CDDHP Euskal Herriko Giza Eskubideen Defentsarako Komiteak foro berezia antolatu zuen joan den larunbatean, Jakilea aldizkariaren 40. urteurrena ospatzeko. Giza eskubideen defentsa ardatz hartuta, euskal militanteen alboan jardun dute beti injustiziak salatzeko helburuarekin. Gatazkaren konponbide prozesuan egin diren urratsak baikorki hartu baditu ere, Anne Marie Michaud lehendakariordeak (1947, Casablanca, Maroko) memorian egin behar den lanean jarri du azpimarra.
Zein dira gaur egun Euskal Herrian errespetatuak ez diren eskubideak?
Euskal Herria beti izan da eskubideak konkistatzearen alde aritu den lurraldea. Aipatu dezakegu ikastolen sorrera, baina CDDHPren sorrera ere ildo beretik doa, momentu batean LDH Giza Eskubideen Ligak ez baitzuen ulertzen hemen gertatzen zenari buruz ikuspegi juridiko berezitua behar genuela. Larunbateko foroan funtsean galdera bera egin genuen: zer eskubide eskas zaizkigu konkistatzeko? Atelier bat baino gehiago egin genituen, gaika banatuz.
Landu genituen pertsonen eskubideak: haurraren eskubideak, gizon eta emazteen arteko berdintasuna, migranteen eskubideak. Aipatu genituen ere eskubide sozialak, eta hor zehaztu genuen suntsipen garai batean garela langileen eskubideei buruz. Hirugarren tailerrean lurra eta etxebizitzaren gaia landu genuen. Eta laugarren atelierra ere izan genuen, beharbada ez hain ohikoa: memoriari eta hizkuntzari buruzkoa.
Bata eta bestea aktualitatean dira.
Halako prefeta bat, ez balitz, asmatu beharko litzateke. Denbora gutxi da hemen dela, baina jadanik agertu da hizkuntzari buruz, eta Itsasuko margolanari buruz. Hizkuntzari buruz uste dut biziki adi egon behar dugula, gauza biziki kezkagarri eta maltzurrak direlako. Euskal Konfederazioko Peio Jorajuriak esplikatu zigun izan direla aitzinamenduak urteetan zehar, baina ikusten dugu lortutakoa zalantzan emana izaten ahal dela edonoiz. Ez da behar statu quorik, bestela gibel egiten baitugu; hobe da aitzinamenduetan izatea. Aipatu dugu manifestazio handi bat izanen dela azaroaren 21ean.
Memoriari buruz, Agus Hernanek esplikatu zigun Giza Eskubideen Behatokiari rol garrantzitsu bat eman nahi diotela Hegoaldean; adi egon nahi dute, lekukotasunei lekua emanez, tortura kasuak kontuan hartuz. Eta aipatu zigun estatuen biktimak biltzen dituen Egiari Zor taldeak duen funtzioa. Perturren kasua izan zuen hizpide: urteetan zehar diskurtso bat izan da, bere kamaraden biktima izan zela. Baina, azken urteetan artxiboak ikertuz eta lekukotasunak buruz buru emanez egin duten lan artatsuarekin, agerikoa da bertsio horrek ez duela kanorerik, eta beraz Espainiako Estatuaren biktima izan litekeela. Eta hori biziki interesgarria iruditzen zait. Horregatik, ez dira sekula gelditu, blokeatu, itxi behar diskurtso historikoak.
Txomin Olhagarairen omenez Itsasun ezarri duten margolanak polemika piztu du asken asteetan.
Uste dut ikuspegi anitzetatik aztertu behar dela, baina badela lan bat egitekoa Iparretarrak erakundeari buruz. Aitortu behar da lurralde honetan jardun duen indar bat bezala. Eta hor ere haxean ezarri behar da, buruz buru eman, artxiboak ireki, lekukotasunei hitza utzi. Ipar Euskal Herrian bizi izan garenean, gertakari haiek denak ukitu gaituzte. Niretzat, gazte engaiatu batzuekin izan nuen lehen harremana izan zen. Eta Txomin Olhagarai eta Ramuntxo Arruizen kasuak anitz hunkitu ninduen. Txominen arrebak ikasle gisa izan nituen, eta, beraz, beti izan da nire aitzinean pausatua zen zerbait, esplikatu ezina eta biziki adierazgarria: engaiatzen den gizon gazte bat, bere herria beste ezer baino gehiago maite duena, arriskuak hartzen dituena. Eta bereziki markatu nau gertakariak nola aurkeztu dituzten, suprefetaren emaztearen kontrako atentatu saiakera bat izan zela erranez. Beharrik, batek baino gehiagok zuzendua izan da. Horregatik, hor ere garrantzitsua iruditzen zait kontakizunaren bidea, historiaren bidea, kazetaritzarena; adi egon behar dugu beti. Bide batez, biziki ongi atzeman nuen Gabi Mouescak Itsasun erran zuena, Max Brisson negazionista dela. Egia desitxuratzea huts bat da.
Nola eraiki daiteke Olhagarai bezalako militanteen memoria?
Uste dut badela kontakizunen garaia, baina funtsean hasiak gara. Badira hainbat lege gorrotora deitzea edo gizartea eta estatua arriskuan jartzea zigortzen dutenak. Baina hortik aitzina kontakizunari bidea libre utzi behar zaio. Eta zentsurarik bada, salatu behar da. Baina memoria sufrimenduan baizik ezin da izan, memoria bizia baita. Memoria zerbait errateko dutenek bizi dute. Eta horrek ez du bukaerarik. Zeren badira bistan dena mintzatzea eragozten zaienak, badira ahantziak direnak ere. Eta badira lehen tokian ezartzen direnak eta gertakariak desitxuratzen dituztenak. Eta ondotik, bada historialarien lana. Egiaren eta pertsonen errespetuan lan egin behar da.
Badakigu badela sufrimendua, mina; badira ahantziak, badira preso egon direnak, iheslariak; badira isilaraziak izan direnak. CDDHPBk Bake Bidean parte hartu zuen, nik ez dut lehen lerroan segitu; lorpenak izan dira bake prozesuarekin, armak isildu dira, hori argi da. Baina argi dena da bake horrek ez duela iraunik egiarik ez bada. Gertakarien egia, iraganeko egia, itzalean gelditu den guzia, gerla zikina, estatu terrorismoa; hori guzia atera behar da orain, bake prozesu horrek zentzua izan dezan.
CDDHPB gerla zikina indarrean zen garai batean sortu zen hain zuzen, 1980ko hamarkadan. LDH Giza Eskubideen Ligatik bereizi zineten.
Ni ez nengoen garai horretan. Baina atxiloketak baziren, sarekadak. Funtsean, ordura arte euskal iheslariei onartzen zitzaien asilo politikoa indargabetu zen, ontzat emanez Espainia demokrazia bat zela. Eta eztabaida sortu zen, batzuek errefusatzen baitzuten horiek kontuan hartzea. Borondate oneko jendea zen, errepublikanoa, baina jakobinoa oroz gainetik. Eta gobernu sozialistak ziren mugaz bi aldeetara. Horrela gertatu zen zatiketa, eta LDHko batzuek CDDHPB sortzea erabaki zuten. Hor zen Camille Frossard, Koko Abeberri abokatua, Adolphe Antxordoki apeza... Eta erabakia hartu zuten, injustizia bat ikusten baitzuten. Defentsa komitea sortu zen ideia horrekin, bazela hemen egoera berezi bat eta berezko eskubide batzuk, lurralde honi zegozkionak. Gaur egun harremanak hobetu dira; funtsean, LDH lehen lerroan izan da Bake Bidean ere. Baina Jakilea aldizkaria atxiki nahi dugu, eta horretarako talde propioarekin segitzen dugu.