Iazko udatik, han eta hemengo plazak bete ditu Ireki ez hesteko Polliki dantza taldearen ikusgarriak. Orotara hamar bat aldiz aurkeztu dute ikusgarria luhusoarrek, gehienetan etxetik hurbil (Makean, Lekornen, Bidarrain, Itsasun, Arrosan...). Ikuskizunak guti gorabehera oren erdi bat irauten du, non eta 30 bat dantzari gazte ikus daitezkeen dantzan, kasik denak Luhusokoak, amaturrak.
Beren segitzeko, sei musikariri konfiantza egin diete, gehienak itsasuarrak. Azpimarratzekoa da 1999tik, Polliki dantza taldea sortu zenetik, behin baino gehiagotan etorri direla herri auzoko Itsasukoak haien laguntzera, eta harreman berezia entretenitu dute urteetan zehar. Ikusgarriko dantza eta musika guziak sorkuntza bereziak dira, musika bat salbu.
«Ikusgarriak Pollikiren historia arinki kontatu nahi du, dantza taldea markatu duten momentuak berriz gogoraraziz. Horretarako, jada egin genituen lanetako erreferentziak eta osagaiak sartu ditugu, baina dantzak ikusgarrirako espresuki sortuak izan dira»
AMAIA MENTABERRI Pollikiko dantzaria
«Ikusgarriak Pollikiren historia arinki kontatu nahi du, dantza taldea markatu duten momentuak berriz gogoraraziz. Horretarako, jada egin genituen lanetako erreferentziak eta osagaiak sartu ditugu, baina dantzak ikusgarrirako espresuki sortuak izan dira», azaldu du Amaia Mentaberri taldeko dantzariak. Lehen urratsak egin zituzten duela 27 urte, herriko lagun batzuek kaskarotak egin nahian biltzen hasi zirenean. Geroztik, tropak abentura berri bati ireki zion bidea: kabalkadarekin segitu zuten 2001ean, eta, ondotik, beste ikusgarriak plazaratu ere. Horien artean, azken urteetan Ipar Euskal Herriko plazetan ezagunak egin diren Sortaz sorta eta Zortzigarren probintzia.
Itzulia etxean bukatzeko
Taldearen omentzeko bada ere, kanpoan erakusteko pentsatua izan da ikusgarria. Inguruko plazetan erakusteko aukera ukan dute, baina, azkenarentzat, Luhuson egitea «keinu eder bat» zaie. Horretarako, taldeak gaualdi osoko egitaraua prestatu du urtarrilaren 24rako. Arratseko zortzietan ezarria dute ordua Luhusoko Harri Xuri gelan. «Azken aldiz emateko, sorpresa ttipiak eta arramoldaketa laburrak prestatu ditugu. Helburua da azken ikusgarri honen markatzea, publikoaren eta dantzarien artean momentu eder baten partekatzeko», segurtatu du Mentaberrik. Ondotik, jateko taloak eta edatekoa izanen dira, eta 21:30ean Utxaranga hasiko da Luhusoko bazterrak alaitzen. Gaualdia bururatzeko, Xaneta gaztetxera joateko aukera izanen da.Â
Mementoko, etorkizunari begira, taldeak beste proiekturik ez duela azaldu du. Kasik urte bat eta erdiko engaiamenduaren ondotik, «pausatzeko» tenorea dute. Hala ere, ez dira osoki geldituko, errepikek segituko baitute aurten ere. Aukera izanen dute teknika lantzeko eta dantza berrien ikasteko, baina ez dute kanpora begirako ikusgarririk buruan, oraingoz. Mentaberrik aipatu du «Euskal Herri osoko pausoak deskubritzeko enbeia» dutela. Oinarriak bederen nahi lituzkete ikasi. Bestalde, Pollikik, dantza eskolaren bitartez, haur ttipiekin transmisio lana segituko du. Asteazken eta ostiral arratsetan 6 urtetik gorako haurrentzako taldeak biltzen segituko dute. Azpimarratzekoa da elkarteak herriko 150 dantzari biltzen dituela.Â