Egiari Zor Ipar Euskal Herrian antolatzeko bilkura egin dute Baionan, biktimekin eta senideekin

160 bat biktima zenbatu dituzte, eta estatuaren indarkeria jasandakoei dei egin diete. Eragileekin harremanetan jarriko dira, eta ekitaldiak antolatuko dituzte egia, aitortza eta erreparazioa eskatzeko. Egiaren batzorde bat sortuko dute Euskal Elkargoan.

Egiari Zor taldearen sorrera batzarra, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Egiari Zor taldearen sorrera batzarra, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2026ko irailaren 26a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko gatazkaren ondorioen konponbidean urratsak egiteko bide berria abiatu dute Baionan. Biltzarra egin dute, Egiari Zor taldea Ipar Euskal Herrian antolatzeko. Estatuen indarkeria jasan duten 160 pertsona zenbatu dituzte jadanik, baina, gehiago izango direlakoan, dei egin diete haiekin harremanetan jartzeko. Ondoko asteetan Ipar Euskal Herriko eta Frantziako hainbat eragilerekin harremanetan jarriko direla iragarri dute.

Bakegileek eta Bake Bideak azken urteetan izan duten ibilbidea bukatutzat eman zuten iazko ekainean. Memoria ardatz hartuta, bakegintzan bide berri bat abiatzeko borondatea agertu zuten orduan. IFJD justiziaren eta demokraziaren aldeko Louis Joinet institutuak hartu du horren ardura, baina Ipar Euskal Herriko diputatuek ere heldu diote gaiari, eta, Frantziako Asanblean ikerketa batzorde bat sortzeko helburuz, lanean hasiak dira. Egiari Zor taldea antolatuta, biktimak eta senideak batzeko bideari ekin nahi diote, egia, aitortza eta erreparazioa helburu hartuta.

Amaia Gobet eta Ihintza Arrieta izanen dira egituraren bi ordezkariak. Gobet David Gramont euskal preso ohiaren bikotekidea da; Espainiako Estatuan atxilotu zuten Gramont, eta tortura bortitzak pairatu zituen. Arrieta GALen gerla zikinaren lekuko zuzena izan zen 1980ko hamarkadan.

Lau zeregin

Lau zeregin nagusitan laburbildu dute hemendik aitzina eraman nahi duten lana. Batetik, gaur egun arte euskal gatazkaren biktimek jasan duten «kategorizazioa» gainditu nahi dute, giza eskubideen urraketa berdinak jasan dituzten guztiei «aitortza maila bera» ziurtatzeko. «Horretarako, dauden legezko baliabideak biktimen zerbitzura jarriko ditugu, eta aitortza posible egin dezaketen mekanismo berritzaileak martxan jartzeko lan eginen dugu», adierazi dute ohar batean. 

Bestetik, «ezkutuan dauden egiak itzaletik argira» atera nahi dituzte. «Gatazkan bizi izandako sufrimendu askok eta askok ezkutuan diraute oraindik, ezagutzen ez ditugulako edo nahita estali izan direlako», esplikatu dute. «Horiek argitara ateratzeko, ezagutu eta ezagutarazteko egingo dugu lan, bermatzeko bizi izandako sufrimendua etorkizunean ez dela errepikatuko».

Horrez gain, bizikidetza eraikitzeko justizia eredu berria beharrezkoa dela adierazi dute, «ondorio guztiak konponduta eta gaindituta» dauden egoera bat erdiesteko. «Zigorra baino gehiago, egia helburu duen justizia eredu alternatibo bat eraikitzea beharrezkoa dela uste dugu, gatazka gehiago ez luzatzeko, haren ondorioak ez betikotzeko eta konponbidea ez oztopatzeko».

Azkenik, «biktimarioen inpunitatearen» salaketa publikoa ere egin nahi dute. «Lan egingo dugu ezagutzeko, ezagutarazteko eta publikoki salatzeko zein diren jo gintuzten krimenen atzean dauden arduradun zuzenak eta zeharkakoak, gaur egun oraindik askok eta askok zigorgabe diraute eta».

EGIA BATZORDEA EUSKAL ELKARGOAN

Alain Iriart Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak euskal gatazka armatuan jazotako sufrimendu guziak aztertzeko gidaritza batzorde bat sortzea proposatu du larunbat goiz honetan egin duten biltzarrean. «Gatazka armatu bat ezagutu dugu, drama indibidual eta kolektibo anitzekoa. Denek elkartu behar dugu bake bide hori elkarrekin eraikitzeko», adierazi du.

 

Ustekabean atera da gatazkaren konponbide prozesuaren gaia, Isabelle Pargade Hazparneko (Lapurdi) auzapezak Txomin Olhagarairen omenezko margolana salatzeko hitza hartu duenean. «Memoriak konparatzea» gaitzetsi du, eta baieztatu IKko militantea orduko Baionako suprefetaren emaztearen kontrako atentatu saiakera batean hil zela —behin baino gehiagotan erran izan dute suprefeturako eraikina zela helburua—. Horrez gain, Laurense Samanos Larresoko (Lapurdi) auzapeza ere hizpide izan du: «Haren senarra polizia zen, eta bi atentatu saiakera izan zituzten haien kontra. Biziki gaizki bizi du momentu hau». 

 

Iriarten hitzetan, Olhagarairen margolanak erakusten du «memoriak eta sufrimenduak» oraindik hor daudela. «Ez diezaiogun sufrimenduari sufrimendu gehiago erantsi. Memoria guzien arteko elkarbizitza behar da, eta denenganako errespetua».

.

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA