:30. Pestizidak ala hil hitzaldia. 13:30. Batcharte. 15:45. Martzelina. 17:30. Esacto’lido.
  • Oholtza nagusiak. 18:00: Moonlight Benjamin, Etzakit, Marabiyak, Imarhan, Skabidean, Pambele, Silitia, Snapped Ankles.
  • Eztabaida xokoa. 11:00: Euskara pantailetan, pantailetan euskara. 14:30. Amerikar inperialismoaren eragina eta estrategia berriak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA