Ur eskasia, laborantza herrikoiaren desafioa

Uraren gaiari helduko diote aurtengo Lurraman. Laborariendako erronka handia da, bereziki idorte garaietan. Bakoitzaren egokitzapenetatik haratago, kolektiboki pentsatzeko beharra azpimarratu dute adituek.

Marieneko lurren defentsarako borroka eguna iaz, Kanbon. GUILLAUME FAUVEAU
Marieneko lurren defentsarako borroka eguna iaz, Kanbon. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2026ko urriaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hazkuntzarako eta baratzezaintzarako beharrezkoa da ura. Alta, laborarien kezka nagusietarik bat bilakatu da, are gehiago uda honetako idorteen ondotik. Klima aldaketak bereziki eragiten dio uraren zikloari: bizkorragoa da, eta beraz, lurrean pasatzen duen denbora, laburragoa. Neguan, aldiz, prezipitazio handiak izan daitezke, eta neguko gehiegizkoaren eta udako eskasiaren arteko oreka bermatzea da laborariendako erronka. Egoera horrek laborariak aterabide batzuk plantan ezartzera akuilatu ditu, baina argi dute: aldaketak kolektiboa eta politikoa izan behar du, bakoitzak egoerari aitzin egiteko hartzen dituen erabakietatik at.   

Laborarien artean «pil-pilean» den gaia da ura, Delia Delanne Lurramako koordinatzailearen arabera. Preseski, aurten, gai horren inguruan eginen dute laborantza herrikoiaren azoka; azaroaren 6tik 8ra, Miarritzeko Irati gelan. Gaia hautatzean, ez zuten irudikatzen nolako uda izanen zen. «Idorteak ikusirik, zentzu are gehiago hartu du. Laborantza herrikoiak badu zer erakutsi, laborantza intentsiboari konparatuz arrunt desberdina baita uraren kudeaketa. Agroindustrian uraren kudeaketa nolanahikoa da», erran du Delannek. 

Uraren arazoari buru egiteko, Julie Trottier ikerlariak —Lurraman hitzaldi bat emanen du— uste du funtsezkoa dela ura agortu daitekeen erreserba gisa tratatu ordez fluxu jario bat dela ulertzea. Hortaz, klima aldaketaren ondoriozko uraren zikloaren bizkortzeari aitzin egiteko, eta, batez ere, horretara egokitzeko, ura lurpean ahal bezainbat infiltratzen lagundu behar dela erran du. «Ondoren, lurpean egiten duen bidea emekitu behar dugu, uraren erabilera ahalik eta handiena egin dadin lurpean». Kontuan hartu behar da uraren erabiltzaileak gizakiak izan daitezkeela, baina ura gehien erabiltzen dutenak beste bizidun batzuk direla: zizareak, lurpeko bakterioak... «Munduko biodibertsitatearen %52 lurpean bizi da», oroitarazi du.

Uraren erabilera eta uraren kontsumoa bereizi behar direla argitu du, bestalde. Ura erabiltzen denean, bere zikloaren lurreko partean egiten duen bidea segitzen du: adibidez, eskuak garbitzean, xurrutan erabilitako urak bere bidea segitzen du hodietatik, tratatua izan ondotik lurrera berriz arribatu arte. Kontsumitzen denean, haatik, ura ez da berriz lurrera itzultzen. «Horregatik, izugarri garrantzitsua da segurtatzea uraren ahal bezainbat erabilera egiten direla, ura kontsumitzen duen jarduera baterako baliatu aitzin», esplikatu du.

Bestela erranik, klima aldaketara egokitzeko, uraren erabilera ez-kontsumitzaileak sustatu behar dira: ura lurrazalera arribatzen denetik bere zikloaren lurreko zatia uzten duen arteko tartean bereziki. 

Egiteko manerak aldatu

Laborariendako agerikoa da klima aldaketaren ondorioz uraren zikloa bizkortu dela, eta prezipitazioen urteko banaketa desorekatua dela: udako larre idorrak eta neguko uholdeak ikustea aski da. Horren aitzinean, aterabide batzuk pentsatzera behartuak dira, beren ekoizpena ahal bezala segurtatzeko. Lekorneko Garroa baratzezaintzako etxalde kooperatiban, erraterako, ur putzu bat ezarri dute plantan: iragan udan estreinatu zuten. Garroko putzuak euri urak biltzen ditu, etxaldeko teilatu hodietatik eta malda behera den arroilatik. Putzua betea delarik, soberakina errekara isurtzen da. Ondoren, hodi sistema bat dute berotegiei lotua, baratzeak ureztatzeko. 

Gisa bereko aterabide batzuk pentsatzera behartua izan dira Xabi eta Johan Harluxet Ahatsako hazleak. 25 behi esnedun dituzte, laborantza biologikoan, eta gasna egiten dute. «Gure behiek ura behar dute, eta belarra egiteko eta dugun arto apurra egiteko ere ura behar dugu. Orain ikusten dugu idorte tarte luzeak badirela, eta, gero, euri gotorrak. Gogoetatzera akuilatu gaitu horrek. Gure etxaldean ez denez iturririk, herriko ura baliatzen genuen. Eskasiaren beldur, ura errekuperatzeko sistema bat plantan ezartzea pentsatu dugu», esplikatu du Xabi Harluxetek. 

Teilatura isurtzen den euri ura errekuperatzeko sistema bat ezarri zuten iazko azaroan, duela abantzu urte bat. «Erronka nagusia iragazketarena zen, behiek ur hori edan ahal izateko beharrezkoa baita iragazia izatea». Barrokiko teilatuak mila metro koadro ditu, eta errekuperazio sistemari esker, 10.000 pintako hiru dupatara bideratzen da ura. Gero, bi bide egiten ditu: alde batetik, jezteko gela garbitzeko erabiltzen dute ura, iragazi gabe; bestetik, iragazkietara doa behiendako edangarri ateratzen den ura. Sistema berriari esker, iazko neguan hamabost egunez bakarrik behar izan zuten herriko ura baliatu. Zehaztekoa da Euskal Herriko Laborantza Ganbararen laguntza ukan zutela sistema diruztatzeko laguntzak galdetzeko. 

Udari begira, haatik, idortearen ondorioz, funtzionamenduan aldaketa handi bat egitea deliberatu zuten, ur eskasiaren eraginez. Badira orain bi urte kabalak mendira igortzen dituztela udan. «Aro aldaketak sistema aldatzera behartzen gaitu», laburbildu du Harluxetek. «Berotearen gorenean, erran nahi baita ekainaren 1etik agorrilaren 15era, bortura igortzen ditugu behiak, eta arte horretan etxaldean ez dugu urik baliatzen», esplikatu du. Momentuz ez da agortzen igortzen dituzten bortuko erreka. «Baina hala gertatzen bada, zer egin gogoetatu beharko dugu», iradoki du. 

EHLG-ren sos bilketa, Abian

Euskal Herriko Laborantza Ganberak sosa biltzeko kanpaina abiatua du, urtero bezala. Uraren inguruko gogoetak egiteko baliatu nahi dute etekina, laborariak ur eskasiari aurre egiten laguntzeko. Kanpaina berezi bat ezarri dute martxan, eta azaroaren 22ra arte iraunen du. 

Laborantza praktiken arabera, lurzoruek euri ura atxiki dezakete, iragaz dezakete eta kutsatzaileak desegin ditzakete… edo ez. Laborantza praktiken arabera, karbonoa ere atxiki dezakete eta, horrela, nahasmendu klimatikoa mugatu, edo ez. 

EHLGk laborariak laguntzen ditu praktika agronomiko onak plantan emateko, «zeren eta lurraren kudeaketa etxaldeetako ekoizpen sistemen elementu nagusia izan behar baita», erran dute. Emaitza banku isurketaz, euskoz, edo txekez egin daiteke. 

Harluxetek, dena den, argi du bakoitzak egiten dituen egokitzapenez haratago orokorkiago kudeatu behar dela ura, eta borondate politikoari lotua zaiola hori. «Laborantza intentsiboa hain urrun joana da, ezen zaila baitzaio gibelera egitea. Gero eta gehiago ekoitzi behar dute esportaziorako, eta gero eta ur gehiago behar dute. Zer zentzu du?», salatu du. Eskualde batzuetan egin diren ur putzu erraldoiak kritikatu ditu, halaber. «Gure filosofia horren kontrakoa da. Lekuan-lekuan egokitu behar gatzaizkio klimari», segurtatu du. Haren arabera, uraren zikloa orokorkiago ulertu behar da: «Hemen euria bada oraino oihan guneak baditugulako, eta horrek lurruntzea ahalbidetzen baitu, lainoak osatzeko eta prezipitazioak ukaiteko. Beste leku batzuetan, oihanak arrunt kendu dituzte arto eta ogi zelaiak egiteko, lur horiek sekulako ura xurgatzen dute, eta oihanik ez da zikloa laguntzeko». 

