Kanboko Herriko Kontseiluak ez du onartu Marienea eta Usimendia proiektuak gibelatzeko mozioa

Herriko etxeko gehiengoak mozioa baztertu du. Oposizioko hainbat hautetsik «aukera galdutzat» jo dute. Haatik, Deveze auzapeza kontseilu ondokoaz baliatu da aurkariei pikoak botatzeko.

Kanboko Herriko Kontseiluaren bilkura, agorrilaren 20an. PATXI BELTZAIZ
Kanboko Herriko Kontseiluaren bilkura, agorrilaren 20an. PATXI BELTZAIZ
Kanbo
2025eko abuztuaren 21a
15:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aste hasieran, Kanboko (Lapurdi) Herriko Kontseiluko oposizioak Marienea eta Usimendia higiezin proiektuen obrak gibelatzeko mozioa aurkeztu zuen. Helburua zen herrian giro politiko «baketsu» eta «demokratikoa» bermatzea 2026ko martxoko herriko bozei begira. Baina, atzo erabakitakoak inor guti harritu du: mozioa aurkeztu zuten hamar hautetsiek baizik ez zuten haren alde bozkatu. Ondorioz, orain arteko aurreikuspenak zutik dirau: bi proiektuen obrak noiznahi has daitezke, nahiz eta oraindik proiektuei lotutako auzi batzuk ez diren osoki trenkatuak.

«Guretzat aukera galdu bat da, harrokeriaz eta hauteskunde giroan hartua». Amaia Beirie oposizioko hautetsiak hitz horiekin laburbildu du kontseiluko kide gehienek hartu duten jarrera. Nahi Dugun Herria taldeko kidea da Beirie, eta gaitzetsi du gehiengoak «blokean» bozkatu izana, boz bakar bat eman gabe oposizioaren mozioaren alde. «Bozka aitzin, auzapezak bere hautetsiak ongi lerrokatu ditu, erranez ez zuela dudarik bere zerrendako guziek bera bezala bozkatuko zutela. Giroa ez zen lasaia: tentsioa bazen, nahiz hitzetan ez zen islatzen».

«Bozka aitzin, auzapezak ongi lerrokatu ditu bere hautetsiak, erranez ez zuela dudarik bere zerrendako guziek bera bezala bozkatuko zutela. Giroa ez zen lasaia: tentsioa bazen, nahiz hitzetan ez zen islatzen»

AMAIA BEIRIE Nahi Dugun Herria taldeko hautetsia

Christian Deveze auzapezak jokabide hori asumitu du. «Pozten naiz kontseiluko gehiengoak gizon bakar bat balitz bezala bozkatu duelako», adierazi du. Erabaki «zintzotzat» jo du mozioa baztertzea; izan ere, haren ustez, «ez zuen zentzurik» juridikoki, eta, gainera, kalte ekonomiko «nabarmenak» eragingo lituzke.

Bestalde, Devezek hedabideen aitzinean hitz egiteko parada baliatu du Peio Etxeleku aurkariari pikoak botatzeko. Etxelekuk ahalordez bozkatu zuen atzo, ez baitzen joan Herriko Kontseiluaren bilkurara. «Agorrilaren 14an, mozioaren aurkeztera etorri zen, eta, gaur, aldiz, ez da hor haren defenditzeko. Aste osoan gure hautetsiengana hurbildu da mozioaren alde bozka zezaten. Uste dut Etxeleku jaunak irakaspenak bildu behar dituela». Urrunago ere joan da, eta Etxelekuk kargua utzi behar lukeela erran. «Azkenean, libre da berriz aurkezteko, baina, hemendik goiti, aukera bakarra du: kargua uztea. Mozioan heldu den martxoko hauteskundeak aipatzen baditu ere, nor hasi da lehen-lehenik hauteskunde kanpaina aipatzen?».

Gatazkak berriz pizteko lanjera

Peio Etxeleku Kanboko Herriko Etxeko gehiengoan egon zen 2022. urte arte. Geroztik, oposizioko hautetsi zenbaitekin aritu da, hala nola obren atzeratzea proposatzeko mozioa aurkezteko tenorean. Bada, Euskal Irratietan hitza hartu du Etxelekuk, barda Herriko Kontseiluak harturiko erabakiaren komentatzeko eta Deveze auzapezak egin zizkion oharrei erantzuteko. Gehiengoak mozioa baztertu izanak ez du poztu. «Mozioak mezu izugarri azkarra ukaiten ahal zuen. Proiektuen buru diren enpresei adierazten ahal genien obrak ez hasteko ondoko hauteskundeak izan aitzin eta, azken finean, nahi genuen Kanboko hautesleek hauta zezaten zeren alde edo zeren aurka ziren».

Bestalde, aitortu du «beldur» dela obrak hasten badira gatazka «minduko» dela, konfrontazioak «bortitzagoak» izanen direla eta horrek «osoki zangopilatuko» dituela giro «demokratikoa» eta orokorki hauteskunde kanpaina. «Bakoitzak dagokion erantzukizuna hartuko du, eta, ondoko asteetan ondorio latzak baldin badira, bakoitzak pentsatu beharko du bakearen edo konfrontazioaren alde bozkatu duen», ondorioztatu du Etxelekuk.

«Nire iritzi eta barne segurtamenen arabera ekinen dut hemendik goiti ere, Kanbo maite baitut, Euskal Herria maite baitut eta uste baitut gure gibelean badaudela jende anitz, gu bezalako boz independenteak, merezi dutenak beren ekarpena politikaren mahai gainean ezartzea»

PEIO ETXELEKU Oposizioko hautetsia

Oposizioko hautetsiak azaldu du bere politika desagerrarazteko «artoski» lanean aritu dela Deveze azken urteetan. Adibidez, Etxelekuk aipatu du Devezek Errobi poloko erreferente postua kendu ziola, Jean Rene Etxegarai Elkargoko lehendakariaren laguntzarekin eta «jukutria» batez baliatuz. «Nire iritzi eta barne segurtamenen arabera ekinen dut hemendik goiti ere, Kanbo maite baitut, Euskal Herria maite baitut, eta uste baitut gure gibelean badaudela jende anitz, gu bezalako boz independenteak, merezi dutenak beren ekarpena politikaren mahai gainean ezartzea».

Horrez gain, Marienea eta Usimendia higiezin proiektuen etorkizunari begira, Etxeleku arranguratua da, Beirie bezala. Biek argi dute «ateak hetsi» direla eta «aukera bat galdu» dela. Hala ere, Etxelekuk uste du 2026ko hauteskundeak garrantzitsuak izanen direla: beste gehiengo bat nagusitzen bada, dosier horiek «izugarri laster» landu beharko dira, erran duenez, promotoreekin eztabaidatzeko eta ikusteko zer aterabide atzeman daitekeen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.