Itsasun oposiziorik gabe segituko dute abertzaleek

2020an, hamabost botogatik baizik ez zen pasatu Mikel Hiribarren Itsasun; aurtengo herriko bozetan, oposiziorik gabe gertatu dira ezkerreko abertzaleak. Aurka zituen bi listekin elkarlanean aritu ondotik, bisai berriekin segituko dute.

Balaki trinketearen estreinaldia Itsasun, 2025eko irailean. GUILLAUME FAUVEAU
Balaki trinketearen estreinaldia Itsasun, 2025eko irailean. GUILLAUME FAUVEAU
2026ko otsailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abertzaleek balentria lortu zuten 2020ko Itsasuko herriko bozetan. Hamabost boto gehiago lortuta, herriko etxeko gakoak eskuratu zituen Mikel Hiribarren Herriari zerrenda abertzaleko hautagaiak. Hiru lista aurkeztu ziren orduan; Jean Paul Iturburuaren Elgarrekin Segi Aitzina eta Louis Ustarrozen Itsasu Elgarrekin izan ziren gainerako biak. Hemeretzi urteren ondotik, Roger Gamoyek kargua utzi eta Iturburuak segida hartu nahi izan zion; baina gauzak ez ziren haiek aurreikusi bezala gertatu. Aurten, herriko etxearen gobernantzarako lehia ez da hain tinkoa izanen. Herriari zerrenda da berriz partitzeko prest agertu den bakarra, Hiribarren buru. Oposiziorik gabe, Itsasuko herriko etxea kudeatzen segituko dute bertze sei urtez bederen.

Azken hauteskundeetako garaipena gutxigatik eskuratu zutela ikusirik, abertzaleek argi zuten hastapenetik elkarlanean aritu beharko zutela beste zerrendetako hautetsiekin. Nicole Etxamendi lehen axuanta izan da sei urtez, eta hirigintzaz arduratu da. «Elkarrekin ari izan gara sei urtez, beti partekatu dugu, eta sortu ditugun lantaldeetan sartu dira. Orain egoera ezberdina da, ez dira berriz aurkezten; baina ez dut erranen domaia denik», azaldu du, irriz. Azpimarratu du hala ere oro har zailtasunak daudela jendea politika instituzionalean sartzera motibatzeko.

Mikel Hiribarren auzapezak iritzi bera du, baita neurri batean sorpresa pixka bat ere ikusita ez dela nehor aurkeztuko bere aurka. «Jendeak herriko etxea botereari lotzen du, baina errealitatean kudeaketan ari gara gehienbat», erran du.

Abertzaleen artean ere batzuek kargua utzi dute, eta bisai berriei eginen diete lekua. Postuan ziren hamalau axuantetatik bost aterako dira. Eta horiek ordezkatzeaz gain, beste zazpi hautagai atzeman behar izan dituzte 21 kideen zerrendaren osatzeko, bi ordezkariak barne.

Lehen agintaldiaz balorazio «oso positiboa» egin du Hiribarrenek. «Aitzinamendu andana egin izan ditugu sail askotan; horretaz kontent gara. Balaki bezalako proiektu ikusgarriak izan dira, baina, ondoko agintaldirako, egunez eguneko lan gehiago izanen da».

Hirigintzaren pisua

2020 eta 2026 arteko agintaldiko erronka handiena hirigintzarena zen; zehazki, tokiko hirigintza plan egoki bat lantzea. Euskal Hirigune Elkargoak ez zuen ontzat eman garai hartako herriko etxeak eginiko lana, eta abertzaleek hutsetik hasi behar izan zuten, behaketa eta proposamen plangintza berri bat aurkeztuta. Etxamendik prozesu horren nondik norakoak azaldu ditu: «Arrunt hutsetik arrahartu behar izan dugu hirigintza plana. Erritmo azkarrean lotu gara, erregularki bilduz eta aitzinamenduen berri emanez. Lege ezberdinak errespetatzea eta laborantza lurrak babestea genuen helburua».

Hirigintza arau horietan, preseski, Mendiarena eta ZAN zero artifizializazioko arauak atzeman daitezke. Mendi Legeak neurri zorrotzak behartzen ditu. Adibidez, etxe bat eraiki nahi bada herri batean, jadanik bost etxe bederen elkarren ondoan eginak izan diren auzoalde bat behar da, eta elkarren artean gehienik 50 metro behar dute. «Dentsifikazio prozesu batean kokatzen da, non espazio gutxiagorekin etxebizitza gehiago proposatu nahi den», esplikatu du Etxamendik.

«Arrunt hutsetik arrahartu behar izan dugu hirigintza plana. Erritmo azkarrean lotu gara, erregularki bilduz eta aitzinamenduen berri emanez. Legeak errespetatzea eta laborantza lurrak babestea genuen helburua»

NICOLE ETXAMENDI Itsasuko lehen axuanta

ZAN legeari dagokionez, Frantziako Estatuan ezarritako plangintza orokor baten barne da, helburua duena lurren artifizializazioa gelditzea epe ertain-luzean. Lanketarentzat, herritarrei bideratutako galdeketa dispositibo bat abiatu zuen herriko etxeak. Ekarpen «interesgarriak» eman bazituen ere proposamenak, zenbait alditan «interes partikular sobera» nahasten zirela aitortu du Etxamendik. Ondorioz, behaketa eta lanketa osoa baldintza zorrotzek bideratu zuten 2023ko maiatza arte, Elkargoak Itsasuko hirgintza plana onartu zuelarik.

Hurrengo agintaldiari begira, hirigintzak arrangura garrantzitsu bat izaten segituko du. Etxamendik zehaztu du desafio berriak izanen direla, plangintzako lanei jarraipen zehatzagoa eskainiz. «Lehen agintaldi honen ondotik, garrantzitsua izanen da diagnostiko fina eramatea. Politika soziala eta transbertsalagoa izan beharko da, etxeetan sartuz, jendeari hitza emanez. Interesatu eta neurtu behar dugu gehiago». Gaur egungo hirigintza planari ere «indar eman» nahi lioke, Lapurdi Ekialdeko lurraldeko herriarteko tokiko hirigintza planera egokituz Itsasukoa.

Bertzalde, Elkargoko Errobi poloaren barne da Itsasu, zeinetan biztanleriaren zahartze bat aurreikusten den hurrengo hamarkadetarako. «Familiak eta gazteak herrian atxiki behar dira», baieztatu du axuantak. Azken urteetako obrekin herriko zentroa bizigarriagoa izateko ahaleginak egin dituzte: gaineko plazatik norabide bakarreko karrikaren finkatzea, oinezkoendako espaloiak, autoen abiadura moteltzeko dispositiboak eta abar... Mugikortasuna «hobetzeko eta errazteko» inbertitu nahi izan du herriko etxeak.

Balaki erdigunean

Elkarte franko ditu Itsasuk, eta kasik berrogeita hamar herria bizirik mantentzeaz arduratzen dira. Politika instituzionalean sartzeko jende eskas dela ikusten bada ere, baliteke elkarteen kasuan ifrentzuzko joera izatea. Azken urteetan laguntza eta kidetze ainitz ikusi dituzte, eta herriko etxearen aldetik ere elkarteekiko engaiamendua berrestea beharrezkoa zitzaiela erran dute hautetsiek. 

2020-2026 agintaldiko esku hartze soziokultural garrantzitsuena Balaki trinketaren arraberritzea izan da; 2022an bilakatu zen jabe herriko etxea. Hamar bat urtez hetsirik egon zen 1961ean eraikitako pilotaleku hori. Baina itsasuarrentzat, kirolaz gaindi, elkarren artean biltzeko funtsezko bilgunea zen.

Dozena bat elkarte bildu ziren Balakiko Lagunak kolektiboaren sortzeko eta trinketa herriko etxeak erostea galdegiteko. Azkenean, urte eta erdiko obrak finitu, eta 2025eko agorrilean azalberriturik estreinatu zuten eraikin berria. Orain, trinketa, jatetxea, eskalada gela, eta denen gela kokatzen dira barnean.

Azken agintaldiko engaiamendu indartsuetako bat izan zen euskararen aldeko aldarria Itsasun, eta datorren urteetan ere «berretsi eta segurtatu» nahi dute. Hiribarrenek aitortu du oraindik «anitz» egiten ahal dutela hizkuntzaren presentzia eta erabilpena indartzeko.

Datuak

  • Demografia. 2.204. 
  • Boz zerrenda. 1.849.
  • Herriko kontseilua. 19 hautetsi.
  • Euskal Hirigune Elkargoa. Ordezkari bat.
  • 2020ko emaitza. Mikel Hiribarren %42,22 (14 hautetsi); Jean Paul Iturburua %41 (4 hautetsi); Louis Ustarroz %16,76 (hautetsi bat).
  • 2026ko hautagaiak. Mikel Hiribarren.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.