Azken egun, aste eta hilabeteetan denetan entzuten dugu eskuin muturraren ideiak geroz eta hedatuagoak direla. Herriko beste laborari batekin Baionara gindoazela, galdegin zidan: «Eta zuk, Xaxi, argi duzu zer bozkatuko duzun heldu diren hauteskundeetan?».
Eta nik baietz erantzun nion, dudarik gabe, eta gelditu zen eta erran zidan: «Eta Oztibarreko gazteek uste duzu zu bezain argi dutela eta ez dutela eskuin muturrarentzat bozkatuko?».
Eta hor, so egin nien, eta duda piztu zitzaidan. Egun batzuk berantago, beti elkarrizketa horri pentsatzen ari nintzela, pentsatu nuen Instagramen Canon Français begiratzea, eta hor harridura: hamazazpi «lagunek» Instagrameko kontua segitzen zuten, eta publikazioetan bihotz ttipia zapatzen. Eta lagun horietan bistan dena, ene adineko eta herriko gazte batzuk. Zer harridura. Bai eta ez. Orria segitzeak eta like baten emateak batzuetan ez du deus ere erran nahi, baina kasu honetan uste dut baietz. Badakigu Oztibarren edota landa eremuetan jende andana batek eskuineko ideiak dituela, eta eskuin muturra bozkatuko dutela jakin gabe ere gehienetan zer bozkatzen duten, eta zerendako. Eta hau da beharbada grabeena azkenean, horien ezjakintasunak edo desinformazioak gizartea kaltetuko duelako. Erran behar da gaur egun sareetan edo hedabide batzuetan ideia horiek biziki normalizatuak direla, eta gazteek ez dutela baitezpada Tik Tokeko bideo eder bat baino urrunago begiratzen. Beraz mugi gaitezen gure heinean, eta ahal dugun heinean, azaroaren 28an, denak Miarritzera!