Indarkeria matxista, auzitegiko aulkietatik

Bortizkeria matxistako auzien eguna da Baionako auzitegian. Bederatzi kasu daude epaitzeko. Bederatzi gizon justiziaren aitzinean, emazteen eta haurren kontrako indarkeria ekintzengatik.

Baionako auzitegia. GUILLAUME FAUVEAU
Baionako auzitegia. GUILLAUME FAUVEAU
julene muruaga
Baiona
2026ko azaroaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osteguna, 13:45. Baionako auzitegiko ateak zabaldu berri dituzte. Auzitegira sartzen diren guziak ber lekura doaz, baina ez arrazoi beragatik; batzuk lan egitera sartzen dira; beste batzuk, jakin-minagatik. Badira justizia bila datozenak ere: biktimak. Eta badira biktimek bizi izandakoaren erantzule direlakoan sartzen direnak ere: akusatuak. Ate nagusia pasatu, segurtasun ataria zeharkatu, eta erabaki behar da auzitegiko bi geletako zeinetara sartu. Gaur, eskuinekora. Bederatzi kasu aztertuko dituzte; hobeki erranda, bederatzi gizon epaituko dituzte. Eskuineko gelara sartzen direnek eraso matxisten bederatzi kasuren berri izanen dute. 

Epaile bakarra da. «Arratsalde honetako lehen kasuarekin hasiko gara: bederatzigarren dosierra. Barandara deitzen zaitut». Lehen akusatua, 52 urtekoa, hara hurbildu da. Ez du biziki argi zer egin eta non eman dilindan dituen bi gorputz adarrak. Itzultzaile bat du ondoan, epailearen erranak ingelesera itzultzen dizkiona. Bikotekidearekin bortitza izateagatik auzipetua dute gizona. Jujeak gertakariak kontatu ditu. Otsaileko gau batez, gizona ikusi zuten Miarritzeko karriketan, ondoan zuen emaztea zaflatzen, ileetatik hartzen eta lurrera botatzen. Emakume hori gizonaren emaztea dela zehaztu du jujeak. Biak mozkorrak zirela gehitu du, gaualdia edaten pasatu zutela.

«Onartzen duzu hala gertatu zela?». Akusatua itzultzailearen erranen beha egon da. «Bai, onartzen dut. Baina zaflakorik ez nion eman». «Zure atxiloketan egin zen galdeketan zehaztu zenuen zure jatorriko herrialdean erreakzio hori normala zela, eta onartua», adierazi du epaileak. «Hori da. Georgian, ene herrian, emaztearekin ez bagara ados, horrela erantzuten dugu, normala da», erantzun du akusatuak. Epaileak ihardetsi dio emaztea ala ezezagun bat jotzea ez dela «arrunta», ez hemen eta ez han. Gertaerekin loturiko elementu bat azpimarratu du epaileak: «Alkohola ez dea faktore adierazgarri bat, adibidez?». «Ez. Edana izan ala ez, halako probokazio baten aitzinean horrela erantzuten dut. Gizon bat naiz!». Biktimari hitza hartzea proposatu diote, baina ez du erantzunik eman nahi izan.

«Uste dut kasu hau talka kultural bati lotua dela. Akusatuaren defentsa bakarra da bere herrialdean emaztea jotzea legala dela, beraz hemen ere egiten duela. Bikotekidea errespetatzea ez da kulturala, baizik eta unibertsala»

MARION CHALAUXBaionako auzitegiko prokuradorea

Ondotik, Marion Chalaux prokuradoreak hitza hartu du: «Uste dut kasu hau talka kultural bati lotua dela. Akusatuaren defentsa bakarra da bere herrialdean emaztea jotzea legala dela, eta, beraz, hemen ere egiten duela. Bikotekidea errespetatzea ez da kulturala, baizik eta unibertsala». Prokuradoreak akusatuarentzako zigorra eskatu eta gero, araberakoa izan da epailearen erabakia: gizona erruduntzat jo eta kondenatu du. Lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote, gibelapenarekin  —gisa bereko delitu bat egiten badu, zigorra presondegian bete beharko du; anartean, ez du presondegira joan beharko—.

Bikotea, bortizkeriaren habia

Lehen kasua ebatzi bezain laster, bigarren kasuari hasiera eman dio epaileak. Gizon handia da, zut eta segurtasunez ibiltzen da auzi gelako pasabidean. Eskua ile horitik pasatu, eta barandan pausatu du gero. «Ez da normala hain usu elkar ikus dezagun», bota dio epaileak akusatuari. «Badakit...». 23 urte ditu akusatuak, eta bigarren epaiketa du. Egun, hiru salaketarengatik epaitua izanen da, hirurak bortizkeria kasuak, eta horietako bat bikote barneko bortizkeriarena.

Indarkeria matxistako kasuaren barnean azterturiko gertakariak 2023ko martxotik 2024ko urrira bitartekoak dira. Bi eszena kontatu ditu epaileak. Bata, akusatua eta emakumea oraindik bikote zirela Miarritzeko diskoteka batean gertatua: akusatuak beste mutiko batekin dantzatzen ikusi zuen neska laguna. Orduan, besotik hertsiki hartu, eta kanpora eraman zuen. Erasiatzen hasi ziren, eta neskak zaflako bat eman zion mutikoari. Mutikoa, bikotekidea lurrera jaurti, eta irainka hasi zitzaion: «Puta! Urdanga zikina!». Besotik tiratzeak uspelak utzi zizkion besoan neskari. 

Bigarren gertakaria ere besta giroan iragan zen, epaileak biktimaren testigantzatik abiatuz kontatu dutenez. Akusatua eta emakumea bereiziak ziren, eta bakoitzak leku batean egina zuen besta gau hartan. Miarritzeko karriketan elkar gurutzatu, eta hitz egiten hasi ziren, tonua altxatu zen arte. Berriz ere, akusatuak irainak bota zizkion neskari. Neska bultzatzen hasi, eta tu egin zion. «Jakin behar da harreman toxiko batean ginela. Dena zen bortitza, eta beti», azaltzen saiatu da akusatua. «Baina horrek ez du kentzen zure ekintzak bortitzak izatea, ezta? Bultzatu zenuen, ezta? Tu egin zenion», berriz hartu du epaileak. «Bai». «Markak utzi zenizkion?». «Bai». «Beraz, bortizkeria erabili duzu!», bukatu du epaileak.

Akusatuaren abokatuak hitza hartu du bere bezeroaren defendatzeko. Abokatuaren hitzetan, parekagarriak dira bikotekideetako bakoitzak elkarri eginiko bortizkeriak. Biktima gisa aurkeztu nahi izan du gizonezkoa, erranez haurtzaro konplikatua izan zuela, baita haren neska lagun ohiak ere. Gehitu du bezeroak ere salaketa ezartzen ahal zuela neskalagun ohiaren «bortizkeriagatik». «Neska batentzat, erraza da salaketa ezartzea, baina gizonentzat zailagoa da. Nire bezeroak 1,90 metro neurtzen du: ikusten duzue salaketa bat ezartzen? Ez dut uste!», argudiatu du abokatuak. Azkenean, epaileak beste hiru indarkeria kasuak aipatu ondotik erabakia eman du, eta ondorioztatu gaztea hiru gertakariren hobendun dela: sei hilabeteko kartzela zigorra gibelapenarekin, eta 200 euroko isuna. 

Haurrak ere biktimak

Hurrengo kasua konplexuagoa da, biktima bat baino gehiago baitira. Akusatua, 54 urteko gizonezko bat, epailearen aitzinera agertu da, harrotasun airearekin. Gibeleko bankuetan jarriak dira biktimak: gizonaren emazte ohia eta emaztearen bi alabak; baina akusatuaren eta bien semea ez dago, oraindik gazteegi baita. Hauek dira leporatzen zaizkionak: bikote barneko bortizkeria psikologikoa, 15 urte baino gehiagoko adingabe baten aurka bortizkeria psikologikoa eta fisikoa baliatzea, eta 15 urte baino gutiagoko adingabe bati eraso fisikoak egitea.

«Arratsalde hartan, sexu harremanak izan nahi zituen. Nik ez. Baina badakit nolakoa bilakatzen den sexuz gabetua delarik. Beraz, onespenik gabeko harremanak ukan eta gero, dibortzioaz mintzatzea proposatu nion, eta gure haurraren zaintzaz. 'Dibortziatzen bagara, dena desagerraraziko dut', erran zidan», kontatu du epaileak, emaztearen hitzak irakurriz. Gertakariaren ondorioz, Polizia deitzea eta salaketa ezartzea erabaki zuen emakumeak.

Behin gizona atxilotu zutelarik, emaztearekin harremanetan sartzea debekatu zioten. Halere, mezuak bidali zizkion, eta harremanetan sartzeko saiakerak egin. Horien artean, bi minutuko mezu bat: «Erantzun bat behar dut. Utziko nauzu: bai ala ez? Ez dut iraunen, ez dut atxikiko. Berriz atzemanen nauzu, baina berriz hitz egiten ahalko ez didazun egoera batean. Ez da mehatxu bat, baina nire onetik aterarazten nauzu».

Alabaordeek, berriz, gizonari leporatzen diote bortizkeria psikologikoa baliatu izana, beren gorputzari buruzko irainak egin izana, baita alaba nagusiari eraso bortitz bat egin izana ere: gizonak irakinontzi batean irakiten ari zen ura  buru gainera bota zion neskari, kontatu dutenez. Horrez gain, emazteak salaketa ezarri zuen gizonak bien semeari zaflakoak eta ipurdikoak emateagatik. «Aipatutakoak ukatzen ditut. Nahiko nuke nire abokatuak hitz egitea nire ordez, zuzenbidean aditua baita. Egia argitan eman dezan, eta ez interpretazioak», erantzun dio akusatuak epaileari.

Halere, irakinontziaren gertakariaren inguruko bere bertsioa kontatzera akuilatu du jujeak. «Etxeko sukaldean ginen, eta lisaburdina pasatzen ari nintzen. Biziki estu ginen, eta nire gibeletik pasatzen entseatu da behin, ni bultzatuz, eta nik pasaia blokeatzen nion; bi aldiz gertatu zen, eta hirugarren aldiz egin aitzin abisatu nuen ura botako niola berriz egiten bazuen. Berriz pasatu da. Beraz, ondoan nuen ontzia bota nion burura. Zehaztu behar dut ura ez zela berotua!». Horrela segitu du bere burua defendatzeko: «Ez naiz haurraren aitzinean makurtuko. 1,85 metro neurtzen dut, 80 kilo pisatzen: mehatxatua sentitu naiz; beraz, erantzun diot. Merezi zuen!». «Deusek ez du justifikatzen nerabe bati eragindako bortizkeria. Zergatik eman horrelako erantzuna?», bota dio epaileak. «Eraso egin zidaten. Defentsa legitimoa izan zen. Ez bortizkeria». «Bai, bortizkeria da hori. Ura hotza ala beroa izan, bortizkeria da», ihardetsi dio epaileak.

Ondoren, epaileak mahaigaineratu du akusatua bortitza izan zela semearekin ere. Alabek eta amak kontatu dute gizonak ipurdikoak eta zaflakoak ematen zizkiola 3 urteko haurrari. «Hori guztia ukatzen dut», erran du berriz ere akusatuak. «Alta, zure atxiloaldian onartu zenuen ipurdikoak eman izana», kontatu du biktimen abokatuak. «Erritual» hitza baliatu du semeari egin indarkeriak justifikatzeko: kontatu du haurrak ez zuelarik oheratu nahi, ipurdian «zartatxoak» ematen zizkiola, hori dena «umore onean». «Testuinguru horretan ez da bortizkeria, baizik eta heziketa. Ez dira kolpeak, zarta ttipiak baizik». Epaileak eta biktimen abokatuek erran diote bortizkeria zela, halakorik egiteko intentziorik ez izanik ere.

Bi ordu pasa iraun ditu auzi horrek. Epaileak, akusatuak, parte zibilen abokatuak eta akusatuaren abokatuak alegatuak egin eta prokuradoreak zigor eskaera aurkeztu ondotik, epaileak erabakia eman du: alabaordeei egindakoaren  hobendun deklaratu du akusatua, partez. Emaztearekin bortitza izateagatik eta bere buruaz beste eginen zuela mehatxu egiteagatik ere hobenduntzat jo dute, partez berriz ere. Azkenik, arrunt hobenduna dela trenkatu du bere semearen kontrako bortizkeriari dagokionez. Semearena erran bezain laster, ama negarrez hasi da, lasaiturik. Gizonak sei hilabeteko kartzela zigorra jaso du, gibelapenarekin; halaber, emaztearekin harremanetan sartzeko debekua ezarri diote, eta buraso izateko ikastaro bat egitera behartua izanen da: «Haurrak zaflakorik ematen ez dion aita baten beharra du. Maite duen aita batena», bukatu du epaileak.

AzaROAREN 25eko mobilizazioak

Azaroaren 25a indarkeria matxistaren kontrako eguna da, eta horren harira, hainbat mobilizazio izanen dira Ipar Euskal Herrian. Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak hitzaldia emanen du gaur Baionako Biltxokon, 19:00etan. Sutan kolektibo transfeministak, iganderako antolatu du hitzaldia, 14:00etan, Elisa Routa idazlearekin, Baionako Chez Simone liburutegian. 

Azaroaren 25erako, berriz, mobilizatzera deitu dute antolakundeek. Sutan taldeak Baionako tren geltokitik abiatuta eginen du manifestazioa, 18:30ean. Itaiak 19:00etan eginen du, Baionako Jacques Portes plazatik. 

Egun berean, Ez Gitxu Lo taldeak elkarretaratzea eginen du Larzabaleko itzulgunean. Gero, Puzzleak, bortxaketaren jauregia dokumentala proiektatuko dute Ezpeletenian. 

Xiberoko Feministak taldeak zine gaualdi bat antolatu du azaroaren 25erako, Atharratzeko Prefostan. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA