Gaztetxeen topaketen hastapeneko ideia Gaga Donibane Garaziko gaztetxean sortu zen, sumatu baitzuten azken urteetan harremanak galdu zirela. Topaketen proiektuak oihartzuna izan du Iparraldeko beste bazterretan, eta, pixkanaka, beste gaztetxe batzuk ere lotu dira antolaketara. Elaia Borda Uhalde Miarritzeko Mizanbu gaztetxeko kideak erran du egun horrek behar bati erantzuten diola: «Sumatzen genuen koordinazioa falta zela Iparraldeko eremu ezberdinetako gaztetxeen artean, eta, denbora berean, belaunaldi aldaketa ugari izan dira». Behin gaztetxeetako kideen artean aipaturik, asanblada zabal batean bildu ziren denak apirilean, lehen aldikotz. Orduan atera zen uda aitzin lehen trukatze eguna antolatzeko ideia. Ekainaren 21ean elkartuko dira, Itsasuko Goxokin, egun osoan. Helburua da etorkizunean ere mota horretako trukeak egitea, koordinazio kolektiboa iraunarazteko eta dinamika orokor baten abiatzeko.
Topaketa egunaren hasteko, antolakuntzakoek gosaria proposatuko dute. Ondotik, hainbat tailer eginen dituzte goiz osoan: erasoen kontrako protokoloa landuko dute, soinu teknika, grafitia eta komunikazioa, talde ttipietan. Bazkaria izanen da eguerdian.
Arratsaldean, gaztetxeen funtzioari eta borrokari buruzko mahai inguru bat eginen dute. Hiru gaztetxetako gomiten lekukotasunak entzuten ahalko dira: Bilboko Etxarri II-ko, Hendaiako Enbatako eta Gernika-Lumoko Gaztetxeko (Bizkaia) kideek kontatuko dituzte esperientziak. Eztabaida ireki batekin osatuko dute solasaldia. Eguna bukatzeko, gaztetxeen arteko jokoak antolatu dituzte. Bestalde, egun horretan, suak eginen dira euskal presoen alde Ipar Euskal Herriko hainbat tontorretan, eta antolatzaileek joateko deia egin dute.
«Sumatzen genuen Iparraldeko eremu ezberdinetako gaztetxeen artean koordinazioa falta zela, eta, denbora berean, belaunaldi aldaketa ugari izan dira»
ELAIA BORDAMiarritzeko Mizanbu gaztetxeko kidea
Egun osoko egitarauaren prestatzeko, autokudeaketan aritu dira gaztetxeetako kideak; bakoitzak lantalde eta txanda batzuetan parte hartu du, eta ardurak denen artean banatu dituzte. Materialaren eta teknikaren aldetik, halaber, beren kabuz bildu dute beharrezkoa zutena: ikus-entzunezko materiala, jatekoa eta edatekoa, logistikarako tresnak... Finantzaketari dagokionez, gaztetxe bakoitzak bere baliabide ekonomikoen arabera parte hartu du proiektuan. Antolatzaileek segurtatu dute dirua denen artean banatuko dutela topaketaren ondotik, eta zailtasunetan diren gaztetxeen laguntzeko baliatuko dituztela etekinak.
Bakoitzak bere egoera
Gaztetxeetako kideentzat, elkarren arteko harremanak ehuntzeko ez ezik, aukera izanen da bakoitzak bere egoeren berri emateko eta izandako esperientziak aipatzeko ere. «Lurraldean gisa anitzetako egoerak badira, eta gaztetxeek horren araberako dinamikak dituzte», azaldu du Elaia Borda Uhaldek. Erraterako, eskualde batzuetan lokalik gabe dira gazte asanbladak. Haiei sostengua ekartzeko, topaketak gaztetxerik ez duten leku horietako batean egitea zen hasierako gogoa: Senperen, Zuberoan edo Amikuzen. Azkenean antolaketa arazoengatik Itsasun egitea deliberatu badute ere, helburua da bakoitzak bere zailtasunen berri ematea, elkar laguntzeko gerora.
Eskualde batzuetan lokalik gabe izanik ere, bertako gazte asanbladek bizirik atxikitzen dute gaztetxeen inguruko dinamika. Amikuzeko Aldaka da horietako bat; nahiz eta lokalik gabe gelditu iazko abenduan, Aldakarabana karabanarekin Amikuzen gaindi mugitzeko asmoa dute. Lehen urratsa maiatz hasieran egin zuten, Gabadin, kontzertu gaualdi jendetsu bat antolatu baitzuten. Lokalik gabe ere, gazteen saretzea sustatu nahi dute.
Ipar Euskal Herrian gaztetxeen arteko jardunaldiak ez dira biziki ohikoak, baina azken urteetan dinamika batzuk plantan ezarri dira Euskal Herrian. Iazko urrian, Leitzan (Nafarroa) iragan zen Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen topaketa. Euskal Herriko lurralde guzietako eragileak agertu ziren, gaztetxeen inguruko problematikei buruz gogoetatzeko eta saretzearen alde egiteko.