Baldintza berezietan iragan ziren azken herriko bozak, 2020an, COVID-19aren pandemiaren atarian joan behar izan baitzuten herritarrek bozka bulegoetara. Aurten, pandemiarik ez, eta ohiko baldintzetan iraganen dira Ipar Euskal Herriko herrietan bozak; Euskal Hirigune Elkargoaren parte diren 158etan, eta Eskiulan eta Jeztazen, zeinak Biarnoko Elkargoan diren baina Zuberoako parte diren. Martxoaren 15ean izanen da lehen itzulia: herri gehienetan nahikoa izanen da auzapeza nor izanen den jakiteko, zerrenda bakarra edo bi baizik ez baitira aurkeztuko. Hamalau herritan besterik ez da bigarren itzulirik gertatzen ahalko, eta hori martxoaren 22an eginen dute. Lehen itzuliko emaitzen berri plazaratzeko emankizun berezia egingo dute Euskal Hedabideek, zuzenean. 19:00etatik goiti izanen da ikusgai, Euskal Hedabideen webgune eta irratietan. Bozka bulegoak 08:00etatik 18:00etara izanen dira irekiak.Â
Ikusi gehiago
Orotara, 226 zerrenda osatu dituzte Ipar Euskal Herriko herritarrek, elkargoaren parte diren 158 herrietan. Aurten, baina, aldaketa handi batera egokitu behar izan dute mila biztanle baino gutiagoko herriek. Iazko apirilean indarrean sarturiko erreformaren ondorioz, zerrenda osoak aurkeztu behar izan dituzte —gehienez ere hautetsi kopurua baino bi gutxiago izatea baimendu dute—, eta lehen aldiz zerrenden parekidetasuna errespetatzera behartuak izan dira. Horrez gain, hautagaiak marratzeko edo gehitzeko aukerarik ez da izanen gehiago. Nolanahi ere, zerrendaburu gehienak gizonezkoak dira, oraindik: %71. 63 emazte baizik ez dira zerrendaburu gisa aurkeztu; ikustekoa da horietarik zenbat hautatzen dituzten auzapez. 2020an, 28 emazte izan ziren auzapez hautatuak.Â
Hiru zerrenda edo gehiago dituzten herrietan izanen da bigarren itzulia posible, lehen itzulitik zerrenda batek bozen %50 baino gehiago lortzen ez baditu: Miarritzen, Baionan, Donibane Lohizunen, Bokalen, Angelun, Hendaian, Urruñan, Senperen, Kanbon, Azkainen, Arbonan, Maule-Lextarren, Beskoitzen eta Getarian. Bozen %10 kausitu behar ditu zerrenda batek bigarren itzulira pasatzeko; %5 baino gehiago lortzen dutenek bat egin dezakete beste zerrenda batekin. Bigarren itzulirako zerrenden arteko aliantzak datorren astearte gauera arte egiten ahalko dituzte hautagaiek.Â
Bestalde, bigarren itzulitik landa, erabakirik geldituko da zer kontseilari bidaliko dituen herri bakoitzak elkargora.Â
Abertzaleen erronka
Duela sei urte, ezkerreko abertzaleek bultzatutako zerrenda zabalak gailendu ziren hainbat herritan, eta ordutik hamabost herritan izan da ezkerreko auzapez abertzale bat. Hego Lapurdin izan ziren lorpen horietako gehienak. Aurten ere badute zer lortu abertzaleek: 2020an irabazitakoa atxiki eta herriko etxe gehiago lortzea izanen da erronka. EH Baik, aurten, 23 zerrendari adierazi die sostengua.
Ikusi gehiago
Kanpainako gai nagusia etxebizitzaren krisiaren ingurukoa izan da: hautagai gehienak bat datoz krisia dela, baina aterabideen inguruan ez dute denek bat egiten. Bizitegi sozialei begira, zehaztekoa da herri gehienek ez dutela errespetatzeko SRU legeak inposatzen dien %25eko heina. Halere, argi dute halako norabide politikoak elkargoak markatuko dituela.Â