Pantxix Bidart

Vasconia, muga guzien gainetik

2025eko uztailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Mugaz gaindikoa anitz aipatzen den garai hauetan, Federiko Krutwig jin zait gogora. Beti borroka armatuaren ideologo gisa aipatzen entzuna nuen. Berriki baizik ez nintzen sartu haren Vasconia obran. Proposamen politiko sakona, jendartearen sail askotatik aztertua: ekonomia, kultura, lurraldetasuna, Et’abar... (hori Ainesentzat!). Formakuntza politiko eskasez, ez naiz hemen sakontzen arituko (ikus Nabarralderen liburua eta Gure Berriak webgunea).

Harrigarria Krutwigen Vasconia! Vasconia gure Euskal Herri —eta are gehiago batzuen Euskadi— baino zabalagoa ikusten zuela erakustera ematen du, mapa lagun. Euskadi osatzen duten hiru probintziei eta Nafarroari Iparraldeko hiru probintziak lotzen dizkie, noski, baina, are gehiago, Akitania osoa sartzen du Vasconian (garaiko Akitania, bistan da, ez gaur egungo zentzurik gabeko berri hori). Eremu hori guzia herri bakartzat nahi zuen. 

Duela gutti elkarte batekin egin dugun mugaz gaindiko diru eskaeraz pentsatzera eraman nau honek. Dirua eskuratzeko hiru kolaboratzaile behar dituzu, bat administrazio bakoitzetik. Administrazio bakoitzaren errealitateari egokitu behar zatzaizkio. Txostena egitean bertan, argi duzu hiru administrazio desberdinetan zirela. Halere, hiru administrazio horien arteko elkarlan nahia edo beharra dagoela frogatzen du laguntza horien egoteak. Eremu horietako jendeak proiektu komunak ditu.

Krutwigek duela hirurogei urte proposatutakoa ez zen hain zentzugabea. Tamalez, Euskal Herri bakarra izateko ordez, hiru lurralde administratibo baizik ez dira, bi Espainiaren menpe eta bestea frantsesen esku.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.