Kolektiboki pentsatu

Trottierek salatu du Laborantzaren Larrialdi Legeak ez duela batere laborantza herrikoia kontuan hartzen; alderantziz, laborantza intentsiborako pentsatua da. Bigarren Mundu Gerratik landa, errendimenduan oinarritua den laborantza sistema bat plantan ezarri zen Marhsall planaren laguntzarekin, arto hibridoan zentratuz, AEBekin lehiatzeko gisan. Arto haziak eta ura urririk banatzen zitzaizkien orduko laborariei, laborantza berrabiarazteko xedez. Gerora, NPB Nekazaritza Politika Bateratuko diru sariak ezarri ziren plantan Europan: zenbat eta lur gehiago, orduan eta sari handiagoa. «Laborantza sistema hori errentagarria egiteko sistema bat eraiki dute», aztertu du Trottierek. Laborantzaren Larrialdi Legean jaso nahi dutenez, gainera, ekoizle handiek uraren banaketari begira lehentasun osoa ukanen lukete. «Laborantza eredu jakin bat errentagarri bihurtzen duen sistema eraiki dute, eta orain, gainera, eredu hori mantentzeko, uraren banaketan lehenetsi nahi dituzte». 

Trottierek, haatik, beste eredu bat sortzea posible dela uste du, baina trantsizio horrek laborarien laguntza ekonomikoa eta teknikoa aurreikusi behar dituela. Anartean, laborantza herrikoian eta biologikoan ari diren laborariek egiten dituzten egokitzapenak «kolektiboki» pentsatu behar direla uste du. «Ttipiak izanik ere, ur putzuen arazoa zera da: anitzetan, norbanako baten egoeraren aterabidea baino ez dela. Bistan da, ez diot leporatuko iraun nahi duen laborari ttipi bati horren egitea; erabat ulergarria da. Baina ura putzu batean atxikia denean, ez da lurrean egin lezakeen erabilera ibilbidea egiten ari». 

Bestelako aterabide batzuk badirela erran du, hala nola Keyline desing deiturikoa: lur eremuaren topografiaren bidez, grabitatea kontuan hartuz, euri uren lurpeko erabilera optimizatzeko balio du. «Noski, hori laborantza biologikoa eta herrikoiari txertatuz egin behar da, eta eredu horietan beharrezkoa den eskulana bermatuz. Horrek, gainera, arazo ekonomiko bati ere erantzuten dio, lana sortzen baitu laborantza eredu horretan eskulan aise gehiago behar baita. Horregatik diot erronka horiek kolektiboki pentsatzea dela desafioa». 

LURRAMA

  • Ostirala


    Hitzaldiak: 
    15:00: ‘Ura eta osagarria: eritu aitzin lantzekoa’ (Jean François Lagraula, Patrick Bonilla, Eneko Aldana, Sophie Chapelle. 
    17:00: ‘Ura, zer gatazka?’ (Julie Trottier).
    Kontzertuak: Kuxkuxtu, Frikun, Ezpalak. 

  • Larunbata
    Hitzaldiak: 
    11:00: ‘Ura eta elikadura, bizia dira’ (Gilles Boeuf).
    15:00: ‘Laborarien praktikak’ (Argitxu Iturria, Regis Gonnet, Xabi Harluxet, Herve Dameztoi). 
    17:00: ‘Elikagaietako uraz’ (François Joncour, Pettan Prebende, Belen Lausejo, Regis Gonnet). 
    Kontzertuak: 
    U txaranga, ITK, GrĂ¼ve, Angeluko kabalkada, Kalume, Kospeistar orkestra, Kontrabanda.

  • Igandea

    Kontzertuak: 

    Kanboko Ziganteak / Gaiteroak, Uztaritzeko Txaranga, Kamila Zubeldia et Aguxtin Alkhat, KM zero (Mungiako udal dantza eskola), SonĂœ Baratxuri (Berritza), Leinua txaranga. 

     

  • Hiru egunez

    Haurren txokoa, etxeko ekoizleen merkatua, Landara gunea, etxaldetako kabalak. 

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA