Argi erran dute lau hautagaietarik hiruk: «Ez dugu aliantzarik nahi». Nahiz eta Mathieu Horn entseatu zen Helene Etxenikerengana hurbiltzen joan den astelehenean, Etxenikek «ateak hetsi» zizkiola zehaztu du Hornek. «Arras alderdi ikuspuntua dute, eta ez dute gure ikuspuntua. Guk bokalesekin lan egin nahi dugu, ez dugu alderdi baten zerbitzuko izan nahi». Beraz, Etxenikek, Francis Gonzalezek eta Guy Boulangerek ez dute nehorekin batu nahi izan, bertze zerrendek haienaren «balioekin bat» egiten ez dutelako.
Egungo auzapez Gonzalez berriz partituko da «ezker anitzaren» etiketapean. Parean hiru zerrenda izanen ditu. Hornek PS Frantziako Alderdi Sozialista, EH Bai eta ekologistak batzen dituen zerrenda muntatu du. Bertzalde, Etxenikek PCF Frantziako Alderdi Komunistak sostengatu zerrenda osatu du, eta Boulangerek, berriz, «etiketarik gabeko» zerrenda sortu du, «nehongo» alderdi politikotan lotua den bokalesekin.
Azken hamabost urteetan biztanle kopurua emendatu da Bokalen: 6.000 biztanle inguru ziren lehen, eta 9.000 biztanle dira orain. Harrezkeroztik, iragan diren herriko etxeen erronka izan da biztanle berrien harrera nola egin, eta gai hori «lehentasuntzat» dute heldu den igandean herriko bozen bigarren itzulian presentatu diren lau zerrendaburuek. Gonzalezek zehaztu du etxebizitza sozialak eraiki dituztela etxebizitza krisiari aurre egiteko. «Egun etxebizitza sozialen kopurua %22koa da. 2014an herriko etxean sartu ginelarik, ez zen kasik deus egina». Horrekin ados da Horn, baina, erran duenez, etxeak «nolanahika» eraikiak izan dira, biztanleentzat egin «bizi proiektu» bati pentsatu gabe. Horrekin bat dator Etxenike ere. Konturatua da etxebizitzak «beharrezkoak» direla, baina adierazi du eraikitzekotan «hobeki» pentsatu behar dela. «Berriki 146 etxebizitza egin dira, eta eraikin batetik bertzera gatza pasa diezaiokezu auzoari. Ez da pentsatu herri biziari, eraikitzeari baizik ez».
«Berriki 146 etxebizitza egin dira, eta eraikin batetik bertzera gatza pasa diezaiokezu auzoari. Ez da pentsatu herri biziari, eraikitzeari baizik ez»
HELENE ETXENIKE PCFko zerrendaburua
Etxebizitza gehiago eraiki bada, auto gehiago ere jinarazi da, eta etxebizitza kopuruaren handitzeak mugikortasun arazoak ekarri ditu. Bokalen auto «anitz» ibiltzen dela zehaztu dute Hornek eta Etxenikek, eta horri aurre egiteko «zentzuzko» bizikleta bideak egitea proposatu dute biek. Horn: «Bidegorriak behar ditugu, bizikletak leku ttipiegia baitu Bokalen. Gainera, auzo batzuetara ez da autobusa ontsa heltzen. Autoa ez da hil behar, baina behar da kopuruz jaitsi». Etxenikeri iruditzen zaio «sekulako» beranta dutela bizikleta bideei doakionez, eta «ezin txarragotzat» jo du oraingo sarea.
Hiria «biziarazi»
Hautagaiek zehaztu dutenez, urteekin «lo egiteko» hiria bihurtu da Bokale. Horri aurre egiteko, Hornek, Etxenikek eta Boulangerek erdiguneko plaza berrantolatzea proposatu dute. Erran dute dauden merkatari gutiak lagundu eta bertze batzuk erakarri behar direla. Neurrien artean, Etxenikek merkatua Bokale gainetik beherera berriz ekartzea proposatu du. «COVIDaren aitzakia hartu zen merkatua herriko etxe ondora eramateko, baina berezko lekua Semard plaza du, eta horrek lagunduko du biztanleen artean trukatzea eta plaza aparkaleku huts izan beharrean bizitoki izatera». Boulangerek eta Hornek kontatu dute auzapez balira diru laguntzak emanen dituztela enpresak erdigunean egonkortu daitezen. Horn: «Komertzio batekin-edo, hemen instalatu nahi diren gazteak erakarri behar ditugu, eta diru laguntza batzuk eman ditzake herriko etxeak horretarako».
Gonzalezek, berriz, oposizioko kritikak ukatu ditu, eta Bokale bizirik dagoela erran du. «110 elkarte ditugu gure hirian, eta merkatari anitz ari dira erdigunean egonkortzen; gezurra erraten dute. Bokale erakargarria da».
Gazteak «erdigunean»
Hiria bizia izan dadin, gazteak bertan geldi daitezen, kontsumitu dezaten eta herriko bizian parte har dezaten nahi dute hautagaiek. Hornen arabera, gazteentzat programa «aberatsa» dute. Bokaleko elkarteen arteko sare bat sortu nahiko luke, lehen-lehenik eta gazteak elkartzeko gune bat egin. «Gaztetxe moduko bat nahi genuke muntatu irabaziko bagenu». Etxenikek, berriz, besten komitea plantan eman nahi luke, baita Apollo kulturgunea berrantolatu ere. Horrela, gazteen arteko «trukaketa guneak» bultzatu nahi lituzke. Boulangerek, berriz, gazteei aitzinkontu parte hartzaile bat eskainiko lieke, nahi duten proiektua gauza dezaten. «Beste hiri batzuetan egin izan da hori. Gazteei aitzinkontu bat eman ondotik, biztanleen artean bozkatzen da proiektua egingarria den ala ez ikusteko».

Familia gazte «anitz» datozela adierazi dute hautagaiek, eta azpiegitura eskasean Baionara joaten direla nabarmendu dute. Bertzeak bertze, Hornek erran du bigarren haurtzaindegi publiko bat beharko litzatekeela ireki eskaerari aurre egiteko. Boulangerek azaldu duenez, familia gazteek elkar truka dezaten guneak sortu behar dira. «Espazioak behar dira birpentsatu, parkeak emanez adibidez».
Euskara eta gaskoia
Euskarak eta gaskoiak bat egiten dute Bokalen. Seaskak ikastola 2017an ireki zuen bertan. Gonzalezek nabarmendu duenez, garai hartan ikastola lagundu zuen herrian egonkortzen. «Biziki» argi du «eskualde hizkuntzak» defendatuko dituela auzapez jargia lortuko balu. Alta, iazko ekaineko Euskal Elkargoko biltzarrean, Gonzalezek Lexantzü-Zunharreko auzapez Egoitz Urrutikoetxeari frantsesez mintza zedin agindu zion «denen ulermenerako».
Bertzalde, Etxenike eta Boulanger «biziki» atxikiak dira bi hizkuntzei. Funtsezkotzat jo dute bi hizkuntzen alde aritzea, baina ez dute neurri zehatzik proposatu. Etxenike: «Eskualde hizkuntzetako festibal bat egin nahiko genuke euskara eta gaskoia erdigunean jarriz, eta, gainera, euskoa ere nahi genuke txertatu herrian».
Hornek, berriz, dokumentu guziak hiru hizkuntzetan emanen dituztela segurtatu du. Euskara eta gaskoia biziarazi nahi dituela gehitu du, eta bi hizkuntzak egunerokoan txertatu nahi lituzke gazteen harrera guneak euskaraz eta gaskoiz ere izan daitezen, baita eskolaz kanpoko aisialdian haien lekua izan ditzaten ere.