Xabi Larralde

Herriko bozen erronka Ipar Euskal Herrian

2026ko martxoaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurtengo herriko bozak tokiko testuinguru politiko berezian kokatzen dira. Izan ere, lehen ezkerreko abertzaletasuna proiektu sinboliko edota sinpatiko gisa kontsideratua bazen, hainbatendako arerio arriskutsua bilakatua da. Baina maila elektoralista edo alderdikoia baino haratago, boz horien bestelako funtsezko erronkak azpimarratu behar ditugu.

Lehenik eta behin, abertzaleek herriko etxea altxatzeak itzelezko garrantzia dauka herri ikuspegi batetik. Gure nazio eraikuntza eta burujabetza prozesua behetik gorako prozesu bat da. Herritarren arteko elkarbizitzaren lokarri hurbilekoak herri mailan finkatzen dira. Aritmetika elektoralaren perspektibatik betiere pozgarria bada, ezkerreko boz abertzalearen indartzeak gure funtsezko balioen errotze dinamikan sakontze bat dakar: euskaltzaletasuna, feminismoa, ekologia, eta herri gisa bizirauteko gogoa.

Bigarrenez, Ipar Euskal Herri mailan indarrean dugun koadro instituzionalari dagokionez, Hirigune Elkargoko ordezkariak herriko etxeek izendatzen dituzte. Maila globalean (mundu mailan) indarrean ditugun joera orokor batzuei erantzun ahal izateko, koadro hori ezinbestean aldatu behar dugu. Horregatik, 2024ko abenduan EH Baik proposamen berritu bat plazaratu zuen: autonomia estatusa erabakitzeko eskubidearekin hornitua.

Besteak beste, funtsezko lau joera globalak pairatzen ditugu: eskuin-muturraren indartzea mugimendu neoerreakzionarioaren bultzadaz, iraultza numerikoa, krisi ekologikoa, inegalitateen leherketa. Bistan dena, lau joera horiek elkarri lotuak dira. AEBn neoerreakzioa eta teknologia numerikoen enpresa handien arteko juntaketaren haritik astindua den pentsamendu beldurgarriak (ikusi Peter Thiel eta dark enlightenment ideologia) G. Orwell-en 1984 distopia errealitatea bilakatzeko mentura dugula ikusarazten digu.

Frantziako Estatuan 2018an lehertu zen Jaka Horien oldarrak datu garrantzitsua agerian utzi du: jendarte inegalitario batean trantsizio ekologikoa burutzea ezinezkoa da. Indarra hartzen ari duen distopia horren aitzinean, gure nortasuna lanjerrean da. Lurralde ttipia izanki, Iparraldeak erreferentzialtasun politikoa eta baliabide azkarragoak behar ditu euskara eta euskal kultura defenditzeko.

Mundu mailan aldebakartasun eta bertikaltasun logiken barnean sortzen ari diren dinamikak eta azpiegituren aitzinean, hurbiltasunetik eta horizontaltasunetik eraginkorki kudeatu daitezkeen gai estrategikoetan gure erabaki ahalmena indartu behar dugu. Trantsizio ekologikoari begira, adibidez, gero hurbilean, edateko uraren eskasiak herritarren eta eragile ezberdinen arteko adostasunak ezinbestekoak bilakatuko ditu.

Azkenik, hainbat gaitan, Ipar Euskal Herriarentzat gutxieneko masa kritiko baten erdiesteko esparrua Euskal Herria bera da. Hortaz, azken adibidea emateagatik, gure gazteria formatzeko, irakaskuntza, goi mailako ikasketa eta ikerketa mailan ahalmen handiagoak beharrezkoak ditugu, lehentasunez sail horretan, Hego Euskal Herriarekin elkarlan estuagoa eta orekatuagoa gauzatu ahal izateko. Parte garrantzitsu batez, Hirigune Elkargoan ordezkari izanen diren hautetsi berriek heldu beharko dizkiete erronka horiei eta Iparraldearen estatus aldaketaren beharrari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA