«Zuek ezpazerate kontentu/ errua ez daukat, ez, nik/ txistuak jo dituzute, bainan/ maite zaituztet oraindik!». Fernando Aire Etxart Xalbador bertsolariaren izena aditu orduko 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko bertso horiek edonork oroit ditzake. Ezkexa markak tixerta bat ere diseinatu zuen Xalbadorrek txistuak ukan ondoko bertsoarekin, eta, denborarekin, haren iruditeria bertso horien inguruan eraiki da, bertzeak bertze.
Ikusi gehiago
Txistuak jaso zituela ez ezik, bere omenaldi egunean hil zela erranen luke batek baino gehiagok, 1976ko azaroaren 7an, Urepelen (Baxenabarre). Gerora ezagun egin zen Odolaren mintzoa liburua goiz hartan presentatu zuen hainbat bertsolarirekin batean. Bertzeak bertze, han bildu ziren Mattin Treku, Manuel Sein Xanpun, Txomin Ezponda, Joxe Miel Iztueta Lazkao Txiki, Jon Lopategi, Jon Azpillaga, Imanol Lazkano, Sebastian Lizaso eta Joxe Agirre. Urepeleko bertsolariaren heriotzaren 50. urteurrenaz baliaturik, Ipar Euskal Herriko Hitza-k eta BERRIAk Eneko Bidegain, Xole Aire, Xabier Amuriza eta Jean Louis Hariñordoki Laka galdekatu ditu bertsolariaren argazki ahalik eta osoena marrazteko xedez.
Hain zuzen ere, Xalbadorrez «irudi partzial bat» bakarrik zabaldu izana kritikatu dute haren biloba Bidegainek eta Airek. Aldi frankotan 1967ko txapelketan ukan zituen txistuetan eta heriotza egunean mugatzen da haren izatea. Bidegain: «Xalbadorrez gelditu zaigu 1967ko txapelketan txistu jo ziotela eta bere omenaldi egunean hil zela. Eta bertzalde, apez mundutik hurbil direnek haren giristinotasuna azpimarratzen dute».

Alta, ez da Airek eta Bidegainek etxean aitatxiz ukan duten irudia. Airek 3 urte eta Bidegainek urtebete zuten aitatxi hil zitzaielarik, eta, haren «ondarea» marrazteko, funtsezkotzat jo dute «amatxi Leoni» —Leoni Etxebarren, Xalbadorren bikotekidea—. Aire: «Nik aitatxi ez dut ezagutu, eta amatxi izan da aitatxi biziarazi digun pertsona. Hori biziki garrantzitsua zait, amatxi ezinbertzekoa izan delako transmisioan».
Bien erranetan, aitatxiren «fedea eta giristinotasuna» ez zaie «batere» transmititua izan. Jainkoa eta ni bertsoez aparte, egunerokoan Xalbador ez zen «hain» fededuna, Bidegainen arabera. Aire ere bat dator horrekin, eta aitatxiren ondareaz «bertze gauza franko» atxiki ditu. Herriari eta hizkuntzari zion atxikimendu «ikaragarria» eta horrek ekarri zion «kontzientzia politikoa» nabarmendu dute. Bidegain: «Garai hartan ez zuen hitz horiekin kontzeptualizatu, baina biziki ohartua zen frantsesaren eta euskararen arteko zapalkuntza egoeraz, adibidez».
«Xalbadorrez gelditu zaigu 1967ko txapelketan txistu jo ziotela eta bere omenaldi egunean hil zela»
ENEKO BIDEGAIN Xalbadorren biloba
Are gehiago, Airek gaineratu du Euskal Herriaren nazio izaeraz ohartua zela Xalbador, eta hori transmititu zuela plazaz plaza. «Arrunt goizik» izan zuen Euskal Herriaren kontzientzia, haren arabera; alde horretatik, Euskal Herriari «anitz» ekarri dio Baxenabarretik jinez, baina Euskal Herriaz ere «eman bezainbertze errezibitu» duela azpimarratu du, eta ttipitako oroitzapen jakin batzuekin lotu du hori. «Xalbadorrenera Hegoaldetik jiten zen jendea kasik aste hondar guziz. Aita Zabala eta Joxe Mari Aranalde jiten ziren usuen, eta anitzetan ohitura jakin batzuk ekartzen zizkiguten: jateko arraina, pastelak, sagardoa. Puruak ere erretzen zituzten, eta Olentzeroren tradizioa sartu zuten etxera».
«Nik aitatxi ez dut ezagutu, eta amatxi izan da aitatxi biziarazi digun pertsona. Hori biziki garrantzitsua zait, amatxi ezinbertzekoa izan delako transmisioan»
XOLE AIRE Xalbadorren biloba
Xalbadorreneari «fidel» egon direnen artean, Zeruko Argia-ko zuzendari Mikel Atxaga ere «usu» hor zela erran du. «Jende horrek guziak etxaldean laguntzen zuen belar ziriak egiten, behiak jezten eta abar. Konprenitua zuten aitatxirekin harremana izateko egunerokoan harekin lanean aritu behar zela, eta ondotik ere gurekin harremana atxiki dute hil artio».
Ez zen «zerutik» erori
Xalbador goizik erretiratu zen eskolatik. Bidegainen ustez, frantsesaren inposaketa ezin jasanez joan zen eskolatik, eta berehalaxe laborari lanetan hasi. «Aitatxi laboraria zen; Mixel —Xalbadorren semea— zen artzaina», azpimarratu du Airek: «Urepeleko artzaina» izendapen «mitifikatua» dela kontatu du.
Etxean zituen baldintza eta ondarea ukanik hasi zen bertsotan plazaz plaza. «Anitzek» uste dutenaz bestera, ez zen «deusetik» hasi, Airek erran duenez. Xalbadorren amatxi Maria ditxolaria zen, «sekulako afizioa eta talentua» zuen kanturako, eta hark transmititu zion hitzekin jolasteko grina. «Badirudi onddo bat bezala erori zela zerutik, baina ez da hala; bazuen ingurumen bat zeinetan usaia bazen hitzekin jostatzeko».

Bertzalde, hiztegi «aberatsa» kontrabandoari esker ukan harremanen bidez ere garatu zuela uste du. Manera horretan, hainbat ibarretako jendea elkarrekin gurutzatzen zen, eta inguruko herrietako hiztegia «nahi gabean-edo» barneratu zuela dio Airek. Eta oroz gainetik, «izugarri» maite zuen leitzea eta irratia aditzea, eta hizkuntzaren aberastasuna bide horretatik ere landu zuela nabarmendu du. Errate baterako, Zeruko Argia-ri harpidetua zen, eta garai hartan «gutik» zuten irakurzaletasuna trebatu zuen horri esker.
Bertze «premiazko» baldintza bat aipatu dute Airek eta Bidegainek. «Amatxi eta haurrak ez balitu etxean ukan eguneroko lanak egiteko, ezinen zuen Euskal Herrian barna ibili». Batzuetan «hamar egunez» joaten zela kontatu du Airek, eta Etxebarrenek denbora berean «itzaleko rola» bete zuela azpimarratu du Bidegainek. «Aitatxik Citroen Bi Zaldiko bat zuen; herrian lehenetarik bat zen autoa ukaiten». «Autoak askatasuna dakar, eta amatxik du etxea xutik atxiki eta lau haurrak hazi. Gainera, aitatxiren bertsoak bildu eta horiek idatziz ezarri zituen», gehitu du Airek.

Agerian eman duenez, Etxebarrenek ere bazuen kanturako eta bertsotarako afizio «handia». Aireren hitzetan, Xendarinea etxean sortu zen hura, eta, ez balu afizio hori ukan, Xalbadorri ez zion etxetik hainbertze joateko baimenik emanen. Gainera, jendeak errezibitzeko «biziki ona» zen. «Aitatxi hotza eta murritza zela aditu izan dugu, baina amatxik biziki ontsa zekien jendea errezibitzen. Horregatik jiten ziren hainbertze!».
«Erabateko» bertsolaria
Xabier Amurizak Usurbilen (Gipuzkoa) gai emaile zela ezagutu zuen Xalbador. «Kontalari ona» zela oroitu du, baina, horrez gain, «erabateko» bertsolaritzat dauka. «Badaude bertsolari onak, oso onak, baina Xalbador jeniala zen».
Bertsolariaren «errateko manerak» eta ideiei forma emateko era nabarmendu ditu Amurizak. Hiztegi «oso aberatsa» zuela erran du, eta Hego Euskal Herrian bertsotan aritzen zelarik egokitzen ikasi zuela. «Eskolatu gabeko bertsolarien artean, hots, bertsolaritza klasikoan, edonor ez zen gai Xalbadorrek egiten zuena egiteko». Segidan adibidetzat hartu du 1967ko txapelketako oheari eman bertso sorta. «Ohe gaixoa, zu maitagarri/ zutaz ez nitaike isil/ zutaz behartu gabe egun bat/ munduan ez daike ibil/ denak horrarat datoz azkenian/ izanikan ere abil/ zutan sortu ta zutan haziak/ zutan behar degu guk hil». «Ikaragarritzat» jo ditu bertsoak Amurizak, esapideei ertz berriak atzematen kausitu zuelako.
«Eskolatu gabeko bertsolarien artean, hots, bertsolaritza klasikoan, edonor ez zen gai Xalbadorrek egiten zuena egiteko»
XABIER AMURIZA Bertsolaria
Hain justu, 1967ko txapelketako bertsoak aipagai izan ditu, eta oheari bota zizkionak ez ezik, txistuak jaso eta Uztapiderekin josi zituen hamabortz bertsoak «zoragarriak» izan zirela kontatu du. «Publikoak txistu jo zuen Lazkao Txiki bezalako bat espero zutelako Uztapiderekin aritzeko buruz burukoan, eta ez Xalbador. Nire ustez, txistuen ondotik Xalbador ahuldu ordez indartu egin zen, eta ondotik bota zituen bertsoak erabatekoak eta jenialak ziren».
Momentu markagarri hartaz gogoeta egin zuen ondoko hilabeteetan, eta 1967ko abenduan Hernanin (Gipuzkoa) kantatu zuen saio batean gaia berriz atera zuen Xalbadorrek, eta bertso horien grabaketa Izura Kultur Elkartearen bidez jaso dute Ipar Euskal Herriko Hitza-k eta BERRIAk. «Oraino ere ni oroitzen naiz/ han entzun nituen hotsez/ kondenatuen gisan nindagon/ ikaran nindagon lotsez [...] Donostiako afrontu hori/ goxatu dute Hernanin».
Eredua
Ez dute txistuek bakarrik bihurtu Xalbador erreferentziazkoa. Jean Louis Hariñordoki Laka-k kontatu duenez, Odolaren mintzoa bertsolaritzan murgiltzeko erreferentziarik «baliosena» izan zaio. Nahiz eta «atzo balitz bezala» oroitzen duen Xalbador hil zen eguna, bertso eskola «franko» egiten zituzten Fermin Mihura eta Jean Leon Alfarorekin Xalbadorren liburu testamentala oinarri harturik.
Gidaliburutzat dauka 1976ko obra, eta handik ikasi zuten bertsotan irudiak eraikitzen eta hiztegia aberasten. «Teknikaren aldetik ez genekien deus; Mendibururekin ehun bat jende bildu ginen Baigorrin, eta Xalbadorren liburua oinarri harturik egin zigun neurtitzari buruzko saio bat». «Erdarakadarik ez genuen sartu nahi garai hartan, eta bertsotan ari ginen guhauren burua anitz aldiz zigortuz frantsesezko hitzik ez sartzeko», gehitu du Lakak.
«Teknikaren aldetik ez genekien deus; Mendibururekin ehun bat jende bildu ginen Baigorrin, eta Xalbadorren liburua oinarri harturik egin zigun neurtitzari buruzko saio bat»
JEAN LOUIS HARIÑORDOKI 'LAKA' Bertsolaria
Gainera, etxeko euskaran ez zekizkien «hitz aberats anitz» ikasi zituela azpimarratu du, eta Xalbadorren hiztegi «ezin aberatsagoaren» jatorria bertze nonbait kokatu. «Emile Larre hizkuntzalari zenak erran zidan urepeldarrek biziki euskara aberatsa zutela, eta Xalbador horien arteko lore bat zela».
IPARRALDEKO ORKESTRAREN BI EMANALDI
Iparraldeko Orkestrak Xalbador omentzeko bi emanaldi eginen ditu azaroaren 27an eta 28an. Lehen kontzertua Baionako Moderne trinketean eginen dute, eta bigarrena, berriz, Urepeleko elizan. Biak 20:00etan hasiko dira, eta sarrerak Iparraldeko Orkestraren webgunean eskuratu daitezke. Moderne trinketean astebeteko egonaldi artistikoa egin ondoan emanen dituzte ikusgarriak.
Bertsolaritza, musika eta dantza uztartuko dituzte bertan, eta horretarako artista franko iganen dira taula gainera. Alde batetik, Amets Arzallus, Joanes Illarregi eta Elixabet Etxandi ariko dira bertsotan. Bertze aldetik, kantuan, Aire Ahizpak, Ekhi Lambert, Maialen Errotabehere, Pier Pol Berzaitz eta Mixel Etxekopar ariko dira. Horiekin batera, Iparraldeko Orkestrako musikariek eta Kontserbatorioko dantzariek ere parte hartuko dute, eta Paxkalin Xabañok eta Paxkal Indok txalaparta joko dute. Ekain Cachenaut txistularia ere bertan izanen da.
Philippe de Ezkurra musikariak hartu du ardura bi emanaldien antolatzeko, eta azpimarratu duenez Urepeleko bertsolariaren poesiak gaurkotasun «handia» du, eta utzi duen «ondarea» karrikaratzea «funtsezkoa» iruditu zaio
.