Molotov koktelak bota dituzte Baionako suprefeturara

Prefeturak salatu du goizaldean gertatu dela erasoa. Haren hitzetan, ez du «kalte handiegirik» eragin.

Baionako suprefetura, ostegun goiz honetan. GUILLAUME FAUVEAU
Baionako suprefetura, ostegun goiz honetan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2026ko ekainaren 4a
11:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pirinio Atlantikoetako Prefeturak jakinarazi du hiru molotov koktel jaurti dituztela Baionako suprefeturaren egoitzara. Ohar batean azaldu duenez, goizaldean gertatu da erasoa, 04:00ak irian. «Zorionez, sua ez da hedatu, eta ez du kalte handiegirik eragin», adierazi dute. Antza denez, su jaurtigaietako bat teilatuaren gainera erori da, eta besteren bat hesiaren ondoko belar gainera. Belar zati bat belztua ikus daiteke, eta ondoan gasolina itxurako likido baten aztarna. «Estatuak ez dio men eginen intimidazioari. Dena eginen dugu eraso honen egileak identifikatzeko eta justiziaren aitzinera eramateko», iharduki du prefeturak. 

Mariel Garrigos Baionako prokuradoreak jakinarazi du ikerketa abiatu duela eta Polizia Judizialaren esku utzi duela. «Gaur-gaurkoz pista guziak mahai gainean ditugu, eta ez dugu elementurik motibazioari buruz». Besteak beste, suprefeturako eta inguruko segurtasun kameren irudiak aztertuko dituzte, baita telefono komunikazioak ere. Halako ekintza bategatik egileek hamar urte arteko kartzela zigorra arriskatu dezaketela erran du prokuradoreak.

Jean Marie Girier prefetak gogor salatu du erasoa. «Prefeturari erasotzea errepublikari berari eraso egitea da», erran du. «Zerbitzu publikoaren sinbolo den estatuaren eraikin bati eraso egitea larritasun onartezineko ekintza da. Ezerk ez du justifikatzen ordena errepublikanoa eta interes orokorra bermatzen dituzten instituzioak jomugan jartzea». 

Girier prefetak «babesa» adierazi dio Baionako suprefetari eta haren familiari, «zuzenean bizi izan baitute erasoa».  

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA