Aitor Zabaleta

Su ikara

2026ko urriaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Halaxe irakurri dut, ikasle baten afixan idatzita: «Zaborrontzietako suak zaborra baino ez du beldurtzen».

Azken egunetan iritzi anitz, baina ez anitzak, entzun ditugu istiluetan ikusi den bortizkeriaren karietara. Alta, indarkeria mota bakar bat aipatu da bereziki, bakarra izan ez den arren. Bertolt Brechten Hiltzeko modu asko daude poemak zerrendatzen duen moduan: labankada batek hil zaitzake; janariaren bidez pozoitu zaitzakete; osasun arreta ukatu diezazukete; zuk sortu ez duzun gerra batera eraman zaitzakete; etxebizitza luxu bihur dezakete eta soldatak prekarizatu; edo aurreko guztiak zeure buruaz beste egitera eraman zaitzake. Baina gure estatu liberal burgesetan, lehenengoa soilik dago debekatuta.

«Gobernu mota oro helburu horiek zapuzten hasten denean [herritarren askatasun eta eskubideen babesa], herriak gobernu hori aldatzeko edo abolitzeko eskubidea du, eta gobernu berri bat ezartzekoa». Ezker muturreko adierazpen bat dirudien arren, liberalek hain maite duten AEBetako Independentzia Adierazpeneko pasarte bat da. Eta horretan oinarritzen da, neurri batean, herritarrek armak izateko duten eskubidea bermatzen duen konstituzioaren bigarren zuzenketa.

Esan gabe doa ez nagoela bortizkeria zentzugabearen alde, are gutxiago arpilatzeen alde. Baina ongi antolatutako borroka da, zoritxarrez, usu geure burua babesteko dugun bide bakarra. Burgesiak ez du oraindik ahaztu nola eskuratu zuen boterea aristokraziaren eskutik —edo lepotik, zehatzago esanda—. Gillotina izan zen jauregiko giltza, eta badakite handik kanporatzearen prezioa zein izan daitekeen. Horixe gogorarazten die zaborrontzietako suak: noizbait beraiek egindakoa paira dezaketela. Fite, espero dut.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA