Opor guti Kanboko (Lapurdi) Herriko Etxeko hautetsientzat. Christian Deveze auzapezak iragarri duenez, etzi eginen da hurrengo herriko kontseilua, eta bada arreta erakarriko duen puntu bat: izan ere, Herriko Kontseiluan ordezkaturik diren oposizioko taldeetako hamar hautetsik mozio bat aurkeztu dute. Helburua: 2026ko martxoan izango diren herriko bozak direla eta, Marienea eta Usimendia higiezin proiektuen obrak gibelatzea, herrian giro politiko «demokratikoa» bermatzeko.
Prentsa agiri batean esplikatu dutenez, bi etxebizitza proiektu horiek auzi juridiko ezberdinetan inplikatuak dira. Berriki Frantziako Estatuko Kontseiluak Marieneko lurren gainean eraikitzea baimendu badu ere, proiektu hori eta Usimendikoa ez dira oraindik juridikoki osoki trenkatuak. Hala, eraikitzeko baimenak aztertzen ari dira hainbat justizia prozesutan. Alde batetik, Marienearen kasua Bordeleko Dei Auzitegiaren esku da: deliberoa datozen hilabeteetan argitaratzea espero dute proiektuaren aldeko zein kontrako taldeek. Bestalde, Usimendia proiektua beste era bateko auzi batean sartua da, espezie babestuen suntsiketagatik salatua izan baita, «baimenik gabeko» oihan mozketa baten ondorioz.
Giro politikoa jokoan
Mozioaren aldeko hautetsientzat, hemendik martxora bitartean lanak hasten balira, «arrisku handia» dago «tentsio soziala» eta herri bizitzaren «sumindura» hedatzeko. Gainera, mozioaren aldekoen artean, martxoko hauteskundeetan parte hartuko dutenak daude. Ondorioz, aurkeztuko diren zerrendek bi proiektuei buruzko ikusmolde «oso ezberdinak» izanen dituztela zehaztu dute. Higiezinen proiektuen funtsa ez dute eztabaidatu nahi, baina obren gibelatzea eztabaidatuko dute. «[Mozioak] ez du eskatzen proiektuen mamiaz erabakirik hartzea, baizik eta egutegiari eta giro demokratiko eta baketsu bati buruzko jarrera hartzea».
Etziko bilkura publikoa 19:30ean hasiko da, eta gai zerrenda luzearen puntan tratatuko da mozioa. Herriko kontseilua agorril betean antolatu izana azpimarratu dute oposizioko hautetsiek, kontseilari «anitz» oporretan diren garai honetan. Hala ere, zehaztu dute herriko kontseilari guziek, edozein moduz, «ardura handiko» erabakia hartu beharko dutela. Mozioaren erabakiak 2026ko herriko bozen kanpaina baldintza dezake.