«Kolorea hobea du, eta zaporea hobea du. Kalitatea agerikoa da, eta badakizu zer jaten ari zaren. Horrek berak hobea egiten du». Sebastien Grave sukaldariak laudoriozko hitzak baizik ez ditu Herriko haragiaren alde. Ipar Euskal Herriko etxalde txikietako behi eta aratxeki haragia sustatzeko kanpainan parte hartuko du Baionan duen jatetxean, eta menu bat proposatu du horren erakusgarri, Herriko haragia ardatz hartuta. «Niretzat arras naturala da zero kilometroko janariarekin lan egitea», adierazi du.
Haren ostatuan aurkeztu dute aurten. Jasta eta goza lelopean antolatu dute astebeteko ekinaldia Benoit Jean Herrikoa markaren animatzaileak eta Alain Lasserre Axuria kooperatibako lehendakariak. Menu bereziak proposatuko dituzte Ipar Euskal Herriko zazpi jatetxetan, baita zenbait jantegi kolektibotan ere. «Herriko haragiaren aste berezi hau parada da herritarrei gure produktua ezagutarazteko», esplikatu du Jeanek. Izan ere, zirkuitu guzietan presente badira ere, ez da leku orotan aurkitzen ahal. «Harategietan, jatetxeetan, supermerkatuetan eta jantegi kolektiboetan gaude, baina ez denetan. Guretzat inportantea da saila ezagutaraztea, eta haragia dastaraziz deskubriaraztea. Publiko zabalagoarengana iristen bagara, horrek profesional gehiagoren ateak irekiko dizkigu».
«Guretzat inportantea da saila ezagutaraztea, eta haragia dastaraziz deskubriaraztea. Publiko zabalagoarengana iristen bagara, horrek profesional gehiagoren ateak irekiko dizkigu»
BENOIT JEAN Herrikoa markaren animatzailea
2013an sortu zuten Herriko haragiaren marka, EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganberak sustaturik. Etxalde txikietako hazleak eta behi haragiaren sailean lanean ari diren enpresak bildu zituzten, kalitatean oinarritutako tokiko ekoizpena garatzeko helburuarekin. «Ohartu ginen hemengo kabalak Euskal Herritik urrun eramanak zirela loditu eta hiltzeko», azaldu du Lasserrek. «Hori izan da ohitura historikoki». Erabaki zuten haragi saila tokian bertan egituratzea, eta kalitatean oinarritutako baldintza bilduma batean oinarritzea, pentzetik platerera behikiak bide zuzena izan zezan Euskal Herrian berean. «Hazlearentzat ere prezio bat bermatzen du, tokian bertan finkatua. Irabazi gehiago dituzte hazkuntza bere osotasunean eramaten badute».
Gaur egun, 350 hazle bilduak dira Herrikoa markaren barnean —orotara, 1.500 inguru dira Ipar Euskal Herri osoan—; eta bostehun behi eta beste hainbeste aratxe ekoizten dituzte urtero. Hiru enpresarekin lan egiten dute: Sohütako Axuria kooperatiba (Zuberoa), Zuraideko Pascal Massonde (Lapurdi) eta Angeluko Arcadie (Lapurdi). «Tokiko saila antolatzeak modua ematen digu ere tokian-tokian tresnak atxikitzeko», gaineratu du Lasserrek. Jatetxeek zati «nobleenak» hartzen dituzte, eta jantegi kolektiboetan bestelako zatiak. «Horrek ahalbidetzen digu animalia oso-osorik erabiltzea, ezer galdu gabe».
«Gutxiago baina hobeki»
Herrikoa ez da label bat, marka bat da; baina label baten heineko irizpideak betetzen dituztela segurtatu dute haren sustatzaileek. «Etxalde tipietako haragia da, genetikoki eraldatutako organismorik gabe hazia, kalitate handikoa», goraipatu du Lasserrek. Ekoizpenen gaineko kontrol handia egiten dutela baieztatu du.
Izan ere, behi hazkuntzara bideratuak diren etxalde batzuk badaude ere, gehienek esnetarako ardiak dituzte nagusiki, eta ondoan zenbait behi. «Biziki kabala guti dira urteka». Horrek agroindustriatik bereizten dituela iritzi dio Lasserrek. «Nahiago dugu gutxiago egin, baina hobeki». Eta, oro har, joera hori bultzatu beharko litzatekeela uste du: haragi gutxiago jatea, baina kalitate hobekoa.

Bost platereko menuan, bi modutara landu du Grave sukaldariak Herriko haragia: Tartariako erara batetik, beterraba izozki batekin; eta entrekota batean bestetik, onddo eta gnocchi gratinatu batzuekin. «Garrantzitsua da produktua errespetatzea, eta gustatzen zaigu bere gordinean prestatzea», erran du. «Badira zati anitz gustuko ditudanak, baina jatetxe batean gaude, eta ondotik saldu behar dugu. Bezeroek zati ederrak gustuko dituzte: entrekota da horietan izarra». Erre ondotik hiru ordu laurdenez uzten du pausatzen Gravek, exalota eta perrexila gainera botata, bere saltsa isuri dezan. Ondoren labean bukatzen du zerbitzatu aitzin.
Baionako sukaldariak aspalditik du tokiko mozkinak erabiltzeko desmartxa, baina azken urteetan gero eta gehiago garatzen ikusi du. «Jendeak gero eta kasu handiagoa egiten dio jaten duenari; maite dute jakitea zer jaten duten». Bezeroek galdetu gabe, menuetan idazten dute jaki bakoitzaren jatorria. Kalitate marka izateaz gain, saltzeko argudio ere bada hurbiltasuna.